KONFEKOOP hazi egin da jardueran, nabaritasun eta eraginean, bazkideetan eta enplegu-kopuruan 2023an

KONFEKOOPek, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak, datorren maiatzaren 22an egingo du urteko Batzarra, Bilboko Euskalduna Jauregian. Bertan, 2023ko ekitaldiaren balantzea egingo du, eta 2024ko Kudeaketa Plana eta aurtengo aurrekontu ekonomikoa onartuko ditu. Ekitaldiaren aurrerapen gisa, Konfederazioaren presidente Rosa Lavín eta KONFEKOOPeko zuzendari Iñaki Nubla Batzarrean defendatuko dituzten ildo nagusiez mintzatu dira gaur.

Biek ala biek adierazi dute 2023. urtea ekitaldi positiboa izan dela Konfederazioarentzat, bere jarduera estrategikoei dagokienez. «Aurrerapen handiko aldia izan da, bai KONFEKOOPentzat eta bai Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa osatzen dugun enpresentzat». «Eragile garrantzitsua gara jada herrialdeko agenda politiko eta instituzionalean, eta kooperatibismoa erreferentziako enpresa-eredu bihurtu da enpresa eta gobernu askorentzat», adierazi du Lavínekin.

«KONFEKOOP enpresa-talde indartsua da, finantza-osasun onekoa, sendoa eta finkatua», erantsi du.

Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak eutsi egin dio bere elkarte-oinarriari 2023an: bere enpresa kooperatiboetan, % 8 igo da enplegu-kopurua, eta % 2 bazkide-kopurua, 1.527.482 bazkide izatera iritsita. Bazkide-gehikuntza nabarmen hori irakaskuntza-, kontsumo- eta kreditu-kooperatibetan gertatu da batez ere; enplegu-gehikuntza, berriz, industria-, eraikuntza- eta zerbitzu-jarduerako lan elkartuko enpresetan batik bat.

Gainera, KONFEKOOPek jarduera-sektore guztiak ordezkatzen ditu: industriatik merkataritzara bitartekoak, tartean egonik hezkuntza, zaintzak, nekazaritza eta elikadura, aholkularitza teknologikoa, digitalizazio-maila handiko enpresak, kreditua, garraioak, etab. Enpresa kooperatiboen aniztasun horrek eta erakundearen sektore-ugaritasunak, hain zuzen ere, enpresa-talde berezi eta berdingabe bihurtzen du KONFEKOOP, hala Euskadin nola Estatuan eta nazioartean.

«Gure konpromisoa da erabakiak hartzen diren lekuetan eta planak, estrategiak nahiz ekintzak diseinatzen eta adosten diren lekuetan enpresa kooperatiboen interesak ordezkatzea; eta, horretarako, funtsezkoa da instituzioetan daukagun oihartzuna eta eragina handitzea», adierazi du Lavínek.

«Gero eta presentzia handiagoa daukagu ordezkaritza kooperatiboaren eta ekonomia sozialaren eremuetan. Erakundearteko koordinazio-eremuetan sendotu egin dugu gure presentzia. Iazko abenduan Enpleguaren Euskal Legea onartu ondoren, espero dugu aurten bai egongo garela presente Lanbideko Administrazio Kontseiluan, kooperatibismoaren aldarrikapen historiko bati erantzuna emanez», erantsi du.

KONFEKOOPeko presidenteak jakinarazi du azken asteotan indar politiko guztiei helarazi dietela gobernantza-eredu berri bat bultzatzeko aukera, elkarrizketa instituzionalean transbertsalki enpresa kooperatiboen partaidetza izateko, Euskadiren garapenerako eragile erabakigarriak diren aldetik. «KONFEKOOPen, espero dugu hasi berria den ziklo honetan beharrezkoak diren urratsak egingo direla enpresa kooperatiboen ezagutza eta esperientzia guztia aprobetxatzeko, eta urrats horiek Eusko Jaurlaritza berriaren lehentasunetan eta organigraman kooperatiba-sareari presentzia handiagoa emanez gauzatzea», nabarmendu du KONFEKOOPeko presidenteak.

Lavínek, bestalde, adierazi du KONFEKOOP hiru foru-aldundietako Ogasuneko ordezkariekin lankidetzan ari dela, zerga-araudia eguneratzean enpresa kooperatiboentzako tresna fiskalak sar daitezen, ekintzailetza, kontsolidazioa, sendotzea, produktibitatea eta lehiakortasuna indartzeko baldintzak eta zerga- nahiz finantzaketa-mekanismo onuragarriak ezartzeko. «Sistema fiskal egokitu bat behar dugu, eredu kooperatiboa bere zabaltasun osoan babestu, sustatu eta bultzatuko duena eta haren garapena oztopatuko ez duena. Lehiakortasun globala hain itzela den honetan, zerga-araubide egokia eduki behar dute lurraldean errotuta dauden, berrikuntzaren aldeko apustua egiten duten eta gizarte-kohesioari laguntzen dioten enpresa kooperatiboek, bai kooperatiba berriak sortzen, bai lehendik daudenei garatzen laguntzeko».

Rosa Lavínek, bere esku-hartzea amaitzeko, ziurtatu du KONFEKOOPek erantzunkidetasuna izaten jarraituko duela eta bere ezagutza nahiz esperientzia ematen jarraituko duela aldaketa bizkorren garaiotan bizitzen ari garen eraldaketen aurrean eta etorkizunean izan nahi dugun herrialdearen eraikuntzan.