Kooperatibismoaren Munduko Topaketa Sevillan, «Kooperatibak: orain da unea» lelopean

Sevilla, 2022ko ekainaren 20a. Sevilla izan zen nazioarteko kooperatibismoaren elkargunea. Lehen aldiz bildu zen Espainian, ekitaldi jendetsua egiteko, kooperatiben eredua berrikusteko eta krisian dagoen mundu honek etorkizunean izango dituen erronken aurrean jarrera hartzeko.

Ekitaldi berean, Nazioarteko Kooperatiba Aliantzak (NKAk) hauteskunde-batzarra egin zuen, hori izan baitzen, hain zuzen, topaketaren eragilea.

Ehun bat herrialdetako 700 lagunek baino gehiagok hartu zuten parte jardueraz, lantegiz, bileraz, foroz eta lan-mahaiz betetako egitarauan. Hau izan zen leloa: Kooperatibak: orain da unea.

Ekitaldia ekainaren 19tik 22ra egin zen, eta Lan Elkartuko Kooperatiben Espainiako Konfederazioa (COCETA) izan zen anfitrioia eta antolatzailea.

Topaketan lantegi bereziak egin ziren zenbait gai aztertzeko, besteak beste, plataformako kooperatibismoak eskaintzen dituen aukerak, kooperatiben arloko politikak autonomia-erkidegoetako administrazio publikoen ikuspegitik, eta eredu kooperatibo nabarmenak, hala nola Mondragoneko euskal eredua eta Andaluziako COVAPena.

Topaketaren aitzakian, partaideek Sevillako kooperatibak bisitatu zituzten, eta kulturarako tartea ere izan zen. Aipagarria da nazioarteko lan-kooperatibismoaren Hanka bat lurrean ereserkia interpretatu zuteneko une berezia.

Rosa Lavín KONFEKOOPeko lehendakariak moderatzaile-lanak egin zituen kooperatiben orainaldiari buruzko lan-mahaietako batean. Oraingoa zergatik da une egokia kooperatibentzat? Galdera hori izan zen mahai-inguruaren abiapuntua. Yolanda Díaz Lan eta Gizarte Ekonomiako ministroa, Iñigo Albizuri CICOPAko lehendakaria, Juan Antonio Pedreño Social Economy Europe eta CEPES erakundeetako lehendakaria, eta Carlos Zarco IHCOko eta Espriu Fundazioko lehendakaria izan ziren parte-hartzaileak.

NKAren hauteskunde-batzarraz gain, beste erakunde batzuek ere Topaketaren barruan egin zituzten urteko batzarrak, horien artean COCETAk, horren bazkide FAECTAk, eta Europako eta mundu-mailako CECOPek eta CICOPAk. Era berean, etxebizitzaren, kontsumoaren, arrantzaren eta nekazaritzaren sektoreetako estatuko eta nazioarteko kooperatibek sektore-bilerak egin zituzten.

COCETAk eta Nazioarteko Kooperatiba Aliantzako Espainiako erakunde guztiek egindako lana emankorra izan da, eta horrek poztu egiten gaitu; izan ere, Iñigo Albizuri NKAko Board taldeko (Kontseilu Errektoreko) kide hautatzea lortu dugu.

Beste berri batzuk:

• Ariel Guarco berriro hautatu dute NKAko lehendakari.

• Ana Aguirre Gazteriaren Batzordeko lehendakari karguan berretsi dute.

• Carlos Zarco hautatu dute Osasun Kooperatiben Nazioarteko Erakundeko (IHCO) ordezkari.

NKA: gobernuz kanpoko erakunde zaharrenetako bat

Nazioarteko Kooperatiba Aliantza (NKA) 1895ean eratu zen, eta gobernuz kanpoko erakunde zaharrenetako bat da. Mundu osoko kooperatibak batu eta ordezkatzen ditu, eta haien alde lan egiten du. Askotariko gobernuekin eta erakundeekin batera jarduten du kooperatibak osatu, sendotu eta haztea ahalbidetuko duten lege-inguruneak sortzeko.

Gaur egun, NKAk 112 herrialdetako 312 erakunde biltzen ditu. Erresuma Batuan, Mexikon, Turkian, Kanadan, Malaysian eta Argentinan bildu ondoren, aurten Sevillan egin du hauteskunde-batzarra, lehen aldiz Espainian, COCETAk antolatutako Kooperatibismoaren Munduko Topaketaren barruan.

COCETA NKAko kide diren Espainiako bost erakundeetako bat da. Gainerakoak Espriu Fundazioa, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa (KONFEKOOP), Kataluniako Kooperatiben Konfederazioa (COOPCAT) eta Gizarte Ekonomiako Espainiako Enpresa Konfederazioa (CEPES) dira.



Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.