KONFEKOOPek enpresa kooperatiboak sustatuko dituen erregimen fiskala aldarrikatzen du eta datozen hilabeteetan Lanbideko Administrazio Kontseiluan parte hartzea espero du

Bilboko Euskalduna Jauregian egin du 2024. urteko bere Ohiko Batzar Orokorra KONFEKOOPek, eta Euskadiko Kooperatiben Konfederazioari lotutako enpresa kooperatibetako ehun ordezkari baino gehiago izan dira bertan, ordezkaritza instituzional zabal batekin batera, Iñigo Urkullu lehendakaria, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Elena Pérez Barredo Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordea, Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordea, Joseba Mariezkurrena, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekintzailetzaren eta Enpresa Lehiakortasunaren zuzendari nagusia, eta Xabier Otxandiano Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia ordezkaritza horren buru zirelarik, besteak beste.

Rosa Lavín Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko presidenteak “aurrerabide handiko alditzat” jo du 2023ko ekitaldia, KONFEKOOPek berak zein konfederazioko enpresa kooperatibek aurrera egin baitute nabarmen, eta eragile garrantzitsu gisa sendotu dira agenda politiko zein instituzionalean. Enpresa-erakundeak bere presentzia indartu egin du ordezkaritza kooperatiboko eta ekonomia sozialeko guneetan, eta elkarrizketa-ildo sendoa du zabalik erakundeekin, baita politikaren eta enpresen arloko eragileekin ere. Gainera, 2023. urtean sendotu egin du bere partaidetza erakundeen arteko koordinazioan, baita bere nazioarteko presentzia ere Nazioarteko Aliantza Kooperatiboaren (NAK/ACI) bidez.

Erakundeetako eta arlo kooperatiboko ordezkari garrantzitsuen aurrean, erakundeen arteko kolaborazioaren garrantzia azpimarratu du Lavínek, eta bera buru den erakundeak elkarrizketa-ildoan aurrera egiteko eta Euskadin zein Estatuan arau-esparrua indartzeko bere ekarpena egiten jarraitzeko duen borondatea nabarmendu du. Horrela, 2023ko abenduan Enpleguari buruzko lehenengo Euskal Legea onartu zela nabarmendu du presidenteak, lege hori aurrerapausoa baita enplegu-politika aktiboetan, eta enpresa kooperatiboek ezaugarritzat duten enplegu duin eta kalitatezkoa sortzea hartzen du betiere ardatz. Gainera, Lavínek azpimarratu du legeak lehen aldiz onartzen duela enpresa kooperatiboek Lanbideren Administrazio Kontseiluan parte hartzeko duten eskubidea. “Gehiengo bat ados dago Euskadik enpresa kooperatiboak Lanbiden sartu behar dituela, eta anbiguotasunik gabe sartu behar dituela gainera”, presidenteak esan duenez. “Ziur gaude datozen hilabeteetan behin betirako adostu ahal izango dugula organo horretarako sarbidea, KONFEKOOPek sare kooperatiboarekin hartu zuen konpromisoetako bat betez”, adierazi duenez.

Elkar-lankidetza eta aliantza estrategikoak

Elkar-lankidetzaren eta aliantza estrategikoen garrantzia nabarmendu du Lavínek batzarrean. Nafarroako kooperatibak eta ekonomia soziala ordezkatzen dituzten ANEL eta UCAN erakundeekin gure lurraldeetan kooperatibismoa sustatzeko sinatutako akordioa aipatu du. “Kooperatibismoak Euskadiko eta auzo-lurraldeetako instituzio eta erakundeekin izan beharreko elkarrizketa sendotzea ezinbestekoa da aurrera egin eta gure lanaren hedadura zabaldu nahi badugu”.

Etorkizuneko mehatxu diren eta enpresa kooperatiboen aurrerabidean eta garapenean zuzeneko eragina duten arrisku globalek eragiten dioten kezka ere partekatu nahi izan du presidenteak. “Garai nahasi eta urduriak bizi ditugu, mundu berri bat markatzen diguten eraldaketen garaiak, eta guztiok eman beharreko erantzun eta soluzioak eskatzen ditu horrek, bai administrazioen, bai enpresen eta baita unibertsitateen aldetik ere”.

