- July 25, 2022
- Posted by: KONFEKOOP
- Category: Albisteak Konfekoop
Interreg Sudoe AGROSMARTglobal Europako proiektuaren helburua da Espainiako, Frantziako eta Portugalgo nekazaritzako elikagaien sektorea Txinako eta Estatu Batuetako merkatuetara zabaltzea, berrikuntzaren eta estrategia digitalen bidez.
Cooperativas Agroalimentarias Castilla-La Mancha federazioak AGROSMARTglobalen nazioz haraindiko I. foroa egin du Alcázar de San Juanen, Intur Hotelean. Juan Miguel del Real erakundeko zuzendari nagusiak eta Luis Noé Sánchez IPEX CLMko zuzendariak eman diote hasiera.
Biek argi utzi dute oso garrantzitsua dela nekazaritzako elikagaien kooperatibak nazioartera zabaltzea, teknologia berriek eskaintzen dituzten abantailak eta merkataritza elektronikoak azken urteetan mundu osoan zehar izan duen bilakaera aprobetxatuz. Ekintza horien bidez, tresnak eta prestakuntza eman nahi zaizkie nekazaritzako elikagaien kooperatibei, horrela, online salmenta-kanala indartzeko eta plataforma digitalen bidez beren produktuak are gehiago esportatzeko, eta horiek nazioarteko merkatuetan kokatzen laguntzeko.
Jardunaldiak digitalizaziora eta nazioarteko merkataritzara bideratuta daude, eta proiektuko bazkideen gaitasunak hobetzea dute xede, gero, teknikariek nekazaritzako elikagaien sektoreko ETE-ei aholku eman ahal izateko beren demarkazioetan. Foro horretan izan dira: AGACA Galiziako Nekazaritza Kooperatiben Elkartea Kooperatiba Batasuneko bazkideak, AGROSMARTglobal proiektuko buru den bazkidea; KONFEKOOP Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko bazkideak; Cooperativas Agroalimentarias de Castilla-La Mancha, CACLM Kooperatiba Batasuneko bazkideak; CCI LIMOGESeko eta Coopération Agricole Nouvelle-Aquitaine (Frantzia) kooperatibako bazkideak; eta CONFAGRI eta UTADeko bazkideak (Portugal).
PROGRAMA
Jardunaldian izan da Nicolás Juste, ANECOOPeko Ekoizpen eta Garapen Departamentuko proiektuen arduraduna, eta hitzaldi hau eskaini du: “Esperientzia nekazaritza-sektorean teknologia berriak aplikatzeko orduan”; horren ondoren, IPEXeko zuzendari Luis Noé Sánchez jaunak eman du hitzaldia: “Nekazaritzako elikagaiak nazioartera zabaltzeko funtsezko faktoreak Gaztela-Mantxan”; eta, azkenik, bere azalpenak eman ditu Patricia Pérezek ere, Nexora Solutions agentziako merkataritza-arloko arduradunak: “indartu zure e-commercea online marketinaren bidez”.
Horren ondoren, mahai-ingurua egin da esperientziak partekatzeko eta nekazaritza-sektoreari gehien eragiten dioten kezkak jorratzeko, hala nola landa-eremuaren despopulatzea eta belaunaldien arteko erreleboa.
AGROSMARTglobal proiektua SUDOEko (Frantzia, Espainia eta Portugal) nekazaritzako elikagaien sektoreko enpresen erakustokiak diseinatzen ari da, Txinako eta Estatu Batuetako merkatu digitaletara iristeko. Honako hauek dira erakustoki horietarako aukeratu diren B2B plataformak: Importfood.net eta Putaojiu.com Txinarako, eta Rangeme.com eta Alibaba.com Estatu Batuetako merkaturako.
Era berean, doako aholkularitza-zerbitzua eskainiko zaie ETE-ei, nazioartekotze digitalaren esparruan.
AGROSMARTglobal Europako proiektu bat da, InterregSudoe 2014-2020 programak finantzatua, Europako hego-mendebaldeko ETE-en lehiakortasuna eta nazioartekotzea sustatzeko lehentasunezko ardatzaren baitan.
Honako hauek dira proiektuak barne hartzen dituen Europako SUDOEko hamar eskualdeak: Espainian: Galizia, Gaztela-Mantxa, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Errioxa; Frantzian: Akitania Berria; eta Portugalen: Iparraldea, Algarve, Erdigunea, Lisboa eta Alentejo.