- March 31, 2023
- Posted by: KONFEKOOP
- Categories: Albisteak Konfekoop, Irakaskuntza
Konfekoop irakaskuntzak antolatuta, Irakaskuntza Kooperatiben V. Biltzarra egin da Bilboko Euskalduna Jauregian, martxoaren 21ean eta 22an. Irakaskuntza kooperatibak 2030ean lelopean, gizartean gertatzen ari diren aldaketei aurre egiteko gakoak bilatzen dituen programa zabala egin da.
Patxi Olabarria Konfekoopeko lehendakariorde eta Irakaskuntza ataleko arduradunak inauguratu du kongresua, azken lau urteetan egindako lanaren deskargua eginez.
Lehen jardunaldi honetan, euskararen erabilerarekin eta hizkuntza gutxitu baten testuinguruan irakaskuntza zertan datzan azaltzen duten hainbat gairi erantzun zaie. Bestalde, Adimen Artifiziala zer den eta horrek hezkuntzan duen eragina ere aztertu da.
Lehenengo hizlaria Imanol Larrea Mendizabal izan da. Larrea, soziologoa eta komunikazioan doktorea, Soziolinguistika Klusterreko zuzendaria da 2015etik, eta, datu objektiboetatik abiatuta, euskararen erabilerarekin lotutako zenbait gai aztertu ditu.
Idurre Alonso Amezua eta Eneko Bidegain Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileek hartu dute hitza. Euskararen irakaskuntzan estrategia aldatzea dagokigula defendatzen dute, “orain arte egin dena egiten jarraitzea ez baita aurrera egiteko bidea”. Hizkuntza gutxitu baten testuinguruan irakasteko metodologietatik haratago, hizkuntza eta kultura ardatzean kokatzeko moduak bilatu behar ditugula aldarrikatzen dute.
Bestalde, Laura Marrón Merinok adimen artifizialaz hitz egin du. Telekomunikazioetako ingeniaria eta Enpresa Zuzendaritzako masterra. Marron Adimen Artifizialeko Euskal Zentroko (BAIC) zuzendaria da 2022ko hasieratik. Adimen artifiziala zer den eta horrek hezkuntzan izango duen eraginaz aritu da.
Andoni Eizagirre Mondragon Unibertsitateko irakaslea eta Filosofian doktorea da. Hiri-berrikuntzako aditu tituluaren koordinatzailea da, eta LANKI Kooperatibismoaren Ikerketa Zentroan egiten du lan. Gizarte-aldaketa berriak eta ikasgeletan duten eragina azaldu ditu: “Denok bizi ditugun eta ikusten ditugun gizarte-aldaketa berriek ezaugarri batzuk dituzte, eta horiei arreta jartzeak etorkizunari begiratzeko arrastoak eman diezazkiguke”, adierazi du. Hezkuntzari eta eskolari buruzko eztabaida nagusiak ulertzeko eta horiei zentzua emateko, gizarte-aldaketen esparrua hausnarketan txertatzea proposatzen da.
Igor Leturia Azkarate Elhuyar Fundazioko Hizkuntzaren Teknologien Ikerketa eta Garapen Saileko arduradunaren eskutik, hezkuntza-testuinguruan irisgarritasunari, euskarari edo gaur egungo ingurune eleanitzari zenbat aplikaziok lagun diezaioketen jakiteko adibide praktikoak ere ikusi dira. Teknologia horiek erabiltzeak izan ditzakeen arriskuak edo eragozpenak ere aipatu ditu.
Bestalde, Egoitz Etxeandiak galdetu du ea Adimen Artifiziala tresna edo mehatxu gisa ikusten den irakaskuntzan. Etxeandia adimen artifiziala eta hezkuntza binomioaren ikertzailea da, eta AIEDUtech-en sortzaileetako bat. Hitzaldiaren helburua Adimen Artifiziala gaizki erabiltzeak izan ditzakeen arriskuak baino aukera potentzialak erakustea izan da.
Marta Navarro Saiz izan da lehen jardunaldi honetako azken hizlaria eta sare sozialen etorkizunaz hitz egin du. Navarro Marketing Digitalean, Online Estrategian eta Big Datan espezializatutako kazetaria da. Gaur egun, Hortelanos komunikazio eta marketin agentziako Estrategia Digitaleko zuzendaria da. Gainera, Deustuko Unibertsitateko irakaslea da. Teknologia berrien hedapenak eta harreman-ereduen bilakaerak beste erronka bat sortu dutela defendatzen du: nola komunikatu nabarmentzeko. Saio honetan aldaketa horietan sakondu du, eta entretenimendu-sareez, metaversoaz, adimen artifizialaz, elkarrizketa-marketinaz, datuez, FOMOz eta formatu berriez hitz egin du, besteak beste.