2021eko balantzea aurkeztu du Elkar-Lanek, kooperatiba sorrerari begira oso positiboa izan den urtea

«ELKAR-LAN Kooperatibak Sustatzeko Elkarteak» honako txosten hauek aurkeztu ditu: 2021eko ekitaldian zehar garatutako jardueren laburpena eta Enpresa Ekimen Kooperatiboen Behatokiaren hamazazpigarren txostena.

Ildo horretan, ELKAR-LANek 2021ean 149 kooperatiba sortzen lagundu zuela jakinarazi du Iñaki Nubia Otaolak, ELKAR-LANeko lehendakariak.

Horrez gain, beste 29 ekintzaile-talderekin lan egin zuen, baina, hainbat arrazoi tarteko, horiek ez ziren azkenean enpresa bihurtu.

ELKAR-LANek 2021ean sortzen lagundutako 149 kooperatibak motaka aztertuta, gehienak, 137 hain zuzen, lan elkartukoak dira, 8 etxebizitzakoak, 2 irakaskuntzakoak, 1 nekazaritza eta elikagaiena, 1 kontsumokoa eta 1 garraiolariena.

Jarduera-sektoreari dagokionez, gehienak, 54 hain zuzen, zerbitzu-sektorekoak dira: 25 eraikuntzakoak, 22 merkataritzakoak, 15 ostalaritzakoak, 8 etxebizitzakoak, 6 hezkuntzakoak, 6 garraiokoak, 3 metalgintza-mekanikoak, 2 telekomunikaziokoak, 4 nekazaritza eta elikagaienak, 2 turismokoak, 1 elektrizitate-elektronikakoa eta 1 energiakoa.

Zerbitzu-sektore barruan, askotariko jarduerak garatzen dituzte kooperatiba sortu berriek. Azpimarratzekoak dira honako jarduera hauek: kontsultoretza (21), kultura (5), gizarte-zerbitzuak (4) eta publizitatea (4).

Lurralde Historikoen arabera, %54a Bizkaian sortu da, 81 kooperatiba hain zuzen. Beste 53 Gipuzkoan sortu dira, eta 15 Araban.

Guztira 379 lanpostu sortu dituzte 149 kooperatibok; hau da, kooperatiba bakoitzak batez beste 2,5 lanpostu sortu ditu eratu den unean.

Bestalde, ELKAR-LAN Enpresa Ekimen Kooperatiboen Behatokia ere badenez, Javier Sanz zuzendariak horri buruzko HAMAZAZPIGARREN TXOSTENAren alderdirik garrantzitsuenak ezagutzera eman ditu. Behatokiaren eginkizunetako bat Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoei aholkularitza ematea da, Euskadin kooperatibismoa sustatu eta garatzeko politika publikorik egokienak abian jartzeko behar duten informazioa eskaintzeko.

Honako datu hauek azpimarra daitezke Javier Sanzen txostenetik:

  • ELKAR-LAN sortu zenetik (2002ko abenduan), 1.830 kooperatiba sortzen lagundu du (2021-12-31ko datua).
  • ELKAR-LANek eratutako kooperatiben hilkortasun-tasa oso txikia da, % 9,72koa besterik ez. Hala, 2021ra arte sustatutako 1.830 kooperatibetatik 178 likidatu dira soilik. Dena dela, 1.357 kooperatiba aktibo daude, eta ez-aktiboak 295 dira. Horiei likidatutakoak eta desegindakoak gehituz gero, hilkortasun-tasa % 25,85koa izango litzateke.
  • Enpresa-ekimen gehienak zerbitzu-sektorekoak dira. Industriari eta nekazaritzari lotutako jarduerak, berriz, oso urriak dira.
  • EAEko ekintzailearen profila: 25 eta 54 urte bitarteko emakumeak (% 40) eta gizonak (% 60), goi-mailako edo erdi-mailako ikasketak egin dituztenak.
  • Ekintzaileen % 30,56ek aurretiko esperientzia du ekintzailetzan.
  • Kooperatibaren forma juridikoaren alde egiteko arrazoiak:
    • Filosofia (horrelako sozietateekiko uste sendoa): % 38
    • Abantailak eta laguntzak: % 31
    • Aholkularien gomendioa: % 19
  • Finantza-ikuspegitik:
    • Kooperatiben batez besteko inbertsioa 7.000 eurokoa da eratzeko unean.
    • Proiektuen % 32k kanpo-finantzaketa behar du.
  • Gizarte Segurantzako araubideari dagokionez, kooperatibisten % 91ek Langile Autonomoen Araubide Berezia aukeratzen du, eta % 9ek besterik ez Araubide Orokorra. Hona hemen aukera horren arrazoiak: Autonomoen Araubidea merkeagoa da, aholkulariek gomendatzen dute eta, gainera, kotizazioetan aurrezten dutena aseguru pribatuetara bideratzen dute.

FJA_8900



Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.