- June 22, 2022
- Posted by: KONFEKOOP
- Category: Albisteak Konfekoop
• Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak, KONFEKOOPek, dokumentu bat prestatu du, kooperatibek eragile ekonomiko eta sozial gisa erantzukizuna hartzeko beharra aldarrikatzeko.
• Lan Elkartuko Kooperatiben Espainiako Konfederazioa (COCETA) da Sevillan ekainaren 19tik 22ra egiten ari den topaketako anfitrioia. Kooperatibismoaren ordezkari nagusiak bildu dira han.
• Kooperatibentzat, lehentasunezkoa da enplegu egonkor eta kalitatezkoa mantentzea eta sortzea.
Sevilla, 2022ko ekainaren 21a. Krisi-garaietarako babeslekutzat hartu izan dira kooperatibak, baina garai hori gainditu egin dute, eta, gaur egun, lan-egonkortasuna, lurraldean sustraituta egotea eta produktibitatearen hobekuntza ezaugarri dituen eredu ekonomiko bateko protagonistak dira. Kooperatibak etsenplu dira lehiakortasunari eta partaidetzako kudeaketa demokratikoari dagokienez, eta beste enpresa-eredu batzuk arretaz daude horri begira.
Hori dela eta, KONFEKOOP Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak «Enpresa kooperatiboak: beharrezko balioa gizartearentzat» adierazpena aurkeztu du Sevillan egiten ari den Kooperatibismoaren Munduko Topaketaren esparruan —Lan Elkartuko Kooperatiben Espainiako Konfederazioak (COCETAk) antolatu du—.
COCETAk, HISPA COOPek, UECOEk, Nekazaritzako Elikagaien Kooperatibek, CONCOVIk, ACI COOPek, COOP Healthek, CICOPAk, Espriu Fundazioak, COOPCATek eta CEPESek sinatu dute agiria. Hartan jasotzen denez, gaur egun 23.907 kooperatiba daude Espainian, 1.150.000tik gora pertsonari zuzeneko eta zeharkako enplegua ematen diete, milioi 1 bazkide langile eta 6,5 milioi bazkide kontsumitzaile baino gehiago dituzte eta irakaskuntza-kooperatibetan 300.000 ikasletik gora daude. Kooperatiben zenbait datu baino ez dira horiek. Egun, kooperatibek ekonomiako sektore eta bertikal guztietan jarduten dute, eta BPGd-aren % 10 osatzen dute.
Garrantzitsuak eta, zalantzarik gabe, indartsuak diren arren, sektore publikoak ez ditu kooperatibak behar adina aintzat hartu esparru instituzional eta arauemailean, ez toki-mailan, ez erkidegoan, ez estatuan.
Kooperatibak ordezkatzen dituzten erakundeetako ordezkariek ere ez dute baldintza beretan parte hartzen, beste eragile tradizional batzuekin batera, elkarrizketa eta itun sozialeko esparru eta mahaietan.
Horregatik eta dokumentuan zehazten diren beste arrazoi batzuengatik, kooperatibek hau eskatzen dute adierazpenaren bidez:
- Eragile ekonomiko eta sozial gisa dugun erantzukizuna geure gain hartu nahi eta behar dugu, eta, hartara, enplegu-politikak erabakitzen diren eremuetan gobernagarritasunaren parte izan.
- Elkar-hartze sozialeko esparruetan egon nahi eta behar dugu, hau da: elkarrizketa sozialeko mahaietan, bai estatuan, bai erkidegoetan eta bai toki-mailan; kontseilu ekonomiko eta sozialetan, eta gobernuak, enpresak eta langileak herrialdeko estrategia eta plan ekonomikoak eztabaidatzeko eta jorratzeko biltzen dituzten foro guztietan.
- Gizarteak gaur egun dituen erronka handietarako soluzioetako bat izan nahi eta behar dugu: energia-trantsizioa eta klima-aldaketa; erronka teknologiko eta digitalak; berrikuntza; gizarte orekatuagoa, kohesionatuagoa eta sozialki bidezkoagoa lortzea, eta abar. Hau da, Konstituzioan ezarritako zuzenbidezko estatu sozial eta demokratikoa eraikitzen jarraitzea.
Adierazpen osoa irakurtzeko, sakatu hemen
Sevilla da kooperatiben elkargunea. Nazioarteko kooperatibismoa lehen aldiz bildu da Espainian, ekitaldi jendetsu bat egiteko, kooperatiben eredua berrikusteko eta krisian dagoen mundu honek etorkizunean izango dituen erronken aurrean jarrera hartzeko. Jardueraz, lantegiz, bileraz, foroz eta lan-mahaiz betetako egitaraua prestatu da, 100 bat herrialdetako 600dik gora pertsonak har dezaten parte, lelo honekin: Kooperatibak: orain da unea.