Kooperatibek landa-ingurunean duten eginkizun ekonomiko eta humanoa nabarmendu dute Nekazaritzako Elikagaien Kooperatiben Batzarrean

  • Ministroak azpimarratu du, orobat, kooperatibak ez direla deslokalizatzen, erabakigarriak izan direla azken garaiotan, eta «halaxe jarraituko» dutela.
  • Ekitaldian, Espainiako Nekazaritzako eta Elikagaigintzako Kooperatiben 2022ko Sariak banatu dizkiete kooperatiba irabazleei: TROPS (Urteko Kooperatiba), SAT Coagral (Landa Garapena), Jerte Haraneko Kooperatiben Elkartea (Aukera Berdintasuna) eta COVAP (Berrikuntza).
  • Espainiako nekazaritzako elikagaien kooperatibek landa-inguruneko enplegu zuzena areagotzen jarraitzen dute (% 7 handitu da azken ekitaldian), eta 120.000 langilera iritsi da.

Madril, 2022ko maiatzaren 31a.- Espainiako Nekazaritza eta Elikagaigintza Kooperatibek urteko Batzar Nagusia egin dute gaur Madrilgo Rafael Atocha hotelean. Ekitaldi horretan, Espainia osoko kooperatibetako ehun ordezkari baino gehiago elkartu dira, eta Kontseilu Errektoreari lagundu diote, datorren urterako jarraibideak finkatzeko eta erakundearen jarduera-plana zehazteko. Ekitaldian izan da, era berean, Luis Planas Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako ministroa: kooperatibek landa-ingurunean duten eginkizuna nabarmendu du, eta gaineratu du gizarte-ekonomiako enpresak direla, nekazarienak eta abeltzainenak, eta ez direla deslokalizatzen.
Ángel Villafranca Espainiako Nekazaritza eta Elikagaigintza Kooperatiben presidenteak nabarmendu duenez, kooperatibek landa-eremuetako enplegua sendotzen eta handitzen jarraitzen dute, baita COVID-19aren pandemiak astindutako 2020an ere. Espainiako Nekazaritzako Elikagaien Kooperatibismoaren Behatokiaren 2021eko datuen arabera (2020ko ekitaldiko datuekin egina), kooperatibek enplegua areagotzen jarraitzen dute (% 7,3ko gehikuntza aurreko ekitaldiarekin alderatuta), eta orotara 120.000 pertsona ari dira enpresa horietan lanean.
Apur bat atzerago begiratzen badugu eta kooperatibek 2006tik izan duten joera aztertuz gero, ikusiko dugu nolabaiteko enpresa-kontzentrazioa gertatu dela: % 8,8 murriztu da kooperatiben kopurua, eta, aldi berean, % 50 areagotu da fakturazioa; enpresen batez besteko tamaina, berriz, % 65 handitu da. Horrek azaleratu egiten ditu balio erantsi handiagoa lortzeko eta enpresen efizientzia hobetzeko egin diren eginahalak. Aldi berean, enplegu zuzenak % 26 egin du gora, eta horrek adierazten du kooperatibek funtsezko eginkizuna dutela beren landa-inguruneetan, bai enplegua sortzeko, bai eragile ekonomiko gisa. Ángel Villafrancak azpimarratu duenez, «kooperatiba batek jasotzen duen euro bakoitza biderkatu egiten da, askoz gehiago ematen baitu lurralde horretan bertan».
Villafrancak ministroari eskatu dio jarrai dezala kooperatibismoa babesten; izan ere, haren esanean, kooperatibismoa da tresnarik onena lehen sektorearen eta landa-munduaren jasangarritasun ekonomikoan, sozialean eta ingurumenekoan aurrera egiteko, behar bezala kudeatuz gero.
Nekazaritzako elikagaien kooperatibismoak 1.175.000 bazkide ditu Espainian, zeinak 3.500 enpresa ingurutan baitaude bildurik, eta 34.186 milioi euro fakturatu zituzten 2020an.
Bestalde, Luis Planas ministroak amaiera-ekitaldian azpimarratu duenez, «kooperatibak landa-munduaren ardatza dira, baina ez ikuspegi ekonomikotik soilik, baizik eta ikuspegi humanotik erreparatuta ere bai». Eta halaxe islatzen du, hain justu, Espainiako Nekazaritza eta Elikagaigintzako Kooperatiben 2022ko Sarietan irabazle izan diren kooperatiba bakoitzaren historiak.
Espainiako Nekazaritza eta Elikagaigintzako Kooperatiben 2022ko Sariak
Urtero egin ohi duten bezala, Luis Planasek eta Ángel Villafrancak Espainiako Nekazaritzako Elikagaien Kooperatiben Sariak banatu dituzte batzarraren amaieran. Aurtengo edizioan, TROPS, SAT Coagral, Jerte Haraneko Kooperatiben Elkartea eta COVAP izan dira irabazle.
URTEKO KOOPERATIBA – TROPS

