Uztailaren 3a, Kooperatiben Nazioarteko Eguna"Elkarrekin hobeto berreraiki” goiburupean, milioika kooperatibistak jarraitzen dute erakusten inork ez diola zertan bakarrik aurre egin krisiari
Datorren uztailaren 3an Kooperatiben Nazioarteko Eguna (#CoopsDay) ospatuko da, honako goiburu honekin: “Elkarrekin hobeto berreraiki”. Mundu zabaleko kooperatibek agerian jarriko dute nola egiten ari zaizkion aurre COVID-19ak eragindako pandemiari, elkartasunaren eta erresilientziaren bidez eta komunitateei pertsonak ardatz dituen eta ingurumena babesten duen susperraldia eskainiz.
“Azken urtean ikusi dugunez, pertsonen ongizatea eta planetarekiko errespetua izan dira eredu kooperatiboaren lehentasun nagusiak; lehentasun horiek indartu egiten dituzte kooperatibismoaren euskarriak; elkarrekin hobeto berreraiki dezakegu, eta ziur nago pandemiaren osteko munduan ikusi ahal izango dugula nola mugimendu kooperatiboak laguntzen dien komunitateei indartsuagoak izaten”, adierazi du Bruno Roelants-ek, Nazioarteko kooperatiba Aliantzako (NKAko) zuzendari nagusiak.
Kooperatibek askotariko arloetan dihardute gaur egun; horien artean ditugu osasuna, nekazaritza, produkzioa, txikizkako merkataritza, finantzak, etxebizitza, enplegua, hezkuntza, gizarte-zerbitzuak eta beste asko. Horietan guztietan, mila milioi kooperatibistak baino gehiagok jarraitzen dute erakusten inork ez diola zertan bakarrik aurre egin egungo pandemiak eragindako krisiari.
#CoopsDay egun ezin hobea izango da pertsonak ardatz dituen kooperatiben enpresa-eredua erakusteko, beraz. Izan ere, eredu horrek aukera ematen du desberdintasunak murrizteko, guztiontzako aberastasuna sortzeko eta COVID-19ak eragindako hondamendiari erantzuteko, oinarrian dituen balio kooperatiboei —autolaguntza eta elkartasuna— eta balio etikoei —erantzukizun soziala eta komunitate-sentimendua— esker.