- February 27, 2023
- Posted by: KONFEKOOP
- Category: Albisteak Konfekoop
• Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak omenaldia egin die ibilbide honetan parte hartu duten enpresa eta erakundeei
• Kontseiluak etorkizunerako eta euskal kooperatibismoarekin duen konpromisoaren irudi berria aurkeztu du
Vitoria-Gasteiz, 2023ko otsailaren 247a. Gaur astelehena, hilak 27, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak bere 40. urteurrena ospatu du, bere historiako uneren batean Kontseiluaren Osoko Bilkuran parte hartu duten pertsonek egindako lana aitortzeko egin den ekitaldian.
Horrez gain, ekitaldiak, Bilboko Euskalduna jauregian egin denak, 40 urte hauetako mugarri nabarmenenak eraikitzen lagundu duten erakundeen inplikazioa eta konpromisoa eskertzeko balio izan du.
Ekitaldian lau hamarkada hauetako historia errepasatu da, hiru uneren bidez: eraiki, indartu eta bultzatu.
Lehen zatian Kontseiluko presidenteei aitortza egin zaie, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentearen eskutik. Luis Irazabal, Javier Sanz, Jose Felipe Yarritu, Alfredo Ispizua, Maria Ubarretxena, Javier Goienetxea eta Patxi Olabarria egungo presidentea egon dira bertan.
Era berean, Kontseilua osatzen duten erakundeek Osoko Bilkuran ordezkari izan dituzten ehun kontseilukideei omenaldia egin zaie bihotz-bihotzez. Hau da, Konfekoop, Eusko Jaurlaritza, hiru foru aldundiak eta hiru euskal unibertsitateak ordezkatzen Osoko Bilkuran parte hartu dutenei.
Gainera, Idoia Mendiak lehendakariordeak ekitaldira etortzerik izan ez duenez, hark bidalitako bideo mezua igorri da.
Bigarren zatian, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren egungo uneaz hitz egin da. Patxi Olabarria kontseiluko lehendakariak enpresa kooperatiboaren ereduari balioa emanez jardun du nagusiki bere diskurtsoan, enpresa tradizionalerako eredu erreferentea den heinean. “Enpresa kooperatiboak kalitate handiagoko enplegua sortzen du, erabakietan parte hartzeko aukera ematen du, eta soldata eta genero arrakala murrizten du. Kooperatibei lotutako balio horiek dira gazteek gero eta gehiago eskatzen dituztenak, eta gazteak dira eta izango dira Euskadin etorkizuneko ekoizpen eta enpresa sarea eratuko dutenak”.
Hain zuzen ere, euskal kooperatibismoaren etorkizuna izan da ekitaldiaren hirugarren zatiko protagonista, hiru gaztek, etorkizuneko kooperatibistak, eta Xabier Igoa bertsolariak ordezkatuta.
Etorkizunari begiratzearekin batera, Kontseiluak bere marka berria aurkeztu du: Kooperatiben Kontseilua irudi berritu batekin, horizonte berriari aurre egiteko, enpresa kooperatiboek Euskadiko garapen ekonomikoari eta sozialari ekarpen handiagoa eginez.
Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzekin eman zaio amaiera ekitaldiari.