Bizi-proiektu bat

SAT TROPS Andaluziako barazki- eta fruta-kooperatiba garrantzitsuenetako bat da, eta ahuakateen eta mangoen laborantzan dago espezializatuta. 3.000 nekazari bazkide biltzen ditu, batez ere Malagako Axarquía aldekoak eta Granadako Kosta Tropikalekoak. Alabaina, gero eta gehiago ari da zabaltzen, eta toki gehiagotako nekazari zein zentroak ere elkartu zaizkie, hala nola Huelvakoak, Cádizkoak, Málaga probintziaren mendebaldekoak eta Valentziako Levante ingurukoak.

Iazko 2020/21 kanpainan, zeina COVID-19ak eragindako osasun-krisiak astindu baitzuen, Europako herrialdeetara esportatu zen ekoizpenaren % 60 inguru. Kooperatibak 300 produktu-erreferentzia baino gehiago eskaintzen ditu, baina, guztien artetik, nabarmentzekoak dira ahuakatea eta mangoa, % 3ko eta % 4ko merkatu-kuota baitituzte, hurrenez hurren, Europako merkatu osoan.

Ildo horretan, TROPS kooperatibak ekoizten du penintsulako ahuakatearen % 40 eta mangoaren % 50 baino gehiago. Haren helburu nagusia da, batetik, nekazariei bidezko komertzializazioa bermatzea, eta, bestetik, ahalik eta ahuakate eta mangorik onenak eskaintzea kontsumitzaileei. Ingurumenarekiko arduratsua den produkziora bideraturik jarduten du beti, eta ikerketa- eta inbertsio-proiektu ugari garatzen dituzte teknologiaren alorrean, TROPS mangoa eta ahuakatea puntu-puntuan eta punta-puntan egon daitezen beti.

«TROPS Genea» deituriko filosofia baliatzen dute: guztien artean definitu eta garatu dituzte printzipio horiek, alde batetik, gizarteari kalitate goreneko produktuak eskaintzeko, elikagarriak eta osasungarriak, eta, bestetik, nekazariek beren ustiategien errentagarritasun ekonomikoa lortzeko. Horrekin, bizitza-proiektu bat garatzen da TROPSekin hartu-emana duten pertsona guztientzat.

LANDA-GARAPENA – COAGRAL

Balio soziala eta konpromisoa gazteekin

SAT 6061 Comercial Agropecuaria Alcarreña, COAGRAL, 1985ean eratu zuten Nekazarien eta Abeltzainen Elkarte Probintzialeko (APAG) bazkideek, eta haren helburua zen uztak merkaturatzea eta nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategietako beharrezko ekoizpen-bitartekoak saltzea. Gaur egun, 2.658 bazkidek osatzen dute COAGRAL –horien % 83 Guadalajara probintziakoak dira– eta 60 laguni ematen die lana. Haren helburu soziala da nekazari eta abeltzain kidetuei zerbitzu integrala eskaintzea; hau da, nekazaritza-merkaturatzetik hasi eta era guztietako prestazio eta zerbitzuak garatzeraino.

Espainiako Nekazaritzako Elikagaien Kooperatiben Sarietako epaimahaiak bereziki balioetsi du kooperatibak gazteekin duen konpromisoa, bai eta sustatzen duen belaunaldien arteko erreleboa ere. Alde batetik, COAGRALek erraztasunak ematen ditu gazteak sektorean sartzeko, eta bat egiteko eskaerei erantzuten die; bestetik, duela gutxi sartu diren gazteen segimendua egiten du, laguntza, aholkularitza eta prestakuntza ematen jarraitzeko. Lan horren guztiaren ondorioz, 2021az geroztik kooperatibarekin bat egiteko 92 espediente erregistratu ditu, zein bere enpresa-planarekin (aurreko deialdian baino 34 espediente gehiago), 60 gizon eta 32 emakume guztira, eta haietatik 6 titulartasun partekatukoak.

