- January 17, 2025
- Posted by: KONFEKOOP
- Category: Albisteak Konfekoop
Donostiako Miramar jauregian ireki den ASETTak (Arizmendiarrieta Social Economy Think Tank) Euskadi munduko epizentroa bilakatzen du gizarte-ekonomian.
Ekitaldian parte hartu dute Yolanda Díaz Gobernuko bigarren presidenteorde eta Lan eta Gizarte Ekonomiako ministrak, Mikel Torres bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak, Juan Antonio Pedreño CEPESeko presidenteak, Eneko Goia Donostiako alkateak, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Patxi Olabarria Kooperatiben Kontseiluko presidenteak. Inaugurazioan, Rosa Lavin #KONFEKOOP eta EGES (Euskal Gizarte Ekonomiaren Sarea) erakundeetako presidentea ere izan da.
ASETT abiarazteak bat egiten du Kooperatibismoaren Nazioarteko Urtearekin, eta horrek, Torres Lehendakariordearen arabera, kooperatibismoa “ikusarazteko eta indartzeko aukera” ematen du, “garapen ekonomiko eta sozial jasangarria, inklusiboa eta lurraldean errotutako” oinarri dituen enpresa eredu gisa, Euskadi nazioartean munduko erreferente gisa kokatuz.
Bere hitzaldian, Yolanda Díazek honako hau azpimarratu du: “Gizarte Ekonomiaren eredu baten inguruan borondate asko elkartzen dira, eta horrek erakusten du aurrerapenak ez duela norbanakoen sakrifiziorik behar, baizik eta ekintza kolektiboan eta demokrazia parte-hartzailean oinarrituta eraikitzen dela“. Horregatik, euskal erakundeen babesa eskertu du, CEPESekin batera proiektu honen arrakastan izan duen papera azpimarratuz.
Patxi Olabarriak nabarmendu duenez, “datuek agerian uzten dute enpresa kooperatiboek, Gizarte Ekonomiako gainerako familiek bezala, duten eragin positiboa enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sortzean. Kolektibo zaurgarrien gizarteratzea eta laneratzea bultzatuz, jarduten duten lurraldeetan desberdintasunak murrizten lagunduz, eta tokiko gizarte-ehun ekonomikoa indartuz “.
Lan-plana
Hub-aren nazioarteko bokazioa funtsezko zutabea da, Iñigo Albizuri ASETTeko zuzendariak azpimarratu duenez. Datozen hilabeteetarako lan-agendaren aurkezpenean, Albizurik adierazi du «think tank» bat sortuko dela, arlo ekonomiko, sozial eta teknologikoko ikerketari eskainia. Gainera, aholkularitza teknikoko programa bat eta nazioarteko misioak jarriko dira abian, gizarte-ekonomiako esperientziak trukatzeko interesa duten herrialdeei eta erakundeei laguntzeko.
Ikusgarritasun-plana ere ezarriko da, eredu ekonomiko horren eta haren funtsezko eragileen balio erantsia nabarmentzeko. Azkenik, azterketa prospektiboko nazioarteko zentro bat diseinatuko da, gorabidean dauden sektoreei eta agertoki dinamikoei buruzko ezagutza eta ikerketa sortzera bideratua, gizarte-ekonomiak testuinguru globalean duen eginkizun eraldatzailea sendotuz.