- December 2, 2022
- Posted by: KONFEKOOP
- Category: Albisteak Konfekoop
● Azaroaren 28an, astelehenean, sari-banaketaren 32. edizioa egin zen Bilbon. Yolanda Diaz presidenteorde eta Lan eta Gizarte Ekonomiako ministroak ospakizunean parte hartu zuen bideo baten bidez; han izan ziren, halaber, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua, Kepa Olivares ASLEko presidentea eta Jone Nolte ASLEko gerentea.
● Rosa Lavín eta Iñaki Nubla, KONFEKOOPeko presidentea eta zuzendaria, hurrenez hurren, Juan Antonio Pedreñorekin batera izan ziren ekitaldian.
● Sari honen bidez aintzatespena egin nahi zaie gizarte-ekonomia defendatu eta sustatzeagatik nabarmendu diren mundu osoko pertsona, enpresa eta erakundeei.
Bilbo, 2022ko azaroaren 22a.- Ekonomia Sozialeko Espainiako Enpresa Konfederazioko (CEPESeko) presidente Juan Antonio Pedreñok 2022ko «Txemi Cantera» Gizarte Ekonomiaren Nazioarteko Saria jaso zuen astelehenean, ASLEren eskutik —Euskadiko Lan Sozietateak eta Enpresa Partaidetuak barne hartzen dituen enpresa-elkartea—.
Sari horrek 32. edizioa egin du aurten, Bilboko Yimby aretoan, eta enpresa-eredu hori defendatu eta sustatzeagatik nabarmendu diren mundu osoko pertsonak, enpresak eta erakundeak aintzatestea du helburu. Sari-banaketan Idoia Mendia izan zen buru, Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua; bertan hartu zuten parte, halaber, Yolanda Díaz Espainiako Gobernuko presidenteorde eta Lan eta Gizarte Ekonomiako ministroak, Kepa Olivares ASLEko presidenteak eta Jone Nolte ASLEko gerenteak.
Ekitaldian, Pedreñoren ibilbide profesionala eta hark egindako lana nabarmendu zituzten: «gizarte-ekonomiako erakundeetan pertsona adierazgarrienetako bat», epaimahaiaren arabera. Epaimahaiak berak zehaztu zuenez, saridunak «gizarte-ekonomiako erakunde guztiak kohesioz integratzea lortu du, estatuan nahiz nazioartean elkar ulertzeko eta elkarrekin hitz egiteko guneak ahalbidetuz».
Horrez gain, epaimahaiak nabarmendu zuen Pedreñok Gizarte Ekonomiako lehen Legea sustatu zuela, 2011n, eta, beraren agintaldian, lehenengoz, Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioa sortzea lortu zuela.
Yolanda Diaz Gobernuko presidenteorde eta Lan eta Gizarte Ekonomiako ministroak azpimarratu zuenez, «aldaketa handietan beharrezkoak dira Juan Antonio Pedreño bezalako pertsona trebeak, aldaketa horiei aurre egiteko prest daudenak». Haren hitzetan, «urte hauetan beti izan zara gurekin, gizarte-ekonomia ikusgai egiteko zure gogo nekaezinarekin, hura Ministerioaren kezken erdigunean jarriz».
Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburu Idoia Mendiak adierazi zuenez, «gizarte-ekonomiaren aldeko apustua konbikzio kontua da eta, horregatik, 2023rako aurrekontua % 21 igotzea aurreikusi da». Idoia Mendiak gaineratu zuenez, «Juan Antonio Pedreño ameslari bat da, egunez egun erakusten baitu nolako gaitasuna duen gizarte-ekonomia, zailtasunak dauden bakoitzean bere burua berrasmatzen duena, ageriko egiteko estatuan eta nazioartean».
«Pedreñok ekarpen erabakigarria egin du gizarte-ekonomiako erakundeen barne-kohesioan, eta agenda politikoaren maila gorenean jarri du gizarte-ekonomia, orain arte ez bezala», azaldu zuen Jone Nolte ASLEko gerente eta epaimahaiko idazkariak. «Hari esker, gizarte-ekonomiaren Espainiako eredua erreferente bihurtu da Europan, enpresa-eredu horren izaera sozial eta solidarioaz haratago», gaineratu zuen.
Sarituak, Juan Antonio Pedreñok, adierazi zuenez, epaimahaiak islatutako argudioak behar bezala gauzatu ahal izan dira «gizarte-ekonomia osatzen duten eta CEPESeko kide diren erakunde guztien eskuzabaltasunari esker; izan ere, haien atal txikiei uko egin behar izan diete multzo osoaren mesedetan, multzo osoaren onurak berriz ere erakunde bakoitzari mesede egingo ziola jakinda», eta Henry Fordi egin zion aipamena: «biltzea hasiera da, elkarrekin jarraitzea aurrerabidea, eta elkarrekin lan egitea arrakasta».
«Hala egitea, egiteko eskuzabaltasuna eta gizarte-ekonomiaren balioak aplikatzea ezinbestekoak izan dira gizarte-ekonomia eta erakunde horietako bakoitza gaur egun bizi dugun testuinguruan kokatzeko: politiken eta erakundeen erdigunean», amaitu zuen.
GIZARTE-EKONOMIARI ESKAINITAKO IBILBIDEA
Juan Antonio Pedreño 2008tik da CEPESeko presidentea, «Social Economy Europe» erakundekoa 2015etik, UCOMURekoa (Murtziako Eskualdeko Kooperatiben Elkartekoa) 1986tik, eta UCoERMekoa (Murtziako Eskualdeko Irakaskuntzako Kooperatiben Elkartekoa) 1998tik. Gainera, Espainiako Lan Elkartuko Konfederazioko (COCETAko) presidente izan zen 2005etik, 14 urtez.
Pedreñok (Los Garres, Murtzia, 1957) Kimika Zientzietan lizentzia egin zuen Granadako Unibertsitatean, Kooperatibismoan eta Gizarte Ekonomian graduondoa Murtziako Unibertsitatean eta Masterra Manchesterreko Unibertsitatean. «Social Economy Europe» elkarteko buru da 2015etik, Europan gizarte-ekonomia ordezkatzen duen erakundea. Bertan, Europako Gizarte Ekonomiari buruzko lehen Plana jarri zuen martxan, Europako Batzordeak onartua; izan ere, plan horrek enpresa-eredu hori sustatzea du xede, gizarte-ekonomiak Europako barne-produktu gordinean duen pisua handitzeko helburuarekin.