Enplegua eta gainerako politika publikoak erabakitzen diren lekuetan kooperatibek presentzia izatea eskatu du Rosa Lavínek

KONFEKOOPeko lehendakariak Gizarte eta Zainketa Ekonomiaren PERTEan parte hartu du ostiral honetan, Moncloako jauregian.
Madril, 2022ko maiatzaren 27a – KONFEKOOPeko lehendakariak, Rosa Lavínek, Gizarte eta Zainketa Ekonomiaren PERTE edo EBEPEan (ekonomia berreskuratzeko eta eraldatzeko proiektu estrategikoan) hartu du parte ostiral honetan, maiatzak 27, Next Generation EU funtsen hedapenaren esparruan.
Ekitaldia Moncloako jauregian izan da, eta Espainiako Gobernuko lehendakari Pedro Sánchez ere izan da bertan, baita Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako ministro Nadia Calviño eta Lan eta Gizarte Ekonomiako ministro Yolanda Díaz ere. Era berean, Gizarte Ekonomiako Enpresen Espainiako Konfederazioko (CEPES) lehendakari Juan ANTONIO Pedreñok parte hartu du.
KONFEKOOPeko buruzagiak ezinbestekotzat jo du kooperatibek presentzia izatea funtsezko erabakiak hartzen diren lekuetan, non oraingo eta etorkizuneko politika publikoak zehazten baitira, hala nola enpleguari buruzkoak. Halaber, gizarte-zerbitzuen sektorearen hazkundeari buruz mintzatu da, sektore hori negozio-aurreikuspenak sortzen eta beste sektore batzuetatik datorren kapitala bereganatzen ari baita. Izan ere, esku-hartze sozialeko profesionalen SSI kooperatiba-taldeko zuzendaria ere bada Rosa Lavín.
Ildo horretan, zainketen sektoreak enplegua sortzeko ahalmen handia duela azpimarratu du: «Kooperatiba-enpresak eragile egonkortzaileak dira, kalitateko enplegu egonkor, inklusibo eta jasangarriaren sortzaileak».
Amaitzeko, euskal kooperatibismoak horrelako maila handiko ekitaldi batean parte hartzearen garrantzia nabarmendu du KONFEKOOPeko ordezkariak. Haren iritzian, PERTE hori eragile bat izango da zahartzea aukera gisa bultzatzeko.
«Zainketari ospea emango dio, administrazio publikoak jarrera proaktiboa eta berritzailea izatera bultzatuko ditu, profesionalei gaitasun estrategikoak emango dizkie eta aurrera egingo du lankidetza publiko-pribatuan, jarduera eta enplegua sortzeko, hau da, herrialdea eraikitzeko», azaldu du.
Gizarte eta Zainketa Ekonomiaren PERTEAk sektorea eraldatzea helburu duen proiektu estrategikoa da. Horretarako, pertsonak ardatz dituen eredua sustatzen du, eta, horrela, beste sektore batzuetan ere eragina eta eskalatze-efektua du.



Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.