Argitalpenak IrakaskuntzaGUÍA para la elaboración del RRI en los Centros Cooperativas de Enseñanza
ERKIDE-Irakaskuntzan elkartutako 80 Kooperatibek hainbat proiektu garatu dituzte beren inguruko hezkuntza-erronkei erantzuteko eta euskal hezkuntza-sistemaren hobekuntzari laguntzeko.
Bere ibilbidean Kooperatiba bakoitza bere antolaketa-eredua eta funtzionamendu-arauak errealitate aldakor eta legeria konplexura egokituz joan da, era partzialean ia beti.
Kooperatiba gehienek lortu dute jada ikastetxeen egitura aski definitua, eta askok beren zentroen antolaketa- eta kudeaketa-ereduari forma sendoagoa eman nahi diote Barne Araudi baten bidez, edota, jada baldin badute, hori eguneratuz.
Ikastetxeen Barne Araudiak, indarrean dagoen Legeriaren arabera, bertan sortzen diren harremanak antolatzen ditu era arin eta malguan, eta funtzionatzeko eta parte hartzeko prozedurak esplizitu egiten ditu, Hezkuntza Proiektua gauzatzerakoan lankidetza eta etengabeko hobekuntza eraginkorragoak izan daitezen.
ERKIDE-Irakaskuntzak VADEMECUM-GIDALIBURU hau –Barne Araudiaren formatu zabala– eskaintzen die Kooperatibei, kooperatiba- nahiz hezkuntza-eremuan funtsezkoak diren lege-euskarriekin, orientabide bat izan dezaten beren Barne Araudia formulatu edo eguneratzeko, bakoitzaren izaera eta errealitatetik betiere.
Kontuan izanda Kooperatiba bakoitzaren ibilbide, dimentsio, tipologia eta kulturak askotarikoak direla, eta Kooperatiba bakoitzean Barne Araudiaren proiektua garatzeko ardura dutenen lana errazte aldera, eredu malgua aurkezten da eta proiektuaren orientabideak edo erreferentziak sartu dira, bakoitzak bere errealitate, kultura eta antolaketa-eredutik, eta bere Kooperatiba-Estatutuetatik eta izaera propiotik egin dezan lan hori. Barne Araudian Ikastetxeak izan ditzakeen gainerako arauak ere sartu behar dira: bizikidetza-arauak, funtzioen eskuliburuak, etab.
VADEMECUM-GIDALIBURU honen diseinua Jaime Martínezek egin du, eta laguntzaile izan ditu Joseba Ardanza –ERAGINKOR-eko Zerbitzu Juridikoen Arloko koordinatzailea– eta diseinu honen Jarraipenerako Batzordea, ERKIDE-Irakaskuntzako hiru kontseilarik –Eduardo Fernández, Patxi Olabarria eta Andoni Zendoiak– osatua. Gure esker onik beroena guztiei.
Baita ere eskertzen diegu beren Araudiak laga dizkiguten Irakaskuntzako Kooperatibei eta ERKIDE-Irakaskuntzako kontseilari guztiei, eman diguten laguntzagatik.
Andoni Zendoia
ERKIDE-Irakaskuntzako koordinatzailea