Euroeskualdeko nekazaritza-kooperatibetako gazte-sarea bultzatzeaJennacoop, gazteek ezagutzak eta esperientziak trukatzea helburu duen proiektua, aurkeztu da "Nekazari gazteen potentziala elikadura-sistema jasangarrietan" jardunaldian
- December 21, 2021
- Posted by: KONFEKOOP
- Category: Albisteak Konfekoop
KONFEKOOPek Jennacoop proiektua aurkeztu du Munduko Landaguneak erakundeak antolatutako Nekazari gazteen potentziala elikadura-sistema jasangarrietan jardunaldian. “Kooperatibismoa ordezkatzen dugun erakundeontzat oso garrantzitsua da oinarri sozialak parte hartzea eta gu ezagutzea. Hori dela eta, pandemiaren testuinguruan, Jennacoop sortu zen, Akitania Berriaren, Nafarroaren eta Euskadiren arteko euroeskualdeko proiektua, nekazaritzako elikagaien kooperatibetako gazteei zuzenduta”, azaldu du Maite Corresek, KONFEKOOP-Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko Lankidetza Proiektuen arduradunak.
Jardunaldia abenduaren 16an egin zen, Euskalduna jauregian, eta, Corresek azaldu zuenez, kooperatibista, nekazari eta abeltzain gazteen lantalde egonkor bat sortzea da Jennacoopen helburu nagusietako bat. Era berean, Euroeskualdeko lurraldeetako gazteek ezagutzak trukatzea bultzatu nahi du proiektuak, “horri esker arazo komunei elkarrekin aurre egin ahal” izateko.
Euroeskualdeko nekazaritza-kooperatibetako gazteen sareak jarduera bizia izan du 2021ean; besteak beste, bisita birtualak egin ditu, jardunbide egokiak identifikatu eta zabaldu ditu, Europako Itun Berdeari buruzko azken nobedadeen berri eman die gazteei eta ustiategien digitalizazioa eta modernizazioa bultzatu ditu. Haren lana eta kooperatiben eginkizuna beste publiko batzuei ere helarazi zaizkie; jardunaldi honetan, adibidez.
Jardunbide egokiak
Jennacoopek egindako bisita birtualetako batean, Cristian ezagutu zuten, laborantza estentsiboko nekazari gazte nafar kooperatibista, AN kooperatiba-taldeko kidea. Cristianek azaldu zienez, baliabide digitalei esker errentagarriagoak dira eta gehiago errespetatzen dute ingurumena.
Eneritzek, Kaiku S. Coop. kooperatibaren barruko esnetarako behien Behi Alde kooperatibako abeltzain bazkideak, berriz, hauxe erakutsi zien: lan elkartuko kooperatibismoak aukera eman duela Euskadiko esne-ekoizpeneko jardueran belaunaldi-txandaketa egiteko eta abeltzaintza-ustiategirik ez zuten pertsonek arlo horretan jarduteko.
Ximun mahastizain frantses gazteak familia-ustiategiaren ardura hartu du, hainbat ekoizpen-eremutan trebatzen aritu ostean. Haren upategi kooperatiboan, ekoizpen ekologikoa ari dira jorratzen.
Jardunaldian emandako datuen arabera, nekazaritza-ustiategietako titularren % 8 soilik da 40 urtetik beherakoa.
Kooperatiba berriei laguntzea
KONFEKOOPentzat funtsezkoa da 2022an nekazaritzako elikagaien kooperatibei laguntzen jarraitzea, jasangarritasunaren berme izaten jarrai dezaten. “Kooperatiba berriak sortzeko eta bazkide berriak lortzeko prestakuntza, informazioa eta laguntza emango ditugu, eta kooperatibismoan interesa duten pertsona guztientzat zabalik egongo da gure erakundea”, amaitu du.