Gainera, COAGRALek gazteentzako CULTIVA programaren deialdian parte hartzen du, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak sustatuta, bai eta Agricultores Contra el Cambio Climático ekimenean ere (nekazariak klima-aldaketaren kontra). Emakumeen presentzia nabarmena du gobernu-organoetan, eta, tokiko produktuaren aldeko apustuan, «Alimentos de Guadalajara» marka komertziala sortu du (Guadalajarako elikagaiak).

AUKERA-BERDINTASUNA – Jerte Haraneko Kooperatiben Elkartea

Eraikitzen jarraitzeko ezinbesteko berdintasuna

Jerte Haraneko Kooperatiben Elkartea 2. mailako kooperatiba da. Cáceresko Jerte eta La Vera haranetan kokaturiko 15 kooperatibak osatzen dute guztira, eta, guztien artean, 3.180 nekazari-bazkide biltzen ditu. Gerezia da produkturik nabarmenena, baina merkaturatzen ditu produktu gehiago ere, hala nola aranak, fruitu gorriak, pikuak, gaztainak eta olibak. Era berean, gourmet produktuak ere egiten ditu; esaterako, pattarrak, likore bereziak eta oliba-olioa.

Aukera-berdintasunaren kategoriako saria emateko, epaimahaiak kontuan hartu du Jerte Haraneko Kooperatiben Elkarteak bere gain hartzen duela emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasunaren printzipioa, jarduera-esparru guztietan hartu ere, hala nola langileak hautatzerakoan, soldata-politikan, prestakuntzan, lan- eta enplegu-baldintzetan, lan-osasunean, lan-bizitzaren antolamenduan eta familia eta lana kontziliatzeari dagokionez.

Zehazki, elkarteko emakumeak kooperatibista guztien % 34,4 dira; azken hiru urteetan, kontseilu errektorea bost emakumezko izatera igaro da (lehen bakarra zuen), orotara dituen 17 kideetatik. Era berean, emakumeak dira lau kooperatiba kidetako buruak, eta, haietako bakoitzean, proportzionala da kontseilu errektoreetako emakumeen kopurua eta kooperatibako bazkideen artean emakumeek duten presentzia. Horretaz gainera, emakume batek zuzentzen du taldea –Monica Tierno Díaz–, guztira 52 emakume ditu plantillan (122 langiletik), garatuta dauka Berdintasun Plan propioa, eta Berdintasun Batzordea eta Aukera Berdintasunerako Lantaldea sortu ditu bere borondatez.

BERRIKUNTZA – COVAP

Berrikuntza 360º-ko irismenarekin
Los Pedroches Haraneko Abeltzaintza Kooperatiba (COVAP) duela 60 urte baino gehiago sortu zen Kordobako Pozoblanco herrian. Abeltzain-talde batek eratu zuen, arkumea merkaturatzeari eta zerealak elkarrekin erosteari esker sortzen ari zen mugimendu kooperatiboan lehen urratsak egin ondotik. Gaur egun, COVAPek 2.500 abeltzain biltzen ditu, eta 1.050 enplegatu dauzka.
COVAPen jardunean, berrikuntza erakundearen zutabe estrategikoetako bat izan da, eta halaxe jarraitzen du gaur egun ere. Hori dela eta, garrantzi handia ematen diote ikerketa, garapen eta berrikuntzako proiektuetan parte hartzeari, bereziki erreparaturik kate-maila bakoitzaren barruko produktuak eta prozesuak hobetzeari, hasi nekazaritzatik eta elikaduratik, eta kontsumitzailearengana iritsi arte.
Ildo horretan, COVAPen helburuetako bat da talentu eta ideia berriak erakartzea, kooperatibaren barruan berrikuntza- eta ekintzailetza-ildoak sustatzeko eta garatzeko. INNOVACTION izeneko kontzeptu horren barruan dauden bi jarduerak Innovaction Campusa eta Sariak dira.
Garatzen ari diren proiektuen artean, honako hauek nabarmentzen dira: eremura egokitutako barietate berriak edo laboreak bilatzea, eta haietarako ongarritze jasangarria izatea; animalien osasuna hobetzea antimikrobianoak erabili beharrik izan gabe; esne-behietarako elikadura espezifikoa, fitogenikoak eta algak erabiliz; txerri-aziendetarako ugaltze-teknologia berriak; abeltzaintzaren efizientzia hobetzea, zenbait aldagai kontuan hartuta; animalien ongizatea, Zehaztasuneko Abeltzaintza berriak eskura ipintzen dituen tresnen bidez; edo esneki osasungarriagoak, energia-efizientzia eta industriako koproduktuen aprobetxamendua bilatzea.



Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.