Ildo horretan, Lavínek azpimarratu du arrisku-kapitaleko funts bat sortu dela Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera kooperatiben finantzaketa sendotzeko: KONFEKOOP SEED BIZKAIA. “Enpresak beren hasierako faseetan indartzea ahalbidetuko du arrisku-kapitaleko funts honek, eta, horrekin batera, inbertsioak egitea eta enpresei heltzen eta sendotzen lagunduko dieten proiektuak hedatzea, enpresen egonkortasuna eta lehiakortasuna finkatuz”. Gainera, adierazi du gaur egun Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin lanean ari direla SPRIrekin batera antzeko arrisku-kapitaleko funts bat sortzeko, Gipuzkoako zein Arabako enpresa kooperatiboen finantzaketari erantzuteko betiere.

Etorkizun ekonomikoa eta fiskala

Panorama makroekonomikoa ere aztertu du Lavínek, eta euskal eta europar enpresek izango dituzten erronka eta aukerak nabarmendu ditu. “Lehiakortasunak eta interdependentziak baldintzatutako egungoa bezalako testuinguru batean, aberastasunaren eta gizarte-kohesioaren ardatz gisa harturik, industria-politikaren itzulera ikusten ari gara.” Industriak euskal kooperatibismoaren barruan duen pisu espezifiko garrantzitsua eta berrikuntza-tasa handia nabarmendu ditu konfederazioko presidenteak, eta, hori horrela, KONFEKOOPen “industria-politikaren itzulera interes bereziarekin bizi dugula” adierazi du.

Bestalde, enpresa-erakundeak nabarmendu du bermatu egin behar dela zerga-sistemek ez dutela gizarte ekonomiaren garapena eragotzi behar eta behar beste sustatu behar dutela sare kooperatiboaren garapena, Estatu kide guztien gizarte-politikako helburuen eta haien praktiken ildo beretik. “Egungo enpresa kooperatiboen egonkortasuna, indarraldia eta produktibitatea bultzatuko dituen eta kooperatiba berrien sorrera sustatuko duen zerga-araubide kooperatibo bat gauzatu beharra aldarrikatzen dugu”. “Funtsezkoa da gure enpresei finantzaketako eta fiskalitateko beharrezkoak diren tresnak ematea gure zerbitzu eta produktuen kalitatearen alde lehiatzeko”, Lavínek esan duenez.

Errekonozimendu instituzionalak

Bere mintzaldia amaitu aurretik, 12 urteko bere agintaldian kooperatibismoarekiko izan duen konpromisoa eta babesa eskertu nahi izan dio Iñigo Urkullu lehendakariari KONFEKOOPeko presidenteak. “Amaitzeko, Iñigo Urkullu lehendakariari eskertu nahi diot bereziki bere 12 urteko agintaldian sare kooperatiboaren alde egin duen apustua, ekimenak bultzatuz eta Euskadiko Kooperatiben Legea onartuz”, esan duenez. Lavínek adierazi duenez, konfederazioak oso hurbiletik sentitu du lehendakariak kooperatibismoarekiko izan duen konpromisoa eta babesa, eta ekitaldira etorri izana eskertu dio, horixe egin izan baitu betiere “batzar guzti-guztietan eta gonbidatu duten ekitaldietan, Denon Artean sarien banaketan, eta kooperatibismoarentzako une garrantzitsuetan Lehendakaritzan gu hartu izana ere eskertu nahi diogu.”

Era berean, Lavínek bere mintzaldia aprobetxatu du Idoia Mendia bigarren lehendakariordeari Lan eta Enplegu Sailean aurreko legegintzaldian egindako lana eskertzeko, eta Enpleguaren Euskal Legeari emandako bultzada, pandemian eta Ukrainako gerran sare kooperatiboari emandako laguntzak, eta 2023an Eusko Jaurlaritzarekin genuen harremana indartu zuen Asmoen Akordioaren hirugarren edizioa sinatu izana nabarmendu ditu.

Esker oneko hitzak izan ditu, halaber, Eusko Legebiltzarreko alderdi politikoetako ordezkariekiko guztiek ere agertu duten prestasunagatik eta sare kooperatiboaren iritzia entzuteagatik, eta ziur dago etorkizuneko erronkei aurre egiteko legegintzaldi berri honetan ere elkarrekin lanean jarraituko dugula.

Xehetasun gehiago bideo honetan:

https://www.youtube.com/watch?v=5YFk206egu0&t=8s