Lanaren Nazioarteko Erakundeak Rosa Lavín KONFEKOOPeko presidenta elkarrizketatu du

LANEk -Lanaren Nazioarteko Erakundeak balioan ipini du Euskadiko Kooperatiben eredua, honen berezitasunagatik eta Euskadiren garapen ekonomikoari eta gizarte-kohesioari egiten dion ekarpenagatik 

-Zer-nolakoa izan zen zure lehen harremana mugimendu kooperatiboarekin? Zerk bultzatu zintuen bertan murgiltzera? Zer ibilbide jorratu duzu?

Kooperatiben mundura ustekabean urreratu nintzen, baina horrenbesteko lilura sorrarazi zidan, ezen une horretan bertan, nire ibilbide profesional guztia ekonomia-eredu horretarantz bideratu baituen, bere potentzial handiarekin zeharo ziur. Euskal Herriko Unibertsitatean Ekonomia eta Enpresa Zientzietan graduatu ondoren, gizarte-ekonomia, enpresa kooperatiba eta lan-sozietateen graduondoko baten berri izan nuen, nire arreta bereganatu zuena; izan ere, ikasketako bost urteetan ia ez nuen arakatu ekonomia-eredu alternatibo hori. Graduondoko hori inflexio-puntua izan zen nire ibilbidean, izan ere, ordutik irrika bizia sorrarazten didan mundu baterako aterak ireki zizkidan.

25 urte baino gehiago daramatzat Grupo Servicios Sociales Integrados (Grupo SSI) kooperatiban lanean, Euskadin zaurgarritasun- eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonek gizarte eta heziketa alorrean dituzten premiak osoko moduan artatzen dituena. Gaur egun, Kooperatiba-enpresako zuzendari ekonomiko eta finantzarioa (CFO), aholkularia eta presidenteordea naiz. Gainera, 2015az geroztik, Euskadiko Kooperatiba Enpresen Konfederazioko presidente izateko ohorea dut, Euskadiko patronaleko enpresa-erakunde nagusienetakoa. Niretzat, Euskadiko kooperatibismoa bezain eredu paregabe eta berezia ordezkatu eta bultzatzea pribilegioa da, zinez.

-Zer lan burutzen du KONFEKOOP konfederazioak?

Euskadik enpresa-ehun kooperatibo indartsua du, 3.700 kooperatiba-enpresa baino gehiagorekin hiru lurraldeetan barna; erdia baino gehiago gure herrialdeko kooperatiba-enpresen multzo garrantzitsuena den KONFEKOOP konfederazioan federatuta daude. Konfederazioak jarduera-sektore guztietako kooperatiba-enpresak hartzen ditu: industria, merkataritza, hezkuntza, zaintzak, nekazaritza, elikadura, banaketa, energia, kultura, aholkularitza teknologikoa, digitalizazio maila handiko enpresak, kreditua, garraioak, etab. Euskadiko BPGren % 8a sortzen dugu, eta industriaren alorren enpresen kasuan, indize hori %11ra igotzen da. Kooperatiba-enpresen dentsitate eta aniztasun horri, zein erakundearen sektore aniztasunari esker, KONFEKOOP enpresa-multzo paregabe eta berezia da, ez Euskadin soilik, baizik eta baita Espainian eta nazioarte mailan.

Industriaren alorreko kooperatiba-enpresen garrantzia nabariaren, lan elkartuko kooperatiben nazioartekotze maila handiaren eta ekonomiako sektore guztietan presentzia izatearen ondorioz, gure sozietate-enpresa eredua erreferente bilakatzen da nazioartean. Emaitza gisa, gure ereduak gero eta garrantzi eta onespen handiagoa hartzen du politika publikoen diseinuan, eta botere publikoak gero eta kontzienteago dira, jarduten duten ingurunearen gaineko ezagutza dela medio, kooperatiba-enpresak gai publikoen gobernantzan ezinbesteko eta derrigorrezko bidaideak direla. Kooperatiba-enpresen eredua enpresa-demokraziaz eta ingurunearekiko konpromisoa lehenesten duten eta langileek erabakietan parte hartzea ezaugarri duten beste eredu batzuk bultzatzeaz hitz egiten dutenen ispilua da.

-Euskadiko Kooperatiba Enpresen Konfederazioaren (KONFEKOOP) gidaritzan den lehendabiziko emakumea zaren aldetik, partekatu dezakezu zer erronkari egin behar izan diezun aurre eta nola bilakatu zenituen horiek abagune?

Berdintasuna kooperatibaren DNAn dago; enpresa-eredu demokratiko, solidario eta ekitatiboa eraikitzeko oinarritzat hartzen dugun balioetako bat da. Baina kooperatibak gizartean gaude eta, zoritxarrez, desberdintza hor dago. Ez gara gizonen eta emakumeen artean lanen banaketa, soldatetan, zaintzetan edota erantzukizuneko postuetan oraindik ageri diren ezberdintasunen errealitateaz aparte bizi. Aurrerapausoak ematen badira ere, oraindik egiazko berdintasuna lortu ez duen gizarte bateko kide gara. Jakina, egiazko berdintasun hori erdiestea da helburu nagusia eta, kooperatiba-enpresak pribilegiozko abiapuntu batetik abiatzen gara helburu horretara iristeko. Gure enpresen euskarri den plantillan, erdia baino gehiago, emakumeak gara; emakumeak gara kooperatiba-enpresa askoren motorra eta, gure funtzionamendua eta balioengatik, enpresa-eredu egokia gara, era berean, emakumeek kooperatiba-enpresen zuzendaritzan parte hartzea garatzeko.

