Argitalpenak IrakaskuntzaFamilia Zuzenbidea
2003ko Kudeaketa Planean, Euskadiko Irakaskuntza Kooperatiben Federazioak “Famili Zuzenbidea” delako proiektua onartu zuen; izan ere, kooperatibek gero eta sarriago egin behar izaten diote aurre arazo honi: zer jarrera hartu behar du ikastetxeak guraso-aginteari dagokionez, gurasoen bizikidetza hautsi denean (kasurik muturrekoena) edota gutxienez desadostasuna dagoenean?
Horrek bi eremutan, gutxienez, bazuen eragina:
-
ikastetxearen eta ikasleen familiakoekiko harremanetan.
-
ikastetxe-kooperatibaren eta bazkide jakin baten arteko sozietate-harremanetan.
Horregatik, hausnarketa hau bideratu duten adituengana jo genuen: Carlos Díaz Aguado (EHUko irakaslea) eta Santiago Merino (Kooperatiben Goren Kontseiluko abokatu aholkularia). Lehenengoak Zuzenbide Zibilaren ikuspuntutik heldu dio gaiari, eta bigarrenak sozietate kooperatiboaren ikuspegitik. Biei eskertzen diegu egin duten lana.
Horretarako, 2003ko urriaren 28an, Federazio honek hitzaldi-solasaldia antolatu zuen biekin. Hori zela eta, liburuxka honetan jasota dauden bi azalpenak egin zituzten: “Guraso Agintea” (Carlos Díaz Aguado) eta “Bazkide-izaera irakaskuntzako kooperatibetan” (Santiago Merino). Hitzaldi hartan, normala denez, zenbait galdera eta proposamen egin zen, ondorioz beste bi lan osagarri egin eta argitaratu direlarik: “Ikastetxeen eta ikasleen gurasoen arteko harremanak”, Carlos Díaz Aguadok egina, non jarraibide batzuk eskaintzen zaizkie kooperatibei beren ikasleen gurasoekiko harremanetan ohikoenak diren arazo batzuei buruz (hemen guztiak aztertzea ezinezkoa da eta lantxo honen helburuetatik kanpo dago), eta “FCEE-EIKFren proposamena Irakaskuntzako Kooperatiben Estatutuak aldatzeko”, Santiago Merinok egina, Kooperatiben Erregistroan onartutako Estatutuen testuan oinarrituta betiere.
Zalantzak izan ditugu Díaz Aguado irakaslearen lanak oso-osorik sartu ala ez, bien artean gainjarritako errepikapenak baitaude, baina azkenean biak osorik sartzea erabaki dugu, bestela erabat berregin beharko genituen, barne-koherentzia galduko zuten eta agian ez ziren ulertuko. Bestalde, honela nabariagoa da Federazioaren eta kooperatiben arteko elkarrekintza, bigarren lana aipaturiko hitzaldi-solasaldian, urriaren 28an, azaldu ziren kezketatik abiatutako lana baita.
Horiek horrela, liburuxka hau argitaratzea eta gure kooperatibetara bidaltzea erabaki dugu. Ez da erabat itxitako gaia, eta jakin badakigu berandura gabe berriro itzuli beharko dugula gai honetara, baina gure kooperatiben premiak eta beharrak kontuan izanda, lehenbailehen jarri nahi genuen lan-tresna hau zuen esku.