- May 26, 2022
- Posted by: KONFEKOOP
- Category: Albisteak Konfekoop
Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak joan den urteko balantze positiboa egin du, kooperatiben eta bazkideen kopuruak gora egin baitu.
Gasteiz, 2022ko maiatzaren 25a.- KONFEKOOPek Batzar Nagusia egin du gaur Gasteizko Europa Jauregian. Bertan izan dira ehun kooperatibista baino gehiago eta maila goreneko ordezkari instituzionalak, tartean Iñigo Urkullu lehendakaria eta Ramiro González Arabako diputatu nagusia. Konfederazioak joan den urteko balantze positiboa egin du eta kooperatibismoak gizartean duen eginkizuna aldarrikatu du. Hori dela eta, Lanbideren Administrazio Kontseiluan parte hartzea eskatu du.
Batzarraren amaieran, euskal kooperatibismoak Euskadiri egin diezaiokeen ekarpena aldarrikatu du Rosa Lavín KONFEKOOPeko presidenteak Iñigo Urkullu lehendakariaren aurrean, baita, Batzarraren hasieran, Idoia Mendia lehendakariordearen aurrean ere. «Badakigu gure lanak indar handia duela», adierazi du Lavínek, eta, bere ustez, «ez daukagu nahikoa presentzia organo instituzionaletan, ezta enplegu-politikak hitzartzeko organoetan ere». Horixe dio KONFEKOOPek Lanbideren Administrazio Kontseiluan izan nahi duen partaidetzari dagokionez, sektoreak betidanik egin duen aldarrikapena baita.
«Sektore gisa euskal ekonomiari eta gizarteari ematen diogun balioaren eta zuzendaritza-organoetan dugun presentziaren arteko arrakala ixteko garaia da», adierazi du.
Era berean, eta aldarrikapen hori arrazoituz, azaldu du ekonomiaren eta lan-merkatuaren eraldaketarako Lanbidek ezinbestean hartu behar dituela barne lan-ereduen ohiko eskematik haratago doazen sektoreak ere: «KONFEKOOP Lanbiden egotea oso onuragarria izango litzateke euskal gizarte osoarentzat».
Bestalde, Batzarreko hitzaldietan eta bideoetan erreferentzia egin zaie kooperatibismoak 2021ean izan dituen emaitza onei ere; izan ere, 2021ean korporazioa enpresa-erakunde gisa finkatu zen aurreko bat-egiteen ondoren, eta, horrela, KONFEKOOP Euskadiko sektore arteko enpresa-elkarte adierazgarrienetako bat bihurtu da.
Konfederazioak zenbaki positiboekin amaitu zuen joan den urtea: 1.400 kooperatiba, 60.000 enplegu eta 1.400.000 bazkide. Horrek esan nahi du kooperatibismoa oso ohikoa dela euskal herritarren bizitzako esparru guztietan, eta argi eta garbi berresten du sektoreak duen pisu espezifikoaren eta ekarpenak egiteko gaitasunaren aldarrikapena.
Batzarrak eremu sektorialen deskargua ere egin du, eta egoera ekonomikoetan aditua den Joseba Madariagaren hitzaldiarekin amaitu da.