Kooperatibismoa krisitik ateratzeko enpresa eredu gisa finkatu daKooperatibismoa osatu ondoren, Euskadin pisu handiena duen sektorearteko enpresa taldeetako bat da KONFEKOOP
- May 21, 2021
- Posted by: KONFEKOOP
- Category: Albisteak Konfekoop
“Kudeaketa parte hartzaile, solidario eta erresilientearekin, erakutsi dugu kalitatezko enpleguaren sorreran eta biziberritze ekonomikoan funtsezko eragilea garela”, esan du Rosa Lavin KONFEKOOPeko presidenteak
2020an KONFEKOOPek hainbat gertaera garrantzitsu izan ditu. Alde batetik, gizarte osoa astindu duen osasun eta gizarte krisia, eta, bestetik, Euskadiko kooperatibismoa KONFEKOOPen babespean jartzea, Garraiolarien Kooperatibak elkarte horrekin bat eginda. Elkarte horretan daude, halaber, Lan Elkartukoak (industriakoak, eraikuntzakoak eta zerbitzuetakoak), Nekazaritza eta Elikadura Kooperatibak, Irakaskuntzakoak, Kreditukoak, Etxebizitzakoak eta Kontsumokoak. Bateratze horrekin, EAEko sektorearteko enpresa elkarte indartsuenetako bat da KONFEKOOP: 1.300 kooperatiba inguru, 59.000 lanpostu eta 11.000 milioi euroko fakturazioa. Eta pandemiaren eraginpeko testuinguruan, KONFEKOOPek 26 bazkide gehiago lortu ditu, hau da, %2,1 gehiago, eta saldo positiboa du enplegu sorreran (+2.526), hau da, 2019arekin alderatuta %4,5 gehiago.
“Gure kooperatibismoa, alegia, kudeaketa eredu parte hartzailea, demokratikoa, solidarioa eta erresilientea duen kooperatibismoa, indartuta atera da krisi honetatik, benetako irteera bihurtu baita, eta berezkoa duen ezaugarri antiziklikoa erakutsi du”, esan du Rosa Lavin KONFEKOOPeko presidenteak, Iñaki Nubla KONFEKOOPeko zuzendari berriarekin batera gaur Bilbon eman duen prentsaurrekoan. Rosa Lavin presidenteak azpimarratu duenez, “Euskadiko kooperatibismoa funtsezko eragilea da kalitatezko enplegua sortzeko eta ekonomia biziberritzeko, gizartearen eta ingurumenaren konpromisoan oinarrituta”.
2020an zehar, kooperatiben %25ek aldi baterako erregulaziora jo behar izan dute. Urtearen amaieran zifra hori %9ra murriztu zen, eta langile gutxi batzuei baino ez zien eragin. Jatetxeak, aisialdia eta kultura izan dira kalte gehien jasan duten sektoreak. Aldi baterako erregulazioa izan duten pertsonen %55 emakumeak dira, eta %45 gizonak.
Fakturazioari dagokionez, unerik kritikoenetan, %25 eta %40 artean jaitsi zen, baina ekitaldiaren itxieran gorakada txiki bat ere izan du, eta hainbat sektorek gorantz egin dute argi eta garbi, hala nola banaketak.
Rosa Lavinek enpresa kooperatiboen erresilientzia gaitasuna azpimarratu du, eta unean uneko egoeraren araberako neurriak hartzen direla nabarmendu. Besteak beste: ondarea sendotzea, soldatei eustea, hurbileko banaketa bideak eta hurbileko merkatuak bilatzea, jarduerak birbideratzea, postuak birkokatzea, egutegi mugikorrak, “eta, batez ere, lan malgutasun handia eta gure kooperatibetako pertsonen kudeaketa sozialari dagokionez zentzuz jokatzea”.
Iñaki Nubla da KONFEKOOPeko zuzendari berria eta KONFEKOOPek 2020an egindako kudeaketaren errepasoa egin du. COVID-19 Funtsa nabarmendu du, 400.000 eurokoa. Funts horrekin, 1.000 kooperatiba baino gehiagori lagundu zaie zuzenean edo zeharka, eta horrenbestez, sektorearteko enpresa elkarte horren tamaina eta indarra azpimarratu ditu.
Halaber, gogorarazi du Euskadiko Kooperatiben Lege berria indarrean sartu zen urtea izan zela aurrekoa, eta, beraz, kooperatibak estatutu sozialetara egokitu ziren lehen urtea. KONFEKOOPen enpresa kooperatiboei egokitzapen hori egiten laguntzen ari dira.
Euskadiko kooperatiben enpresa elkartearen 2021erako helburuen artean dago Europako NEXT GENERATION funtsen kudeaketan eta Euskadiko Ekonomia eta Enplegua Suspertzeko BERPIZTU programan (2020-24) parte hartzea. Gainera, 2021-2024ko Plan Estrategikoa jarri da abian, bereziki azpimarratuz lankidetzaren erronka eta kooperatibismoari gehiago eta hobeto laguntzea, erakundeen ordezkaritza sendotzearekin batera. Eta hori guztia komunikazioan, hurbiltasunean eta irekitasunean oinarrituta.
KONFEKOOPek eskatu du LANBIDEren Administrazio Kontseiluan parte hartzeko aukera eman diezaiotela, eta azpimarratu du KONFEKOOP enplegu egonkorraren eta kalitatekoaren bermatzailea dela, 59.000 langile baititu. “Eredugarriak gara, pertsonak enpresan erabateko partaidetza izan dezan, baita herrialdean errotuta dagoen eredu ekonomikoaren adibide ere.<0} Horri guztiari esker, Euskadik indar berezia du gizarte eta enpresa arloan, eta erreferentea da estatuan zein nazioartean”, nabarmendu dute.
Ildo horretan, kooperatiben sareari balioa eman zaio susperraldiaren parte gisa, eraginkortasun ekonomikoaren eta erresistentzia ekonomiko zein sozialaren eredu delako, eta horixe da, hain zuzen, “orain, inoiz baino gehiago, Euskadik behar duena”. Hori guztia dela eta, ondoriozta dezakegu eredu kooperatibo, parte hartzaile, solidario eta demokratikoaren berezko ezaugarriek Euskadiko kooperatibismoa “aurrekaririk gabeko eredu” bihurtzen dutela, “herrialdea lehengoratzeko duen enpresa eta gizarte konpromisoagatik”.