ArgitalpenakFAMILIA ZUZENBIDEA
Urte dezente dira jada Euskadiko Irakaskuntzako Kooperatiben Federazioak, ERKIDE-Irakaskuntzak Derecho de familia (Familia-zuzenbidea) liburua argitaratu zuela, federazioko kooperatibetan geroz eta maizago izaten duten arazo honi aurre egiten laguntzeko: zer egin guraso-ahala dela eta. Guraso-ahalari buruzko zenbait artikulu eta iruzkinez gain, “irakaskuntza-kooperatibetako bazkide-izaerari buruzko” lan bat ere bazekarren liburuak.
Halaber, urte dezente joan dira Erantzukizun zibila ikastetxeetan plazaratu zenetik (2007). Gai horri buruzko zenbait gomendio eta jarraibide jaso ziren liburu horretan, berariaz gure kooperatibentzat idatziak.
Aditu hauek hartu zuten parte bi argitalpen horietan: Carlos Díaz Aguadok (Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea) eta Santiago Merino Hernándezek (Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Goreneko abokatu aholkularia). Lehenbizikoak zuzenbide zibilaren ikuspegitik jorratu zuen gaia; bigarrenak, berriz, gizarte-eta kooperatiba-ikuspegitik.
Gerora, federazioko kooperatiben eskariei erantzunez, urtero antolatu ditu ERKIDE-Irakaskuntzak trebakuntza-saioak, non jarraibide batzuk eman zaizkien kooperatibei ikasleen gurasoekiko harremanetan ikastetxeetan izan ohi diren ohiko arazoei buruz. Jardunaldi horietan egindako galdera eta hitzaldien eta gai horiekiko kezkaren eta interesaren emaitza duzue aipatutako bi liburuen eguneratze hau, DERECHO DE FAMILIA, Artículos y comentarios sobre la actual situación de la patria potestad y responsabilidad civil en los centros de enseñanza liburua (FAMILIA-ZUZENBIDEA, Zenbait artikulu eta iruzkin ikastetxeetako guraso-ahalaz eta erantzukizun zibilaz), alegia.
Ohartzen gara, noski, liburuaren edukia ez dela guztiz itxia, eta gerora izaten diren aldaketa sozialek eta legalek haren edukia etengabe eguneratzera beharko gaituztela; nolanahi dela ere, lan-tresna bat eskaini nahi genien gure irakaskuntzako kooperatibei, ikasleen gurasoekiko harremanetan izaten dituzten arazo ohikoenei aurre egiten laguntzeko.
Azkenik, eskerrik zintzoenak ematen dizkie ERKIDE-Irakaskuntzak liburu berri honen artikuluen egile diren Carlos Díaz Aguado eta Santiago Merinori, haien laguntzarik gabe ezingo baitzen lan hau argitaratu.