Donostia, 2023ko Gizarte Ekonomiaren Hiriburua

Pertsonak jarduera ekonomikoaren erdigunean jartzeko beharra aldarrikatuko du Donostiako Gizarte Ekonomiaren Hiriburutzak

Gero eta garrantzia sozial handiagoa duen esparru honen pisua ikusarazteko helburudun jarduera-programa aurkeztu dute gaur Hiriburutzaren aurkezpenean parte hartu duten sektoreko erakundeek.

“Pertsonak ekonomiaren erdigunean” izango da 2023ko Gizarte Ekonomiaren Hiriburutzaren leloa. Donostian egoitza duen Gureak gizarteratze-enpresan egin da gaur, otsailak 24, irekiera-ekitaldia, eta bertan izan dira Hiriburutza babesten duten lau erakundeetako ordezkariak (Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua), baita gizartea egituratzeko eta kohesionatzeko duen ahalmenagatik, pisua eta garrantzia hartzen ari den Gizarte Ekonomiaren alorreko dozenaka enpresa, elkarte eta erakundetako arduradunak ere.

Espainiako Gobernuko Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioaren Gizarte Ekonomia Sustatzeko Kontseiluarengandik jasotako izendapenaren helburua, hain zuzen, Gipuzkoako Gizarte Ekonomiaren enpresa-ehunari balioa ematea da, eta halako erakunde gehiagoren sorrera bultzatzeko eredugarri diren ekimen eta esperientziak ezagutaraztea.

Hiriburutzaren 2023ko agendak ekitaldi ugari izango ditu. Programa prestatzeko, elkarlanean aritu dira lurraldeko, Espainiar estatuko eta Europako Gizarte Ekonomiako eragileak, baita alor honetako hainbat enpresa eta erakunde esanguratsu ere.

Ekitaldian izan dira Yolanda Díaz Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Lan eta Gizarte Ekonomiako ministroa, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburua, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Eneko Goia Donostiako alkatea, Juan Antonio Pedreño CEPES Gizarte Ekonomiako Espainiako Enpresarien Konfederazioko eta Social Economy Europe-eko presidentea, eta Rosa Lavin EGES Euskal Gizarte Ekonomia Sareko eta KONFEKOOP Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko presidentea.

Donostiako alkate Eneko Goiak adierazi duenez, “Gizarte Ekonomiaren Hiriburutzak pertsonak ekonomiaren muinean jartzea du helburu. Urtean zehar egingo diren ekintza eta jarduerek xede hori izango dute, eta Hiriburutzak, Donostia eta Gipuzkoaren erreferentzialtasuna zabaltzen laguntzeaz gain, gainerako eragile eta lurraldeekin esperientziak partekatzeko balioko du, ekonomiaren alor hau indartuz eta ezagutaraziz”.



Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.