Tradizionalki, erabakiak hartzeko espazioetan gizonak agertu dira nagusiki, baina kooperatibaren kudeaketa demokratiko eta berdintasunezkoak emakumea gure erakundeetako lehenengo mailarantz bultzatzen jarraitu behar du. Horretan, kooperatibak ere aitzindari gara: Gaur egun, Euskadin kooperatiba-enpresen zuzendaritza-karguetan eta erantzukizunezko postuetan dauden emakumeen kopurua handiagoa da beste enpresa-eredu batzuekin alderatuz; baina, zalantzarik gabe, gure lana ez da amaitu. Egunez egun berdintasun eta bidezkotasun gehiagoko enpresa-eredu baten alde egingo duten ekintzak bultzatzen jarraitzen dugu. Zenbat eta kooperatibismo gehiago eta hobea, orduan eta berdintasun gehiago, ziur gaude. Ongi laburbiltzen du martxoaren 8rako (Emakumeen Nazioarteko Eguna) gure aldarriak: zenbat eta kooperatibismo gehiago, orduan eta berdintasun gehiago.

-Partekatu zenitzake gurekin araudi-esparruak kooperatiben garapena bultzatzen edo eragozteari begira izan ditzakeen eraginei buruzko zure esperientziak?

Funtsezkoa da kooperatiba-ereduaren idiosinkrasiara egokitutako legeria izatea, kooperatiba-enpresak lehiakorrak izan daitezen eta gure sozietateen garapen ekonomiko eta sozialean eta bizi ditugun eraldaketa handietan are ekarpen handiagoak egin ditzaten. Ildo horretatik, 2023an Lanaren Nazioarteko Erakundeak (LANE) eta Nazio Batuen Batzar Nagusiak kooperatibak enpresa edo enplegatzaile modura aintzatetsi zituzten, eta esparru soziopolitikoan solaskide gisa dugun egitekoa hauspotu zuten, beste enpresa-modu batzuekin berdintza berdinetan; hori zinez garrantzitsua izan da. ELGA erakundeak berak, Gizarte Ekonomiako Europako Ekintza Planak, Europako Ekonomia eta Gizarte arazoetako Batzordeak ohartarazi dute lan-mundua goitik behera eraldatu dela, eta eboluzionatu egin behar dugula, zaharkituta geratu dena aldatuz, eta kooperatiba-enpresak erabakiak hartzeko espazioetara gaineratuz. Horrek bere inpaktua izan du eta bidea ireki du kooperatiba-enpresak lehen mailako eragile ekonomiko eta sozial modura har gaitzaten, eta garrantzia irabaz dezagun. Ildo horretatik doazen adierazpen gehiago behar ditugu.

Euskadin, Euskal Enpleguaren Legea ere lorpena izan da bide horretan, izan ere, kooperatiba-enpresek enpleguaren politika aktiboen definizioan parte hartzeko duten eskubidea aitortzen du, Enpleguaren Euskadiko Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluan presentzia izatea bermatuz. Horrek, hitzarmen eta gizarte-eztabaidarako espazioak zehazteari begira, garai berri baten hasiera dakar, non merkataritza-enpresek dagoeneko ez duten enpresa-ordezkaritzaren monopolioa, espazioa partekatzen dutelarik kooperatiba-ereduarekin.

-Zure lidergoan, Euskadiko kooperatibek ekarpen adierazgarria egin diote eskualdeko ekonomiari. Nola irudikatzen duzu kooperatibek tokiko ekonomian etorkizunean izango duten egitekoa?

Euskadiko BPGean egiten dugun ekarpenaz harago, kooperatiba-enpresak eraldaketa handien abangoardian gaude, baina erronka garrantzitsu batzuk ere baditugu aurrez aurre. Nagusienetako bat gero eta globalizatuago eta digitalizatuago dagoen enpresa-ingurune batean lehiakortasuna mantentzea da, non Adimen Artifizialak dagoeneko bere lekua hartu duen. Horrek teknologian inbertsio esanguratsuak egitea eta pertsona langileak gaitzea eskatuko dugu, berrikuntzaren abangoardian jarraitzen dugula eta XXI. mendeko erronkei aurre egiteko prest gaudela ziurtatzeko.

Euskadi, Espainiako autonomia erkidegoen artean, buruan dago Ikerketa eta Garapen arloan, eta goi mailako berrikuntzan ere liderren artean dago EBn. Baina, kemen hori mantendu ahal izateko ezinbestekoa da trantsizio hirukoitza burutzea: teknologiko eta digitala, energetikoa eta klimatikoa, eta soziala eta osasun arlokoa. Horrek aldaketa sakonak eta eraldaketak eskatzen ditu, ekonomian ez ezik, gure bizitzeko moduan eta ongizatean ere eragina dutenak. Ekintzailetza kolektiboa, gazteria, talentuaren leialtasun, gure enpresetan kultur artekotasuna lantzea, aldaketa soziokulturalak eta immigrazioa aurreikusi eta horiei aurrea hartzea, etab. Erronka asko ditugu aurrez aurre, baina eraldaketa horiek, mehatxu baino gehiago abagune modura ikusten ditugu, hainbat esparrutatik gure erantzuna eskatzen duena, esate baterako, zientziaren, teknologiaren, hezkuntzaren, zaintzaren edo berrikuntzaren esparrutik. Eta Euskadiko kooperatiba-mugimendua horretan dago murgilduta, buru-belarri.

Jatorrizko iturria