- November 18, 2022
- Posted by: KONFEKOOP
- Category: Albisteak Konfekoop
KONFEKOOPek antolatuta, AGROSMARTglobal Biltzarra egin dute Guardian, Euskal Autonomia Erkidegoaren hegoaldean, Arabako Errioxan, hain zuzen. Villa Lucia gune enoturistikoan izan dira hitzaldiak.
Azaroaren 16an eta 17an egin dituzte aurkezpenak, bisitak eta euskal kooperatiben produktuak sustatzeko jarduerak.
Hitzaldietan askotariko gaiak aztertu dituzte: nazioartekotzea eta horren arrakastaren gakoak, bereizteko estrategiak, eta jasangarritasunean aurrera egiteko berrikuntza eta digitalizazioa.
Eusko Jaurlaritzaren izenean, jardunaldietan egon dira Raúl Pérez Iratxeta Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria eta Elena Pérez Barredo Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordea.
Nazioartekotzearen atalean, kanpo-merkataritzan ibilbide garrantzitsua egin duten kooperatibek hartu dute parte, besteak beste, honako hauek: Martin Codax S. Coop, Adega Cooperativa Ponte de Lima eta COVAP-Cooperativa del Valles de los Pedroches. Gainera, MING DA Consulting aholkularitza-enpresaren eskutik, Txinako sare sozialen berri jaso dute biltzarkideek. Hala, sare sozial horien bidez euren produktuak Asiako merkatuan sartzeko, sustatzeko eta nabarmentzeko moduak azaldu dizkiete.
Bereizteko estrategiaren atalean, bi esperientzia aztertu dituzte biltzarrean. Batetik, Agriconfiance ziurtagiria erabiltzen duten Frantziako kooperatiben estrategia, gizarte-erantzukizuneko estandarrak betetzen dituzten produktu kooperatiboak bereizteko aukera ematen duena, eta, bestetik, Harakai kooperatibaren Baserria Km0 estrategia, proiektuaren atzean dagoena eta Euskal Herriko haragi-ekoizleekiko lotura ezagutarazten dituena.
Digitalizazioaren, berrikuntzaren eta jasangarritasunaren atalean, bi sektoretan egindako lana eman dute jakitera: esne-ekoizpenari dagokionez, KAIKU kooperatibaren KAIKU BERDEA ekimena aipatu dute. Berrikuntzaren bidez, sektorearen jasangarritasuna hobetzea du helburu. Bestalde, mahastizaintzaren sektorean Galiziako Viña Costeira S. Coop. upategiak jasangarritasunaren arloan egin dituen berrikuntzak azaldu dituzte. Kooperatibak mahastizaintzaren ezagutza hobetzera bideratutako hainbat proiektutan hartu du parte.
Era berean, hilaren 16an, goizeko saioan, Master of Wine aipamena duen Andreas Kubach adituak hitzaldia eskaini zuen, eta lurraldeen jasangarritasunean oinarrituta sortzen ari diren joerak eta merkataritza-proiektuak izan zituen hizpide.
Partaideek bertako kooperatibetako produktuak dastatzeko aukera izan zuten, Mikel Garaizabal gastronomia-dibulgatzaileak zuzendu eta HAZI Fundazioak babestutako dastaketan. Ekitaldi horretan honako produktu hauek aurkeztu eta dastatu zituzten: Trujal de Moreda kooperatibak ekoiztutako oliba-olio birjina estra, Unión de Cosecheros de Labastida eta Cooperativa Vitivinícola de Lapuebla de Labarca kooperatibek egindako ardoa, eta Latxa Esnea kooperatibaren Idiazabal gaztak. Gainera, Getariako Txakolina, Euskal Sagardoa eta Eusko Label ziurtagiridun ogia dastatu zituzten bertaratutakoek.
AGROSMARTglobal proiektua
AGROSMARTglobal Europako proiektu bat da, Interreg Sudoe 2021-2027 programarekin batera finantzatua, Europako hego-mendebaldeko ETE-en lehiakortasuna eta nazioartekotzea sustatzeko lehentasunezko ardatzaren barruan.
Proiektuaren helburua kooperatiben nazioartekotzea hobetzea da, eta, horretarako, Txinarekiko eta Estatu Batuekiko aliantza komertzialak sendotzea eta partaideen arteko elkar-lankidetza sustatzea.
Portugalen, Europako SUDOE esparruko bost eskualde hauek hartzen ditu proiektuak: Iparraldea, Algarve, Erdialdea, Lisboa eta Alentejo.
AGROSMART Europako proiektuak merkataritza elektronikoko estrategien bidez sustatuko du Portugal, Espainia eta Frantziako kooperatibetako produktuak Txinako eta Estatu Batuetako merkatuetan sartzea.