KONFEKOOP, ANEL eta CBE du Seignanx-ek Gizarte Ekonomiako Lankidetza Estrategikoa bultzatu dute Euskadi-Nafarroa-Akitania Berria euroeskualderako

Rosa Lavín KONFEKOOPeko lehendakariak, Ignacio Ugalde ANELeko lehendakariak eta Laurent Rebiere CBE du Seignanxeko administratzaileak Lankidetza Estrategikoa sinatu zuten, Euskadi-Nafarroa-Akitania Berria Euroeskualdea bultzatzeko, garapen ekonomiko eta soziala lagunduko duten proiektuak sustatzeko lankidetza-gune komun gisa. Hiru erakundeek Bordelen egindako Gizarte Ekonomiari buruzko Mugaz Gaindiko II. Topaketaren esparruan adierazitako konpromisoa.

Sustatzaileek azaldu dutenez, helburua Ekonomia Sozial eta Solidarioaren “mugaz gaindiko ekosistema erreferentea” sortzea da, gizarte-berrikuntza eta enplegu jasangarrien sorrera bultzatzeko. Horrela, Euroeskualdearen dinamismo ekonomikoa eta soziala indartuko da. Rosa Lavinen hitzetan, erronka hori “Gizarte Ekonomiako eta Kooperatibismoko enpresen dimentsio eta ezagutza handiagoa lortzeko palanka izango da”.

Rosa Lavin izan da euskal ordezkaritzaren burua, Jokin Diaz Arsuaga Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako zuzendariarekin batera. Iñaki Nubla KONFEKOOPeko zuzendariaz gain, Iñigo Soto ere bertaratu da, Euskadiko Lan Sozietateen Elkartearen (ASLE) eta euskal unibertsitateetako ordezkarien izenean.

Europako Kooperatiba

Beste ekintza batzuen artean, Lankidetza honek Europako Kooperatiba bat sortzea aurreikusten du, sustatzaileek elkarrekin egiten duten lanetik lortzen diren emaitzak bermatu eta bultzatzeko. Hiru erakundeek, hasiera batean, hiru urteko lan-aldia ezarri dute. Lehenengoan hainbat ekimen jarriko dira abian, hala nola Ekonomia Sozial eta Solidarioko talde espezifiko bat eratzea. Halaber, 2024-2026 Plan Estrategikoa egingo da Euroeskualdearentzat.

Gizarte Ekonomiari buruzko Mugaz Gaindiko II. Topaketak administrazio publikoek, erakundeek eta unibertsitateek eredu ekonomiko horren garapenean izan dezaketen zereginari buruzko gogoeta ere egin du.

Lehen solasaldian Jokin Díaz Arsuagak, Iñaki Mendioroz Nafarroako Gobernuko Gizarte Ekonomiako zuzendari nagusiak eta Maud Caruhel Akitania Berriko presidenteordeak parte hartu dute. Bigarren panelean, Gizarte Ekonomia eta Kooperatibako erakundeentzat erreserbatua, Rosa Lavin (KONFEKOOP), Ignacio Ugalde (ANEL) eta Eva Belin (CBE du Seignanx Elkartea) lehendakariek parte hartu dute. Azkenik, unibertsitateen atalean, honako hauek osatu dute panela: Marta Enciso, Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko Zuzenbide Pribatuko Saileko kide eta irakasle titularra; Sandra Cavero, NUPeko Gizarte Ekonomia eta Kooperatibismoaren Katedrako zuzendaria; eta Thimothée Duverger, Bordeleko Ikasketa Politikoen Institutuko Gizarte Ekonomiaren arloko arduraduna.



Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.