Cooperativas Agro-alimentarias de Españak sektorearen egoera ekonomiko zaila eta nekazaritzako elikagaien kooperatibismoaren funtsezko zeregina aztertu ditu ministroarekin

Madril, 2022ko urriaren 10a.- Cooperativas Agro-alimentarias de Españako Kontseilu Errektoreak ekoizpen-sektore guztien egungo egoeraren berri eman du, Luis Planas Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministroarekin astelehenean egindako bileran. Ekoizpen-kostuen gorakada, lehortea eta ekoizpenean horren ondorioz izandako murriztapena dira egoera horren ezaugarri nagusiak.
Ángel Villafrancak, Cooperativas Agro-alimentarias de Españako lehendakariak, argi utzi nahi izan du elikagaien ekoizpenak ez duela inflazioa eragiten; hobeto esateko, kaltetutako sektore nagusia dela, eta kontsumitzaileak ordaindu beharreko azken prezioek errealitatea —alegia, ekoizpen-kostuen igoera— islatu behar dutela eta ekoizpen-kateko maila bakoitzak horren arabera jokatu behar duela. Villafrancaren aburuz, «gizarteari jakinarazi behar zaio lehiakorra izatea ez dela beti merkeena izatea, batez ere Europak proposatzen duen eredu jasangarriagora aldatzeko inbertitu beharra dagoela kontuan hartuta». «Lehiakortasuna ekoizpen-sektorea hondoratzearen kontura lortzen ez duen balio-kate bat eraiki nahi badugu, sektorea kooperatiben inguruan egituratzen jarraitu behar dugu. Gaur egun, ekoizleak integratzea eta katearen barruan antolatzea, eta lehiakortasuna hobetzeko eta Europako Batzordeak defendatzen duen ekoizpen-eredu berrira egokitzeko inbertsioak egitea sustatzen duen tresna bakarra dira» erantsi du.
Energia-kostuen igoeraren ondorioz, kooperatiben egoera nabarmen ari da larritzen. Energia-fakturek % 150erainoko igoerak izan dituzte, Villafrancak adierazi duenez, eta Cooperativas Agro-alimentarias de Españako gainerako kontseilariek berretsi egin dute. Irtenbideak bilatu behar dira; izan ere, geldialdiak gerta daitezke hornidura-katean eta, ondorioz, elikagaien prezioan eta kontsumitzaileek haiek eskuratzeko ahalmenean, eta horrek areagotu egin dezake ekoizpen-katean dagoeneko dagoen tentsioa. Horretarako, erakundeko lehendakariak hauxe eskatu dio ministroari: sektorea funtsezkotzat hartzeko energiaren arloan neurri murriztaileak ezartzerakoan (ezartzen badira), eta kogenerazio-industria batzuen premiazko arazoei erantzuteko, oso zail baitute egungo energia-prezioetan funtzionatzen jarraitzea. Ildo horretan, ministroak adierazi du neurri gehiago aztertuko direla, beharrezkoak izanez gero.
Cooperativas Agro-alimentarias de Españako ordezkariek beste arazo baten berri ere eman diote: jasangarritasunari buruzko legeetara egokitzeko zailtasuna. Sektoreak errealitatea zein den azaldu behar du, jasangarritasunari buruzko legeriaren arduraduna eta kaltetu nagusia baita. Sektorea konponbidearen zati da; baina, Gobernuko zenbait alderdiren ustez, sektorea bera da ingurumen-arazoen, lehortearen, klima-aldaketaren eta energia-arazoen sorburu. Beharrezkoa da Trantsizio Ekologikoko Ministerioak sektoreari entzutea, eta ministerio horren aurrean bitartekaritza-lana egiteko eskatu diote ministroari, Cooperativas Agro-alimentarias de Españarekin bil dadin. Ángel Villafrancak horren inguruan nabarmendu duenez, jasangarritasunarekin lotutako estrategiak arrakastatsuak izango badira, beharrezkoak dira trantsizio ona eta ahalegina, bete ezin diren inposizioen ordez.
Bileran beste gai batzuk ere aztertu dira: nekazaritza-aseguruaren jarraitutasuna eta aseguru hori klima-aldaketara nola egokituko den; nazioarteko arazoak, bereziki mahaiko olibaren egoerari erreparatuta; erakundearen lankidetza, NPE berria zabaltzeko, eta nekazaritzako elikagaien sektoreari eta, batik bat, sektore kooperatiboari eragiten dieten beste gai batzuk.



Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.