“Munduko kooperatibekiko harremanetan sakondu dugu”KONFEKOOPeko zuzendari Iñaki Nublak ziurtatu duenez, Kooperatiben Munduko Biltzarrak «"benetako bultzada eman dio Euskal Kooperatiben Mugimenduari eta arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzari"

Seulerako bidaia baliagarria izan da “mundu-mailan kooperatibekiko harremanetan sakontzeko, gure nortasuna berresteko eta bestelako esperientzia oso interesgarri batzuk ezagutzeko”. Horixe adierazi du Iñaki Nublak, KONFEKOOPeko zuzendariak, Hego Koreako hiriburutik itzultzean. Haren esanetan, abenduaren hasieran egin den Kooperatiben Munduko 33. Biltzarrak “benetako bultzada eman dio Euskal Kooperatiben Mugimenduari eta arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzari”.

Idoia Mendia bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua izan da euskal ordezkaritzaren buru, eta ondoan izan ditu Mondragon Korporazioa, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua (CSCE-EKGK), hiru euskal unibertsitateak (EHU, Mondragon Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitatea) eta KONFEKOOP.

Hitzorduan 500 lagun inguru bildu dira aurrez aurre, mundu osoko 60 estatutako 200 erakunderen izenean.

“Euskadiko kooperatiben ezaugarri nagusien berri eman dugu; izan ere, gurean kooperatiben dentsitatea eta aniztasuna handiak baitira. Batez ere Lan Elkartuko kooperatibak aipatu ditugu, hein handi batean industriaren sektorera bideratuta daudenak. Beste mota bateko kooperatiben kasuan —kreditukoak edo kontsumokoak, adibidez— lan-bazkidearen figurak duen garrantzia eman dugu jakitera”, azaldu du Nublak.

Gainera, kooperatibek pandemian zehar izan duten zeregin garrantzitsuaz mintzatu dira Biltzarrean. Nazioarteko kooperatiben mezua bat etorri da. “Pertsonen enpresak direnez eta balioak dituztenez, edozein krisialdiren aurrean kooperatibak beren ekimenez jartzen dira lehen lerroan, baita osasun-krisiari aurre egiteko ere. Nazioartean, kooperatibek ahalegin oso handia egin dute unean uneko beharrei erantzuteko”.

Ezarri beharreko eredua

Euskal Kooperatibismoa berriro ere goraipatua izan da Kooperatiben Munduko Biltzarrean, “aztertu eta ezarri beharreko eredua” delakoan. “Asko miresten dute Mondragon”, gaineratu du Nublak. Biltzarraren ondoren, zalantzarik gabe, atzerriko ordezkarien bisitak ugaritu egingo dira gure lurraldera eta kooperatibetara, batez ere Hego Koreako enpresetako ordezkarienak.

Kanpotarrentzat, lan elkartuko gure kooperatibismoa da deigarriena, eta batez ere horren ezaugarriak, besteak beste, industrian duen pisua eta emaitzetara bideratuta egotea. Kooperatiben arteko lankidetzak eta estaldura-antolaketak ere harritzen ditu.

 Erronka nagusiak

Nortasun kooperatiboari eustea da munduko kooperatibismoak duen erronketako bat. “Batetik, lehiakorrak izan behar gara, eta, bestetik, kooperatibismoaren printzipioak eta balioak zaindu behar ditugu, inor atzean utzi gabe”. Ildo horretan, euskal kooperatibismoa “oso ondo” ari dela ziurtatu du KONFEKOOPeko zuzendariak. “Lasai asko esan dezakegu kapital-enpresen eta zerbitzu publikoen aurretik goazela hainbat sektoretan”.

KONFEKOOPeko zuzendariarentzat Biltzarra esperientzia “ahaztezina” izan da, eta KONFEKOOP, CSCE-EKGK eta unibertsitateekin batera Eusko Jaurlaritza ere bertaratu izana nabarmendu du. “Harreman horren emaitzak epe laburrera ikusiko ditugulakoan nago, guk LANBIDEn parte hartzea, adibidez”, esan du, bukatzeko.

Lagundu zaitzakegu?

Jarri gurekin harremanetan eta behar duzun guztian lagunduko zaitugu!