«KONFEKOOPek Lanbiden parte hartzea onuragarria litzateke euskal gizarte osoarentzat», ziurtatu du Rosa Lavínek, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko lehendakariak

Gizarteratzeko eta giza garapenerako funtsezko tresna da enplegua. Izan ere, nahiko kalitatezkoa bada, pertsonen potentziala, sormena, berrikuntza eta irudimena garatzeko aukera ematen du lanak. Oinarrizkoa da giza bizitza produktiboa, probetxugarria eta esanguratsua izan dadin. Bizibidea ateratzeko aukera ematen du, gizartean parte hartzeko bidea da, eta segurtasun- eta duintasun-sentimenduak sustatzen ditu.

Lanbide, Euskal Enplegu Zerbitzua, 2011n sortu zen helburu jakin batekin: «kalitatezko enplegu egonkorrerako eskubidea bete-betean garatzeko lan eta langileen enplegagarritasuna modu eraginkorrean bermatzen lagunduko duen lan-merkatua sustatzea; era berean, enpresen eskakizunetara egokitutako beharrei erantzutea eta gizartearen zein lurraldearen kohesioari laguntzea ditu xede, eta, horretarako, esleitzen zaizkion enplegu-politikak kudeatu eta lan-arloko legeria egikaritzen du».

Lanbideren Administrazio Kontseilua hiru alderdikoa, parekidea eta erabakitzailea da, eta 15 kide ditu.

  • Lehendakaria: Lan eta Enplegu sailburua.
  • Lehendakariordea: Enplegu sailburuordea.
  • Idazkaria: Lanbideko zuzendari nagusia.
  • 12 kide:

Bi kide Eusko Jaurlaritzaren izenean.

Bost kide ordezkaritzarik handiena duten sindikatuen izenean.

Bost kide Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritzarik handiena duten sektore arteko enpresa-erakundeen izenean.

Gaur-gaurkoz, KONFEKOOP Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak ez du lekurik Lanbideren Administrazio Kontseiluan, eta, beraz, enplegu-eredu kooperatiboa ez dago organo horretan ordezkatuta, soldatapeko enpleguaren eremuko enpresa-elkarteak ez baitira enplegu kooperatiboaren ordezkari.

Kooperatiben Euskal Legeak, 156.1 artikuluan, gizarte-eragiletzat hartzen du KONFEKOOP, Euskadiko kooperatibisten % 60 baino gehiago biltzen dituen erakundea.

«Ez daukagu nahikoa presentzia organo instituzionaletan, ezta enplegu-politikak hitzartzeko organoetan ere», adierazi du Rosa Lavínek, KONFEKOOPeko lehendakariak, erakundeak aurtengo maiatzean egindako Batzar Nagusian. KONFEKOOPek Lanbideren Administrazio Kontseiluan parte hartzea sektorearen aldarrikapen historikoa da.

«Sektore gisa euskal ekonomiari eta gizarteari ematen diegun balioaren eta zuzendaritza-organoetan dugun presentziaren arteko arrakala ixteko garaia da», Lavínen hitzetan.

Lanbideren Administrazio Kontseiluan parte hartzea: helburu handia

Ekonomiaren eraginez lan-merkatua sakonki eraldatzen ari da. Lanbideren Administrazio Kontseiluaren osaera lan-ereduen eskema klasikoan edo mugatuan oinarritu da orain arte, eta ikuspegi horrek ez du kontuan hartzen gero eta pisu handiagoa dutela norberaren konturako lanak eta kontratu-harremanean oinarritzen ez den enpleguak, hala nola enplegu kooperatiboak. KONFEKOOPetik, aldaketak ikusten ditugu lan-merkatuetan, lan-segmentazioa handitu egin da, eta ezohiko enpleguak eta enplegu-forma berriak ugaritu egin dira ekonomia digitalaren testuinguruan.

Lanbideren Administrazio Kontseiluaren osaerak aniztasun hori islatu behar du, betiere hiru alderdiko izaeraren funtsezko printzipioa errespetatuta.

Ekonomia ordezkatzen duten erakundeek aukera izan behar dute lankidetza-eremu publiko-pribatuetan parte hartzeko. Hala, kooperatiba-sektoreak Lanbidetik sortzen diren politika publikoetan hartu behar du parte KONFEKOOPen bitartez. Oreka eta aniztasuna oinarritzat hartuta, betiere.

KONFEKOOP estrategia berezia lantzen eta abian jartzen ari da, eta horren bidez agerian utzi nahi du erakundea zer garrantzitsua den enpleguan eta euskal ekonomian, mugimendu kooperatibistak egonkortasuna dakarrela gero eta atomizatuago dagoen lan-merkatura, zer egin dezakegun Lanbideren Administrazio Kontseilutik enplegu-politikak sendotzeko eta hobetzeko, eta kooperatibismoak nolako zeregin garrantzitsua duen.

Izan ere, helburu dugun kalitatezko enplegu inklusiboa funtsezko tresna da gure enpresek potentzial osoa garatu dezaten, eta gizartearekiko konpromisoaren bidetik nahi dugun eta merezi dugun oparotasuna sustatu dezaten, betiere garapen jasangarriaren esparruan.



Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.