Euskadiko kooperatibistek nekazaritzako belaunaldien arteko erreleboa sustatzen dute CULTIVA 21 programaren bidezKONFEKOOP CULTIVA 21 programan parte hartzen ari da, nekazari gazteek prestakuntza-egonaldiak egin ditzaten ereduzko ustiategietan
- February 28, 2022
- Posted by: KONFEKOOP
- Category: Albisteak Konfekoop
KONFEKOOP, nekazaritza-arloan belaunaldien arteko erreleboa sustatzeko bere estrategiarekin bat etorriz, CULTIVA 21 programan parte hartzen ari da, nekazari gazteek prestakuntza-egonaldiak egin ditzaten ereduzko ustiategietan. Programa hori Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak finantzatzen du. Ekimen horren bidez, beste autonomia-erkidego batzuetako bi nekazari eta abeltzain gaztek astebeteko egonaldia egingo dute erreferentziazko nekazaritza-ustiategi batean, non ezagutza teknikoak finkatu eta beste ekoizpen- eta kudeaketa-eredu batzuk ezagutu ahal izango dituzten.
Prestakuntza-egonaldia martxoaren 5ean amaituko da, KONFEKOOPeko erakundeekin lotutako nekazaritza-ustiategi batean. Zehazki, finkak Arabako lautadan daude, eta Kanariar Uharteetako eta Kataluniako bi ekoizle gazte joango dira ustiategi horietara.
Aste osoan zehar, gazteek zuzenean ezagutu ahal izango dituzte patata-, zereal- eta lekale-laborantzaren kudeaketa eta erabilera, uraren kudeaketa eta ureztatzearen arloko berrikuntza, baita barietate-berrikuntzaren eta labore-aniztasunaren aldeko apustua ere. Era berean, Udapa eta Garlan kooperatibek, besteak beste, bazkideei eskaintzen dizkieten zerbitzuak eta kudeaketa komertziala ezagutzeko aukera izango dute.
CULTIVA Programari esker, 41 urte baino gutxiago dituzten nekazariek eta abeltzainek in situ bereganatu eta finkatu ahal izango dituzte nekazaritza-jardueraren garapenean aplika ditzaketen alderdi teknikoei eta kudeaketari buruzko ezagutzak.