KONFEKOOPek berretsi egin du Euskadiko sektorearteko enpresa-elkarterik adierazgarri eta garrantzitsuenetakoa dela, 2022ko emaitza positiboen ostean

Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak balantze positiboa egin du 2022ko ekitaldiaz, 2023ko gizarte-ekonomiaren hiriburuan (Donostian) gaur goizean egindako Batzar Nagusian. Gora egin dute bai kooperatiben kopuruak, bai bazkideenak.

Donostia, 2023ko maiatzaren 10a. KONFEKOOPek 2023ko Batzar Nagusia egin du gaur, Donostiako Aquariumean. Bertan izan dira konfederazioko kooperatiben ehundik gora ordezkari eta goren mailako erakunde-ordezkaritza zabal bat, tartean Iñigo Urkullu lehendakaria, Idoia Mendia lehendakariordea eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia zirela.
Konfederazioak balantze positiboa egin du 2022. urteaz. Izan ere, KONFEKOOP hazi egin da jarduerari, eraginari, kooperatiba-kopuruari eta enpleguari dagokienez, nahiz eta egoera geopolitiko berriak eragin kaltegarria izan —nazioarteko ordena birdefinitzen ari den Ukrainako gerra, produkzio-ereduak, hornidura-kateak eta ondasun eta elikagaien banaketa—.
KONFEKOOPeko lehendakari Rosa Lavin harro agertu da kooperatiben sektore ekonomikoaren ordezkari izateaz, lehendakariarekin batera Batzarrari hasiera emateko egindako hitzaldian. Haren esanetan, «kooperatibismoa gai da bizi ditugun aldaketa azkarrei eusteko, eta, ez hori bakarrik, moldatu egiten da eta irtenbide berritzaileak eskaintzen ditu, Euskadi abangoardian kokatzeko, herrialde oparo eta kohesionatua izan dadin».
KONFEKOOPeko lehendakariak ziurtzat jo du euskal kooperatiben konfederazioa Euskadiko sektorearteko enpresa-elkarterik ordezkagarrienetako bat dela, eta, horren jakitun izanik, garapen ekonomiko eta sozialari ekarpena egiteko beharra duela. «Enpresa kooperatiboen ahotsa, ezagutza eta esperientzia erabakiak hartzen diren leku guztietara iristea nahi dugu», azpimarratu du.
Gaur egun, legegintzaldi honetan sustatzen ari diren arau-aldaketetan ari da parte hartzen Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa; Estatuko Enplegu Legean, Euskal Enplegu Legean eta Euskal Hezkuntza Legean, besteak beste.
Ildo horretan, Lavínek zehaztu duenez, Euskal Enplegu Legeak lehen aldiz jasotzen du KONFEKOOPek Lanbideren Administrazio Kontseiluan parte hartzeko eskubidea, baina ez du bermatzen. «Lanean jarraituko dugu, kooperatibek Lanbiden parte hartzeko eskubidea berma dezan Eusko Legebiltzarrak onartzen duen Legeak (…) Izan ere, ez dago ulertzerik gure herrialdearen garapen ekonomiko eta soziala kooperatiba-sarea aintzat hartu gabe», nabarmendu du, KONFEKOOPek Lanbideren Administrazio Kontseiluan parte hartzeko aldarrikapen historikoa aipatuz.
Haren hitzetan, parte-hartze horren bidez, Euskadin enplegu gehiago eta hobea sortzen lagundu ahal izango du konfederazioak. «Badakigu kooperatibak ezinbesteko kolaboratzaileak garela enplegu duina eta kalitatea lortzeko, eta espero dugu Legebiltzarrean onartzen den Legeak hori onartzea», baietsi du KONFEKOOPeko lehendakariak.
«2023an hazten jarraituko dugu.Elkartutako kooperatiben kopurua handitzen jarraitu nahi dugu, eta, jakina, enplegu duina eta kalitatekoa sortu nahi dugu», amaitu du konfederazioko buruak.
Bestalde, konfederazioko sektore-ordezkariek egindako hitzaldietan eta Batzarrean ezagutarazitako dokumentazioan agerian geratu dira euskal kooperatibismoak 2022. urtean lortutako emaitza onak, sektorearen pisu espezifikoa eta ekarpen nabarmena egiteko gaitasuna erakusten dutenak: 1.400 kooperatiba, 60.000 enplegu eta 1.500.000 bazkide. Datu horiek konpromisoa, lankidetza eta hazkundea adierazten dituzte.
Azkenik, arlo sektorialen deskargua egin ostean, hitzaldi batekin amaitu da Konfekoopen Batzarra. Iván Martén Uliarte energia- eta ingurumen-sektoreko adituak eman du «Transición energética e impacto en la competitividad» (trantsizio energetikoa eta lehiakortasunean duen inpaktua) izenburupean.



Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.