Enpresa kooperatibetako langileen erretiroa hobetzeko hitzarmena izenpetu du Konfekoopek

Erretirorako aurrezki-soluzio onuragarria dute Izarpension EPSV bai enpresa kooperatibek, bai haietako langileek, eta LABORAL Kutxa da planaren sustatzailea

Erretiro-pentsioak dira gizartearen kezkarik nagusietakoa gaur egun. Euskadiko enpresa kooperatibetako langileentzat etorkizun hobea lortzearren, Izarpension EPSVren enpleguko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko planen bazkide babesle izaten lagunduko die KONFEKOOPek bere enpresa kooperatibei, langileek erretiroa hartzen dutenean diru-sarrera handiagoak izan ditzaten.

Enpleguko Izarpension EPSV irabazi-asmorik gabeko erakundea da; LABORAL Kutxak sustatzen du, eta Gizarte Segurantzaren erregimen publikoko prestazioak osatzeko diru-sarrerak eskaintzea du xede. Enpresen eta langileen ekarpenak eta haien errebalorizazioak ditu hornigai planak, eta haiek dira etorkizuneko pentsio osagarriaren oinarria.

11.000 milioi eurotik gorako fakturazio agregatua du KONFEKOOP – Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak eta 60.000 langile dituzten 1.400 enpresa kooperatibatik gora ditu bazkide. Akordio hori dela medio, barne-hitzarmenak sina ditzakete enpresa kooperatibek Izarpension EPSVri egiten dizkioten ekarpenak erregulatzeko; langileek, berriz, borondatezko ekarpenak egin ditzakete eta, haiei esker, erretiro-pentsioak hobetu eta abantaila fiskal nabarmenak jaso erretiro-unea iritsi aurretik.

LABORAL Kutxaren egoitzan izan da hitzarmena sinatzeko protokolo-ekitaldia, eta, bertan, KONFEKOOPeko presidente Rosa Lavín kezkatuta azaldu da erretiro-pentsioen egoera dela eta: «Etengabe ari da KONFEKOOP konponbide bila, gure enpresa kooperatibak gai izan daitezen Euskal Herrian sortzen den talentua erakartzeko eta fidelizatzeko. Ahalik eta lan-baldintzarik onenak ziurtatu behar dizkiegu gure enpresa kooperatibetan diharduten langileei, eta etorkizun oparoa izateko aukerak eskaini». Gainera, hitzarmena erakargarriagoa izan dadin, BGAEaren lehen urteetako kudeaketa-gastuak KONFEKOOPek ordainduko dituela iragarri du Rosa Lavínek.

Izarpension EPSVko presidente Fernando Gilek, berriz, aurreikuspen-erakundeen abantailak azpimarratu ditu, eta langileek erretiro oparoagoa izateko duten garrantzia gogoratu. «Tresna aproposa da Izarpension, bai enpresentzat, bai langileentzat. Abantaila fiskal nabarmenak eskaintzen ditu gure aditu-taldeak, eta inbertsio-soluziorik egokienak bilatzen, kapitala haz dadin eta errentagarritasuna sor dezan epe ertain-luzera».

PFEZren zerga-oinarritik urtean 5.000 eurorainoko kenkaria lor dezake langileak, eta beste 8.000 eurokoa enpresa kooperatibaren ekarpenengatik (guztira, 12.000 euro, gehienez ere). Jakina, sozietateen gaineko zergan ere kengarriak dira enpresa kooperatibak egindako ekarpenak.

Bi modalitate ditu enpleguko Izarpension EPSVk, errenta aldakorrean eta finkoan inbertsio-maila desberdinak dituztenak. Hori dela eta, bi arrisku-maila eta errentagarritasun-aukera eskaintzen ditu.

  • Izarpension Lan Rentak epe laburreko errenta finkoan inbertitzen du bere zorroaren % 100 (zor publikoan, batez ere), baina errenta finko pribatuan ere inberti dezake (enpresa-ordaindukoak eta -bonuak).
  • Izarpension Lan Bolsak, berriz, Europako, Ipar Amerikako eta Japoniako errenta aldakorrean inbertitzen du bere zorroaren % 90; gainerako % 10a, berriz, errenta finkoan.

Enpresa kooperatibako langile bakoitzak hautatzen du zer planetan jarri dirua, eta plan batetik bestera noiznahi alda dezake kapitala, batere kosturik gabe, inbertsioak bere nahierara antolatu eta moldatzeko.

 



Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.