Argitalpenak IrakaskuntzaHolandako Ikastetxeetara bisita

2009ko martxoaren lehen astean ERKIDE Irakaskuntzan bazkideturiko irakaskuntza-kooperatiba desberdinetako 26 ordezkarik Holandako zenbait ikastetxeetarako bisitaldia egin dugu.

Bisitaldia planifikatu zenean, arrazoi desberdinak argudiatu genituen, besteak beste ondorengoak:

  • Finlandia eta Kanadarekin batera, nazioarteko PISA 2003 eta 2006ko ebaluazioetan eskola emaitza onak eta jarraiak adierazten dituen salbuespena dugu Holandako Hezkuntza Sistema.
  • Hezkuntza Sistemaren egitura eta antolamendua, non gizarte ekimeneko titulartasunak eragin handia (gutxi gora behera, matrikulazioaren % 70) eta emaitza ekitatiboak azaltzen dituen, gure kooperatibentzat saihestezineko erreferentzia bihurtuz.
  • Holandako Hezkuntza Sisteman agertzen diren kulturartekotasun-planteamenduen integrazioa eta balorapen positiboa, azken urteetan emandako elkarbizitza-arazoak eta hauen aurrean harturiko neurriak (hauek ere gure egunerokotasunetik gero eta hurbilagoak), kalitate-arloko ibilbidea, etab.
  • Belgikarekiko hurbiltasuna, non testuinguru eleanitzean murgilduriko etorkin ikaslegoaren integrazioa esperientzia erakargarria zen guretzat. Holandatik gertu egonik, Flandiako ikastetxeen bisitaldia aukera ona izan zitekeelakoan geunden.

Finean Flandiako ikastetxeen bisitaldia bertan behera gelditurik, ez dugu lan aukera hori jorratzeko posibilitaterik eduki.

Edonola buruturiko egitasmoa trinkoa izan da: bigarren hezkuntzako bi ikastetxe publiko ezagutu ditugu (nahiz eta, ondoren ikusiko den bezala, “publiko” izaerak gure errealitate hurbileko “publikoarekin” zerikusirik eduki ez), %85ean ikaslego aloktonoa /holandar jatorizkoa ez dena) eskolatzen zuen Lehen Hezkuntzako ikastetxea, ikaslego supergaitua eskolatzen duen beste ikastetxea, Hezkuntza Ministerioan harrera egin eta holandar sistemaren egungo erronken adierazpen sistematiko eta zehatza egin digute eta, azkenik, 1995ean hasitako elkarbizitzarako esperientzia (eskola “bakezaleak”) ezagutu ahal izan dugu. Lehen esan bezala, lan aldetik aste trinkoa izan delakoan gaude.

Halaber, gure artean ere, bidaian parte izan dugun kideok elkarlan, elkarbizitza eta lankidetzarako astea izan dugu. Denetarako aukera izan dugu, baita La Haya eta Amsterdam hirien azaleko ezagutza izateko ere. Honek guztiak osatu du aste honetako esperientzia metatua.

Bisitaldia antolatu genuenean, partaideok konpromisoa hartzen genuen, hots, aste honetako esperientzia irakaskuntza kooperatiba guztien esku jartzearena. Txosten hau harturiko konpromisoa betetzera dator

Ez genuke Sarrera hau amaitu nahi Txostena osatzen eta bisitaldia egiten lagundu diguten entrepresa, lagun eta erakunde desberdinei gure esker ona azaldu gabe.

Honen bitartez, Holandako Hezkuntza Ministerioarekin lotura duen Europa Fundazioaren laguntza (bisitaldiak eta topaketak ahalbidetu dituen erakundea, hain zuzen ere), bidaia antolatu duen bidaia agentzia, ohiko lana eta espektatibak soberan bete izan disuena, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontzeilua eta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzaren laguntzak benetan kontuan hartzen ditugu.

Beste maila batean, ez ditugu ahaztu nahi Txostena egiten laguntza eskeini dutenak: Jabi Agirre (Oñatiko Txantxiku Ikastola), Xanti Aranburu (Andoaingo Aita Larramendi Ikastola), Leire Burdain (Laudio Ikastola), Virginia Carcelen (Donostiako The English School), Juan Carlos Naberan eta Gabriel Zuluega (Portugaleteko Asti Leku Ikastola) eta, azkenik, beste bidaideekin batera “argazki alderdia” burutu duen Victor Manuel Garcia (Barakaldoko Cooperativa El Regato). Halaber, bidaia antolatzen eta Txostenaren zati bat zuzentzen parte izan duten ERKIDE Irakaskuntzaren Batzorde Sektorialeko kideak. Eskerrik beroenak guztioi.

Agian pertsona eta lagun hauen guztien partaidetzak kontzeptu batzuk errepikatzera garamatza, baina Txostena aberastu egiten dute, esperientzia honi ikuspegi anitzagoa eta partekatua ematen diolarik.

Gure aldetik, besterik ez. Segur asko, datozen urteetan antzerako esperientziak berriz emango dira eta horietan kooperatiba eta kooperatibakide gehiagok parte hartuko dutenaz ziur gaude, gure eguneroko lana hobetzeko beste sistema eta eskolak ezagutzea ezinbestekoa baita.