KONFEKOOP lehendakariarekin bildu da une ekonomiko garrantzitsu honetan kooperatibismoaren ekarpena eskaintzeko

Euskal kooperatibismoaren ordezkaritzak Lanbideren erabaki-organoetan parte hartzearen komenigarritasuna defendatu du Urkulluren aurrean

KONFEKOOP Iñigo Urkullu lehendakariarekin eta Idoia Mendia bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarekin bildu da gaur arratsaldean, Lakuako gobernuari bere ekarpena eskaintzeko eta, horrela, Euskadiren gaur egungo egoera ekonomikoari eta etorkizunari irtenbideak emateko. KONFEKOOP bere maila goreneko ordezkariekin joan da topaketara, Lehendakaritzara: Rosa Lavín, presidentea; Patxi Olabarria, presidenteordea; eta Iñaki Nubla, zuzendaria.

Kooperatibismoa garrantzi handiko esparru sozioekonomikoa da, Euskadin etengabe hazten ari dena. Gainera, testuinguru zailetan egokitzeko gaitasuna erakutsi du; une honetan, adibidez, Ukrainako gerra eta garraioaren greba direla eta. Horregatik, KONFEKOOPeko ordezkariek beren ekarpena egiteko borondatea erakutsi diote lehendakariari eta bigarren lehendakariordeari, euskal kooperatibismoaren giza kapital eta kapital sozioekonomiko guztiarekin, sektore ekonomikoentzat ziurgabetasun eta arrisku ekonomiko handikoa izaten ari den garai honi aurre egiteko.

Euskadiren garapenean lagundu nahi dugu, eragile erabakigarri gisa

Zentzu horretan, KONFEKOOPek Lanbideren zuzendaritza-organoetan parte hartzeko aldarrikapena helarazi dio Urkulluri. Lanbideren aldetik hartutako politika publikoak osatu eta aberastu egingo dira euskal kooperatibismoaren gehiengoaren ordezkariek egindako ekarpenarekin, kalitateko enplegu egonkorra sortzeko garrantzi handia duen esparrua baita kooperatibismoa.

Bestalde, bi eragileen artean partekatutako interes-eremu nagusien jarraipena egiteko ere balio izan du bilerak: Euskal Enplegu Sistemaren Lege berria izapidetzea; 2019an onartutako Euskadiko Kooperatiben Lege berriaren Erregelamendua garatzea; Euskal Hezkuntza Lege berria izapidetzea, eta kooperatibak sortzen eta garatzen laguntzea.

Azkenik, KONFEKOOPek 2021eko balantzearen datuak aurreratu dizkio Urkullu lehendakariari. Datu horiek argitaratu egingo dira erakundearen Batzar Nagusiaren harira, eta emaitzak positiboak izan dira.



Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.