“XXI. MENDEKO KOOPERATIBISMOA, TRADIZIOTIK BALIO-EREDU BERRIETARA”

Gaur egungoa bezalako ziurgabetasun eta ezegonkortasun ekonomikoaren testuinguruan, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak (CSCE/EKGK) eta KONFEKOOP Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak “XXI. mendeko kooperatibismoa, tradiziotik balio-eredu berrietara” lelopean jardunaldia antolatu dute, tradiziotik balio-eredu berrietara enpresa kooperatiboek izan duten bilakaerari buruz hausnartzeko, bai eta egungo testuinguruan ekonomiari eta enpleguari nola laguntzen dioten aztertzeko ere.
Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko presidente den Patxi Olabarriak azaldu du “ezegonkortasun ekonomikoa eta nazioarteko eta Estatu osoko salbuespenezko egoerak direla medio, euskal gizarteko eragile guztiei eskatzen dietela argi luzeak jarri eta momentuak eskatzen duen maila ematea. «Eraldaketa sozial eta ekonomiko handiei egin behar diegu aurre, eta kooperatibismoak ez du aldaketa horietatik at geratu nahi, eta ez da geratuko», gaineratu du.
Olabarriak adierazi duenez, enpleguaren prekarietatea erakunde eta gobernuen kezka nagusienen artean dago eta kooperatibak “balio seguru” dira langile guztientzat. “Kooperatibek hobeto eusten diegu atzeraldiei, pandemiei… kalitate handiagoko enplegua sortzen dugulako eta horrez gain talentuaren hartzaile garbiak gara, gure kooperatiba-enpresetan trebatzen eta integratzen garelako” – jarraitu du.
“Horrek aukera ematen digu berritzen jarraitu eta abangoardian egoteko; ez soilik berezkoa dugun lan-antolaketa eta gobernantza demokratikoagoan inbertitzen dugulako, baita talentua txertatzen dugulako ere, egungo gizarteen erronkei irtenbideak eskaintzen dizkieten berrikuntzetan aurrera egiteko aukera ematen diguna. Berrikuntza horri esker, gaur egungo enpresa kooperatiboak erresilienteagoak eta lehiakorragoak izango dira, eta eraldaketa sozial eta ekonomiko handien zerbitzura egongo dira”- azaldu du Olabarriak.

Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua (CSCE/EKGK) sortu zenetik 40 urte igaro dira eta esan dezakegu euskal kooperatibismoak heldutasun-maila handia lortu duela, milaka eta milaka pertsonaren lan eta esfortzuaren ondorioz. Horri esker, gaur egun 1.400 enpresa kooperatiba gara, ekonomiaren sektore guztietan eta bertikaletan daudenak, eta 60.000 enplegu zuzen baino gehiago ditugu, hau da, Euskadiko BPGaren % 8.
Rosa Lavin KONFEKOOPeko presidenteak adierazi du, euskal kooperatiba-sareak hasieratik erakutsi duela eragile sozial eta ekonomikoak direla, sindikatuak eta merkataritza-arloko beste enpresa-erakunde batzuk diren bezala. “Enpresa kooperatibook aberastasunaren sorrerak, kohesio sozialak eta herritarren ongizateak mugiarazten gaituzte”, nabarmendu du. – Berritzeko eta abangoardian mantentzeko gogoak bultzatzen gaitu, egungo arazoei irtenbide berritzaileak eskaintzeko- gaineratu du.
“Kooperatiba-enpresak gizarte gisa ditugun erronkei aurre egiteko irtenbideen parte dira: trantsizio energetikoa eta klima-aldaketa, erronka teknologikoak eta digitalak, berrikuntza eta gizarte orekatuagoa, kohesionatuagoa eta bidezkoagoa lortzea. Kooperatiba-sareak enpresa kooperatiboak ditu, arlo energetikoan eta teknologikoan berrikuntzak egiten dituztenak, bai eta sektore guztietan ere: hezkuntzan, kontsumoan, nekazaritzako elikagaietan, nanoteknologian, silver economy eta abarretan. Erronka horiei irtenbidea emateko eta horren parte izateko konpromiso irmoa dute”- azaldu du.
Rosa Lavinek nabarmendu du enpresa kooperatiboak enplegua, berrikuntza eta konpromiso soziala direla. “Enpresa kooperatiboak gizarte-kohesioaren eta garapen ekonomikoaren hobekuntzaren adibide dira. Kooperatibak dauden lekuetan desberdintasun gutxiago dago eta kohesio sozial handiagoa dago” – adierazi du.
“Izan ere, aldaketa horiek enplegu-politikak definitzen eta erabakitzen diren espazioak berritzeko beharra dakarte, politika horiek aurre egin behar diegun aldaketa sozial eta ekonomikoei aurre egiteko gai izan daitezen”. “Gure eskua administrazioari luzatuta mantentzen dugu, lanaren munduak aurrez aurre dituen erronketan eskuz esku lan egiteko, etorkizuneko enplegu-politikak diseinatzen lagunduko duten ideiak eta irtenbideak emanez” – gaineratu du Lavinek.

Juanjo Álvarez EHUko Nazioarteko Zuzenbideko katedradun eta Luz Rodríguez UCLMko Lanaren Zuzenbideko katedradunaren arteko elkarrizketa lan-munduaren eraldaketetan eta parte-hartze instituzionaleko organoen gobernantza hobetzeko beharrean oinarritu da. Luz Rodriguez, José Luis Rodríguez Zapateroren gobernuan Enplegu idazkari izan zen enplegu-politika aktiboak Eusko Jaurlaritzara transferitu zirenean. Biak bat etorri dira Enpleguaren Euskal Lege berriak ematen duen aukerarekin, enpresa kooperatiboek enplegu-politikak definitzen eta erabakitzen diren organoetan parte hartu ahal izan dezaten.



Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.