Limogeseko eta Haute-Vienneko Merkataritza eta Industria Ganberak eta Coopération Agricole Nouvelle-Aquitaine erakundeak eskualdeko mintegi bat eta foro transnazional bat antolatu zituzten Bordelen, 2022ko ekainaren 21etik 23ra

Limogeseko eta Haute-Vienneko Merkataritza eta Industria Ganberaren eta Coopération Agricole Nouvelle-Aquitaine-ren arteko partaidetzako ekintzaren barruan kokatzen dira eskualdeko mintegia eta foro transnazionala, Interreg Sudoe AGROSMARTglobal Europako proiektuaren esparruan. Espainiako, Frantziako eta Portugalgo nekazaritzako elikagaien enpresak eta kooperatibak nazioarteratzea da proiektuaren helburua, hain zuzen ere Txinako eta AEBko merkatuetara, estrategia digitalen bidez. Horrez gain, ordezkaritzen arteko trukeak sustatzea zen ekitaldion beste helburu bat. Foro transnazionalak hiru egun iraun zuen.

Ekainaren 21ean, asteartea, eskualdea ezagutzea izan zen xedea, Saint-Émilion herriaren bihotzean murgilduz, eta Saint-Émiliongo Ekoizleen Batasuna bisitatzea. AGROSMARTglobal proiektuan parte hartzen du kooperatiba horrek.

1930eko hamarkadan sortu zenetik, Saint-Émiliongo Ekoizleen Batasunak (UDPSEk) eboluzionatu egin du. Hasieran, sei mahastizain ziren, eta, gaur egun, 164 dira. Upategi horren helburua hainbat jabetza elkartzea izan zen, ardoa egiteko eta ontziratu gabe merkaturatzeko.

Egun, UDPSEk hau hartzen du barne:

  • 50 hektareako mahastiak, Saint-Émilion eta Saint-Émilion Grand Cru jatorri-deiturarekin.
  • 38.000 hektolitro urtean.
  • Delta Vistalys sailkapen optikoa, mahatsik onenak aukeratzeko (tamaina, forma eta kolorea).
  • 8 prentsa hidrauliko bertikal.
  • Zahartze-upeltegi bat, haritzezko 5.000 upel dituena.
  • Botilatzeko instalazio bat (8.000 botila orduko).
  • 4.600.000 botilako ekoizpena urtean.
  • 7.000.000 botila, areto batean gordeta.

Ekainaren 22an, asteazkena, parte-hartzaileak Bordeleko Eskualde Gobernuaren osoko bilkuren aretoan bildu ziren, goiz bat ikasten emateko, gaztelaniako eta portugeseko interpreteen laguntzarekin.

Goizaren lehen zatian, AMVOS Worldwide Digital agentziako —AGROSMARTglobal proiektuko Espainiako bazkidea— Fernando APARICIOk AGROSMARTglobal proiektuaren hiru urteko lanaren emaitzak aurkeztu zituen. Mundu osoa astindu duen pandemiak eragin handia izan badu ere, hauek izan dira emaitzak:

  • Nazioarteko merkataritzari eta teknologia digitala nazioarteko merkatu berrietara iristeko erabiltzeari buruzko txosten bat egitea: entregagai bat denen eskura.
  • Estrategia zehaztea, profesionalengana iristeko, transakzionalak ez diren lau marketplaceren bidez (bi Txinan eta bi Estatu Batuetan). Hona hemen marketplace horiek: Alibaba eta Range Me, Estatu Batuetan, eta Import Food eta Putaojiuwang (ardoa bakarrik), Txinan.
  • Merkatu horietan kontuak irekitzea.
  • Kooperatibei eta enpresei ikuspegia eta merkatuak ezagutaraztea.
  • Hiru herrialdeetako —Espainia, Frantzia eta Portugal— nekazaritzako elikagaien 70 kooperatiba eta enpresa baino gehiago biltzea, merkatu horien baldintzak (ziurtatutako produktuei lehentasuna ematea, marka egiaztatzea eta abar) betetzen dituztenak eta 300 produktu baino gehiago merkaturatzen dituztenak.
  • Merkatu horietan 700 eskaera interesgarri baino gehiago egin ziren. Haietatik % 60 Alibabaren merkatuan egin zen.

Fernando APARICIOk gogorarazi zuen nekazaritzako elikagaien kooperatibek eta enpresek aholkularitza-zerbitzua izan dezaketela, euren produktuak marketplaceen bidez merkaturatzeko zer aukera dituzten aztertzeko.

2022an, herrialde elkartu bakoitzean, prestakuntzarako web-mintegiak ere antolatu dira. Estraneteko gune batean egongo dira eskura. 

Merkatuei buruzko lan horrez gain, azterlan bat ere egiten ari da, babestutako jatorri-deiturak eta adierazpen geografikoak dituzten nekazaritzako elikagaiak Interneten nola babestu daitezkeen zehazteko.

Goizaren bigarren zatian, Frantziako Foodgates® enpresako Sami CHREKY eta Jonathan HORYN izan ziren. Foodgates® aurkeztu zuten, Frantziaren eta Txinaren arteko elikadura-produktuetarako lehen B2B plataforma. Foodgatesek produktuaren bidaia —ekoizletik Txinako bezeroaren mahairaino— osorik ziurtatzen du, blockchain teknologiaren bidez.

