- May 4, 2022
- Posted by: KONFEKOOP
- Category: Uncategorized @eu
KONFEKOOP partaide zela, topaketa bat egin da gaur Baigorrin, Europako eskualde-mailako proiektu bat ixteko: JENNACOOP, Euskadi-Nafarroa-Akitania Berria euroeskualdeko nekazaritzako elikagaietako kooperatibista gazteen sarea. Sektorearen erronkei aurre egitea dute helburu topaketak eta sareak.
Nekazaritzako elikagaien sektorea berritzeko eta berpizteko beharrak eraginda sortu zen proiektua. Sektore estrategikoa izanik, zahartzearen eta belaunaldi-erreleboaren erronkari aurre egin behar dio. Arazo horrek eragina du nekazaritzako elikagaietako kooperatibetan ere. Izan ere, sektorean eta landa-eremuan funtsezkoak dira kooperatibak, eta horiek ere arazoak dituzte zuzendaritza-organoak berritzeko, gazte gutxi baitaude ustiategien ardura eta lidergoa beren gain hartzeko prest.
Partaide hauek ditu JENNACOOPek: UCAN (Unión de Cooperativas Agroalimentarias de Navarra), LCA-NA (La Coopération Agrícole de Nouvelle Aquitainie) eta KONFEKOOP. Guztien artean, nekazaritzako elikagaietako kooperatibista gazteen sare bat sortu eta abian jarri dute, harremanetan egotea eta ezagutza partekatzea helburu harturik. Horrela, aukera gehiago izango dituzte baterako erronkei aurre egiteko: ustiategien jasangarritasunari, etorkizuneko elkartegintzari eta digitalizazioari.
JENNACOOPek zailtasun handia izan du bere lana aurrera eramateko, pandemian zehar sortu baita eta horrek eragindako murrizketak jasan behar izan baititu. Oztopo horiek gainditzeko, aurkezpen-topaketa birtualak antolatu ziren, eta beren esperientziak eta jardunbide egokiak ezagutarazi zituzten hiru gaztek: Cristianek, Eneritzek eta Ximunek.
Pandemiaren egoera hobetu denez, aurrez aurreko topaketa egin ahal izan dute gaur Baigorriko Iroulegui ardandegi kooperatiboan. Bertan, ideiak elkarri ezagutarazteko eta JENNACOOP sarearen hurrengo urratsak proposatzeko aukera izan dute parte-hartzaileek.