KONFEKOOP, ALIATU ESTRATEGIKO GISA ESKAINI ZAIO PRADALES LEHENDAKARIARI, ETORKIZUNEKO ERRONKA HANDIEI ERANTZUTEKO

Kooperatibismoa sustatu eta lehiakortasuna bermatuko duen fiskalitate berri baten beharra partekatzen dute enpresa kooperatiboek Lehendakariarekin

Lehendakaritzaren egoitzan, bilera izan dute Imanol Pradales Lehendakariak eta KONFEKOOP-Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko ordezkariak. Rosa Lavin presidentea, Patxi Olabarria lehendakariordea eta Iñaki Nubla konfederazioko zuzendaria egon dira bileran eta bertan, Eusko Jaurlaritzaren eta kooperatibismoaren arteko loturak indartu dira, Euskadiren erronka nagusiei heltzeko pieza estrategiko gisa.

Topaketa baliagarria izan da kooperatiba-ereduak Euskadiren garapen ekonomiko, sozial eta lehiakorrerako funtsezko eragile gisa duen garrantzia nabarmentzeko. KONFEKOOP-ek euskal ekonomiarekin duen konpromisoa azpimarratu du, fokua hiru arlo nagusitan jarriz:

1. Kooperatibismoak gobernantza kooperatiboko eredu berriarekin duen konpromisoa XIII. Legegintzaldirako

Enpresa kooperatiboak elkarrizketa instituzional eta sozialean zeharka integratzearen aldeko apustua egiten da. Esparru horri esker, kooperatibismoak trantsizio giltzarrietan (hala nola energetikoan, digitalean eta demografiko-sozialean) egiten duen ekarpena maximizatu ahal izango da, eta enplegu kooperatiboa indartu ahal izango da, Euskadin talentua sustatzeko eta leialtzeko konpromisoaren esparruan.

2. Fiskalitate berri baten beharra

Euskal kooperatibek BPG industrialaren % 11 ordezkatzen dute, eta enpresa kooperatiboaren eredua babestuko duen eta ingurune global batean lehiakortasuna bermatuko duen fiskalitate egokituaren beharra jarri dute mahai gainean. Ildo horretan, lehendakariak konpromisoa hartu du foru-ogasunekin batera lan egiteko gai estrategiko horri heltzeko, zerga-politikak Europako II. zutabearekin lerrokatuz.

3. Berrikuntza eta nazioarteko proiekzioa bultzatzea

Euskal kooperatibismoaren eredu sozio-ekonomikoaren berezitasuna mundu osoan aitortzen da, industria-kooperatiben garrantzi nabarmenagatik, lan elkartuko kooperatiben nazioartekotze eta berrikuntza maila handiagatik eta enpresa kooperatiboak ekonomiaren sektore guztietan egoteagatik.

Horregatik, euskal kooperatibismoaren izaera bereizle horri balioa emateko eta gizarte-ekonomian erreferente europar gisa finkatzeko aukera dugu, NAEN Partenariotza Estrategikoa bezalako ekimenak gidatuz Nafarroa eta Akitania Berriarekin eta presente gauden Europako sareetan lagunduz.

Gainera, Donostian irekiko den ASETTen (Arizmendiarreta Social Economy Think Tank) zeregina nabarmendu da. Kooperatibismoa eta gizarte-ekonomia tresna eraldatzaile gisa sustatzeko eta bultzatzeko proiektu estrategikoa da, eta 2025ean berrikuntza kooperatiborako abangoardiako zentro bihurtuko da, berrikuntzarako, ekintzailetzarako, ezagutzaren transferentziarako eta sinergiak sortzeko mundu mailan erreferentzia izango dena.

Rosa Lavinek, KONFEKOOPeko presidenteak, Lehendakariaren eta kooperatibismoaren arteko sintonia ona eta konpromisoa azpimarratu ditu, eta adierazi du “kooperatibismoa tokiko errotzea eta eragin globala uztartzen dituen eredu arrakastatsua dela, eta bere ekarpena ezinbestekoa dela etorkizuneko erronkei aurre egiteko”.