2019ko azaroan, Foodgates plataforman eskura dagoen blockchainen berrikuntzari esker, Emmanuel Macron Frantziako lehendakariak French Label Rouge behi-haragia dastatu zuen Xi Jinping Txinako lehendakariarekin, CIIEn (China International Import Exhibition), Shangain.

Kalitate handiko behi-haragi hori Frantziako Limousin eskualdeko ekoizle batena zen. Haragiaren trazabilitatea eta kalitatea Foodgates plataformako blockchain ekosistema berritzailearen bidez egiaztatu ziren, balio-katean zehar informazio fidagarria eta aldaezina lortzeko.

Foodgates plataformak Frantziako kooperatibei eta ekoizleei aukera ematen die Txinako merkatura erraz, eraginkortasunez eta segurtasunez esportatzeko, blockchain ekosistema erabiliz. Foodgatesek Txinara esportatzeko «leihatila bakarreko» zerbitzu esklusiboak eskaintzen dizkie hautatutako ekoizle frantsesei (erregulazio-, logistika-, finantza- eta marketin-zerbitzuak, eta, jakina, blockchain-arlokoak). Txinako erosle profesionalek jatorri-bermea duten benetako produktu frantses horiek zuzenean eska ditzakete Foodgates plataforman.

Denboraren poderioz, Europa osoko produktuak (Espainiakoak eta Portugalgoak, besteak beste) plataformara ekartzea espero du Foodgatesek.

Parte-hartzaileek, euren telefono mugikorrak erabiliz, bloke-katea zuzenean egiaztatu ahal izan zuten, QR kode baten bidez.

Denek balioetsi zuten soluzio teknologiko berri hori, AGROSMARTglobal esperimentuaren bidez hartutako ikuspegiaren jarraipena izan daitekeena.

2022ko ekainaren 23an, osteguna, foroaren azken egunean, bisita egin zen Cité du Vin museora eta Bordeaux Fête le Vin ekitaldiaren aurkezpenera. Harremanak eta trukeak ahalbidetu zituzten uneak izan ziren.

Eskualdeko mintegia 2022ko ekainaren 22ko arratsaldean egin zen, asteazkena, Bordeleko Eskualde Gobernuan. Goiburua Ingurumenaren arloko Gizarte Erantzukizuna  (EGE) izan zen, AGROSMARTglobal proiektuaren gaia, hain zuzen. RESONANCE goiburupean —EGEaren esparruan lan egiten duten eragile guztiak biltzen ditu, hala nola Coopération Agricole Nouvelle-Aquitaine eta Akitania Berriko Merkataritza eta Industria Ganberak—, bi mahai-inguru egin ziren:

  • 1. mahai-ingurua: «RESONANCE, sare-efektua Akitania Berriko enpresen eta erakundeen zerbitzura»
  • 2. mahai-ingurua: «Zer onura ditu EGEaren ikuspegiarekiko konpromisoak VSE, ETE eta ETIentzat?»

Akitania Berriko 2022ko GEK/EGE sariak banatu ziren.

AGROSMARTglobal proiektuak SUDOE eskualdeko —Frantzia, Espainia eta Portugal— nekazaritzako elikagaien sektoreko kooperatibak eta enpresak bildu nahi ditu, Txinako eta Estatu Batuetako merkatu digitaletara iristen laguntzeko.  

InterregSudoe 2014/2020 programak finantzatutako proiektua da AGROSMARTglobal, eta Europako hego-mendebaldeko ETE-en lehiakortasuna eta nazioartekotzea sustatzeko lehentasunezko ardatzaren osagaietako bat da.

Proiektu horretan parte hartzen duten hamar eskualdeak, Europako SUDOE gunea osatzen dutenak, honako hauek dira: Espainian, Galizia, Gaztela-Mantxa, EAE eta Errioxa; Frantzian, Akitania Berria, eta Portugalen, Iparraldea, Algarve, Erdialdea, Lisboa eta Alentejo.

Hauek dira proiektuko parte-hartzaileak:

  • AGACA (Asociación Galega de Cooperativas Agrarias). Onuradun nagusia eta koordinatzailea (Espainia)
  • Errioxako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofiziala (Espainia)
  • CACLM, Gaztela Mantxako Nekazaritzako Elikagaien Kooperatibak (Espainia)
  • KONFEKOOP, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa (Espainia)
  • Amvos Worldwide Digital. Marketin digitaleko aholkularia (Espainia)
  • AREPO, Jatorrizko Produktuen Europako Eskualdeen Elkartea (Frantzia)
  • Coopération Agricole Nouvelle-Aquitaine (Frantzia)
  • CCI Limoges et Haute Vienne – Limogesko Merkataritza eta Industria Ganbera (Frantzia)
  • UTA, Universidad e de Atrás-os-montes e Alto Duró (Portugal)
  • CONFLAGRO, Confederaos Nacional das Cooperativas Agrícolas e do crédito agrícola (Portugal)


Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.