Bizkaiko Foru Aldundiak eta Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak KONFEKOOP Seed Bizkaia funtsa abiarazi dute

Hasierako kapitala 2.000.000 euro da, zeina KONFEKOOP-ek eta BFAk partez emango baitute Bizkaian kooperatiben balio ekonomikoa eta soziala bultzatzeko helburu nagusiarekin

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak KONFEKOOP Seed Bizkaia abiarazi dute Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko diputatuak eta Rosa Lavín Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko presidenteak Bizkaian egoitza duten kooperatibei zuzendutako partaidetza-maileguen funts berritzaile horren xehetasunak jakinarazi dituzte, zeina Seed Bizkaiaren bidez bideratuko den.

Funtsak partaidetza-maileguen bidez funtzionatuko du. Maileguok Konfekoop-ek hautatuko ditu, eta Seed Capital-ek aztertuko. Proiektu bakoitzeko 125.000 euroko batez besteko tiketa zenbatetsi da, 7 urteko eta 2 urteko gabealdiko maileguekin, eta finantza-baldintza onuragarriak eskainiko dira, abal edo bermerik eskatu gabe.

2 milioi euroko hasierako kapitala

Ofizialki urrian abiarazita, KONFEKOOP Seed Bizkaiak dagoeneko badu Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren onarpena. Haren helburu nagusia, berriz, Bizkaian kooperatiben balio ekonomikoa eta soziala sustatzea da. Hasierako kapitala 2.000.000 euro da; kopuru horretatik 1.500.000 euro KONFEKOOP-enak dira, eta 500.000 euro Bizkaiko Foru Aldundiarenak. Datozen hiru urteetan 16 eragiketa inguru egitea espero da, eta zuzeneko 64 lanpostu sortuko dira gutxienez.

“KONFEKOOP Seed Bizkaiarekin, estandar berri bat ezartzen ari gara kooperatibei emaniko laguntzan. Aberastasunaren sorrerari begiratzeaz gainera, aberastasun hori Bizkaiko bizi-kalitatea eta gizarte-sarea hobetzeko nola erabil daitekeen ere aztertzen dugu. Funtsak ekonomiaren eta gizartearen arteko oreka adierazten du. Gure kooperatibetan lehiakortasuna eta berrikuntza bultzatzearekin batera, komunitatean gizarte-aldaketa positiboa sortzeko gaitasuna ere indartzen dugu “, azpimarratu du Ainara Basurko Bizkaiko Ekonomia Sustatzeko Saileko diputatuak.

“KONFEKOOPentzat garrantzitsua da Bizkaiko Foru Aldundiarekin akordio honetara iritsi izana, gure enpresa kooperatiboek funts horren onurak jaso ahal izan ditzaten eta berrikuntzaren aldeko apustua egiten jarraitu ahal izan dezaten, inbertsio berriak egin, proiektuak garatu, hazi, nazioartekotze-prozesuei ekin eta gure enpresak eraldaketa digital, ekologiko eta sozialen buruan jarri ahal izateko” ziurtatu du Rosa Lavín Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko presidenteak. “Gure lankidetza faktore erabakigarria da kooperatiben enpresa-garapenerako, baita lehiarako abantaila ere, eta, beraz, erabakigarria da Bizkaiko garapen sozial eta ekonomikorako. Eredu kooperatiboa sustatzen jarraitzea eta, azken batean, Euskadiko enpresa-sarea indartzen laguntzen jarraitzea ere lehentasuna da KONFEKOOPentzat “gaineratu du Lavinek.

Seed Capital Bizkaiari buruz

1989an sortu zen Seed Capital Bizkaia, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailari lotutako foru-sozietate publiko gisa, eta funtsezko zeregina du Bizkaiko enpresa-sarearen berrikuntzan, gizarte-eraginean eta sendotzean oinarritutako finantzaketa-tresnen kudeaketan.

Inbertsio-funtsen eta -produktuen portfolio zabala eskaintzen du, enpresek etapa desberdinetan dituzten beharrak asetzeko. I Funtsak enpresa berritzaile sortu berriak edo lehen etapetan daudenak bultzatzen ditu, 450.000 eurora arteko inbertsioekin; BI Funtsak, berriz, tamaina txiki eta ertaineko enpresak sendotzen ditu, milioi 1 eurora arteko inbertsioekin. BAF Funtsak enpresa-inbertsiorako ekimen esanguratsuak babesten ditu Bizkaian, eta Start Bizkaia enpresei orientazioa ematen die hasierako faseetan, 100.000 euro arteko partaidetza-maileguekin. Gainera, EGEF funtsa (ekintzailetzarako eta gizarte-eraginerako funtsa) gizarte-eragina duten proiektuak babesten ditu, 600.000 eurora arte eta zerbitzu gehigarriak eskainiz.

2022an, Seed Capital Bizkaiak 3,9 milioi euro baino gehiago inbertitu zituen lurraldeko enpresa-proiektuetan, eta 84 proiekturi lagundu zien bere funts eta programen bidez.

KONFEKOOPen inguruan

KONFEKOOP Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa da, eta sektore guztietako 1.400 enpresa kooperatiba biltzen ditu. Milioi eta erdi bazkide izanik, zuzeneko 60.000 lanpostu baino gehiago sortzen ditu eta 11.100 milioi euroko fakturazioa du.

KONFEKOOPek gizarte- eta enpresa-eredu arrakastatsuak garapen iraunkorraren alde egiten duen edonor inspiratu eta gida dezan lan egiten du, enpresa lehiakor batetik.

Euskadiko milaka pertsona ordezkatzen ditu, beren kooperatiba-enpresen bidez gizarte gizatiarrago eta bidezkoago bat eraikitzeko konpromisoa hartu dutenak.



Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.