- May 20, 2022
- Posted by: KONFEKOOP
- Category: Albisteak Konfekoop
Rosa Lavín, KONFEKOOPeko lehendakaria: «Lan-merkatua sakonki eraldatzen ari da, eta Lanbidek aldaketa horiek islatu behar ditu kooperatibismoaren eskutik»
Iñaki Nubla, KONFEKOOPeko zuzendaria: «Oro har, enpleguak bilakaera positiboa izan du eta, hala, kooperatibismoaren izaera antiziklikoa berretsi da. Horri esker, enplegua eta jarduera ekonomikoa sortzen jarraitzen du, baita testuinguru txarretan ere»
Bilbo, 2022ko maiatzaren 20a. Rosa Lavín KONFEKOOPeko lehendakariak eta Iñaki Nubla zuzendariak prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean Bilbon, konfederazioak aurten dituen helburuak aurkezteko eta iazko ekitaldiaren balantzea egiteko. Nublaren esanetan, 2021a urte ona izan zen euskal kooperatibismoarentzat. Bilakaera hori oinarri hartuta, aurtengo helburua hazten jarraitzea dela berretsi du Lavínek, sektorearen helburu historikoa ahaztu gabe: Lanbideren Administrazio Kontseiluko partaide izatea.
Ukrainako gerrak eragindako ezegonkortasuna agerikoa den testuinguruan ekin dio Konfekoopek 2022ko ekitaldiari. Lavínek azaldu duenez, «egoerak bereziki kaltetu ditu nazioartean jarduera nabarmena duten makina-erremintaren sektoreko kooperatibak». Lehengaien krisiak, desglobalizazioak, eta energiaren eta lanaren merkatuen eraldaketak baldintzatuko dute 2022a, ekonomiari dagokionez. Aurten, euskal kooperatibismoak hazten jarraitzea du helburu, eta baita Lanbideren Zuzendaritza Kontseiluan sartzea ere, errebindikazio historikoa dena.
Ekonomiaren eraginez lan-merkatua sakonki eraldatzen ari da, eta Lanbideren Administrazio Kontseiluaren osaerak aldaketa horiei erantzun behar diela aldarrikatu du Lavínek. Izan ere, KONFEKOOPek aurtengo ekitaldirako dituen lehentasunezko helburuen artean dago «Euskal Enplegu Zerbitzuak bultzatzen dituen enplegu-politika aktiboetan eragitea, eta, horretarako, Lanbideren Administrazio Kontseiluan parte hartzea, organo horretan zehaztu eta onartzen baitira Euskadiko enplegu-politikak, enplegurako prestakuntza eta lan-mundura sartzea».
Kooperatibismoak hamar urte daramatza parte-hartze hori eskatzen, aipatutako politiketan ekarpen handia egin dezakeelakoan. Gainera, politika horiek eragin zuzena dute kooperatibismoan. Konfederazioko ordezkariaren arabera, Lanbideren Administrazio Kontseiluaren funtzionamendua eta beste gai batzuk arautuko dituen Euskal Enplegu Zerbitzuaren Legearen aurreproiektuaren izapidetzea «une egokia» da partaidetza hori gauzatzeko.
Lavínek onartu du eskaera luzaroan kontuan hartu ez izanak «egonezina» sortu duela sektorean. Ez da ulertzen zergatik ez den proposamena gauzatu, «araudia ez baita oztopo, egin diren txosten juridikoak aldekoak izan dira eta enplegu-politiken onerako izango litzateke», azpimarratu du.
Hazkundea eta lankidetza instituzionala
Bestalde, «elkartekide diren kooperatiben kopurua eta enpleguena handitzen» jarraitzea da KONFEKOOPen asmoa, 1.450 enpresa biltzera iritsi arte. Helburu hori lortzeko bide onetik doa konfederazioa, apirilera arte 40 enpresa berri sortu baitira.
KONFEKOOPeko ordezkariak gogoratu duenez, hazkunde kooperatiboak aberastasuna dakarkio herrialdeari, «kooperatiba-enpresak lurraldearekin konprometituta baitaude, deslokalizazio-fenomenoetatik urruti, eta horrek gizarte-kohesioa eta bidezko ekonomia-hazkundea sustatzen ditu».
Ildo beretik, Lavínek nabarmendu duenez, konfederazioak konpromisoa du garatzen ari diren sektoreetan kooperatibismoa zabaltzearen alde lan egiteko, eta energia ekoizteko kooperatiben eta bizikidetza-kooperatiben aurrerabidea bultzatzeko, besteak beste.
Era berean, etorkizunera begira, konfederazioak «erakundeekiko lankidetza-eremua sendotzea» du helburu, batez ere Eusko Jaurlaritzarekiko eta Foru Aldundiekiko elkarlanari dagokionez. KONFEKOOPen iritziz, arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza-eremu egonkorrak oso interesgarriak dira, bai enpresa kooperatiboentzat eta bai erakundeentzat, egungo egoera zailari aurre egiteko euskal kooperatibismoak ekarpena egin dezakeela uste baitu.
2021eko ekitaldiaren balantze positiboa
2021ean lortutako emaitza onak oinarri dituela ekin dio KONFEKOOPek 2022ko ekitaldiari. Iazkoaren balantzea positiboa izan da, bai antolaketa-mailan eta bai ekonomikoan. «KONFEKOOPentzat ekitaldi ona izan da; batetik, sektore kooperatibo guztiak erakunde bakar batean biltzeko prozesu burutu berria sendotu egin da, eta, bestetik, kooperatiben erroldak goraka egin du nabarmen, aurreikusitako jarduerak bete dira eta emaitza ekonomikoa ona da», ziurtatu du Iñaki Nublak.
Bukatzeko, konfederazioko zuzendariak positibotzat eta kooperatibismoaren eraginaren erakusgarritzat jo du «kooperatibei estatutuak 2019ko Kooperatiben Lege berrira egokitzeko epea bi urtez luzatzea eta bilerak telematikoki egiteko aukera onartzea».
2021a bukatzean, Konfekoopek 1.350 kooperatiba biltzen zituen, 2020an baino 91 gehiago (hazkunde garbia). Oro har, enpleguak bilakaera positiboa izan du eta, ildo horretan, kooperatibismoaren izaera antiziklikoa berretsi da. Horri esker, enplegua eta jarduera ekonomikoa sortzen jarraitzen du, baita testuinguru txarretan ere. COVID-19ak eta horren ondorioek eragin dute datu negatiboa.
Lan elkartukoak dira kooperatiba ugarienak eta enplegu gehien sortzen dutenak. Mota horretako kooperatibetan bazkideen lana da kooperatibizatutako jarduera. Industria, eraikuntza eta zerbitzuak dira jarduera nagusiak. Kooperatiba-eredu hori berezkoa da Euskadin eta erreferentziazkoa mundu osoan.