Ohiko galderakArgitu kooperatibismoaren inguruan dituzun zalantzak
- January 31, 2022
- Posted by: KONFEKOOP
- Category: Albisteak Konfekoop
1. Zein dira bazkideen eskubideak?
a) Kooperatibaren organo-karguetarako kideak aukeratzea eta aukeratuak izatea.
b) Batzar nagusiaren eta bazkideak partaide diren gainerako organoen erabakiak hartzen direnean, proposamenak egitea eta hitzarekin eta botoarekin parte hartzea.
c) Kooperatibaren jarduera guztietan parte hartzea, inolako bereizkeriarik gabe.
d) Beren eskubideez baliatzeko eta beren betebeharrak betetzeko behar duten informazioa jasotzea.
e) Dagokionean, kapital sozialari egindako ekarpenak eguneratu eta itzultzea, bai eta, horrela bada, haiengatiko interesak jasotzea ere.
f) Kooperatiba-itzulkina jasotzea, hala badagokio.
g) Lege eta estatutuen ondoriozko gainerakoak.
Beren eskubideak gauzatzean, bazkideek kontuan izan beharko dute legeek eta estatutuek nahiz kooperatibako organoek balio osoz hartutako erabakiek diotena.
2. Zein dira bazkideen betebeharrak?
a) Batzar nagusiek eta gainerako organoek deitutako bileretara joatea.
b) Aukeratuak izan diren karguak onartzea, salbuesteko arrazoi justifikaturik ez badago.
c) Kooperatibaren xede diren jardueretan parte hartzea. Ondore horietarako, estatutuetan ezarriko dira parte hartzeko moduluak edo gutxieneko arauak. Era berean, bidezko arrazoiak daudenean, administratzaileek bazkideren bat betebehar hori betetzetik libre utzi ahal izango dute.
d) Kooperatibaren helburu sozialari lehiarik ez egitea eta halakorik egiten duenari ez laguntzea, baldin eta administ ratzaileen berariazko baimena jaso ez badu.
e) Kooperatibaren jarduerak eta datuak isilpean gordetzea, horiek zabaltzea kooperatibaren interesen kalterako bada.
f) Kapital sozialari egin beharreko ekarpenak ordaintzea, aurreikusitako baldintzetan.
g) Berari galerak egoztea onartzea, batzar nagusiak zehaztutako zenbatekoan.
h) Legeen eta estatutuen ondorioz sortzen diren gainerako betebeharrak betetzea, bai eta kooperatibako organoek balio osoz hartutako erabakien ondorioz sortzen direnak ere.
3. Zer dira lan-aurrerakinak?
Bazkide langileek kooperatibaren soberakinetik hilero jasotzen dituzten diru-sarrerak dira, kooperatiban duten partaidetzarekiko proportzionalak. Aurrerakina ez da izango lanbide arteko gutxieneko soldata baino txikiagoa.
4. Zenbat pertsona kontrata daitezke kooperatiba batean gehienez besteren kontura?
Kooperatibek besteren konturako lan-kontratuak egin ahal izango dituzte, baina urteko lanorduen kopurua ez da izango bazkide langileek egindako lanorduen % 30 baino handiagoa.
5. Iraupen mugatuko bazkiderik egon daiteke kooperatibetan?
Estatutuetan aurreikusten bada eta bazkidea onartzean erabakitzen bada, kooperatibek iraupen mugatuko lotura sozialak ezarri ahal izango dituzte. Lotura horien berezko eskubideak eta betebeharrak gainerako bazkideenen parekoak izango dira, eta estatutuetan arautuko dira.
Bazkide horien kopurua ez da izango bazkide mugagabeen bostena baino handiagoa, ez eta bazkide mugagabeek batzar nagusian dituzten botoen bostena baino handiagoa ere.
6. Zer erantzukizun dute bazkideek sozietatearen zorrei dagokienez?
Bazkideek ez dute erantzukizun pertsonalik izango sozietatearen zorrei dagokienez. Haien erantzukizuna kapital sozialari egindako ekarpenek mugatuko dute.
7. Zer itzuli behar zaie bazkideei kooperatiban baja ematen dutenean?
Estatutuetan arautuko da kapital sozialari egindako ekarpenen itzulketa. Kenkariak ezarri ahal izango dira, baina nahitaezko ekarpenen gainean bakarrik, eta, gehienez, ehuneko hauek aplikatuko dira: ehuneko hogeita hamarreraino, bazkidea kanporatzen denean, eta ehuneko hogeiraino, bidezkoa ez den baja bat gertatzen denean.
Estatutuetan aurreikusi ahal izango da, itundutako gutxieneko iraunaldia bete ezean, ehuneko hamar puntu gehitzea, gehienez ere, bidezkoa ez den bajaren kasuan aplikatu beharreko kenkari-ehunekoari.
Edonola ere, arestian aipatutako kenkariei kalterik egin gabe, baja ematen duen bazkideari itzuli beharreko ekarpenari baja gertatu den ekitaldiko itxiera-balantzean jasotako galerak —direla ekitaldi horretakoak, direla aurreko beste ekitaldi batzuetakoak edo konpentsatu gabe daudenak— kenduko zaizkio. Deskontua, betiere, kapital sozialari egindako ekarpenetara mugatuko da.
8. Zein dira funts horren interes publikoko helburuak, heziketarako eta kooperatiba-sustapenerako eta interes publikoa duten beste helburu batzuetarako kontribuzioari dagokionez?
Jarduera hauetakoren batera bideratuko da:
– Bazkide eta langileei prestakuntza ematea, bai kooperatibismoari buruz, bai lanpostuarekin lotuta ez dauden beste arlo batzuei buruz.
– Kooperatiben arteko harremanak sustatzea.
– Kultura, lanbidea eta laguntza sustatzea, eta kooperatibismoaren ezaugarriak zabaltzea.
– Euskararen erabilera sustatzea.
– Kooperatiba-enpresa berriak sustatzea, euskal kooperatiben mugimenduak sustatutako irabazi-asmorik gabeko erakunde bati diru-ekarpenak eginez.
– Bazkide eta langileei prestakuntza eta heziketa ematea, kooperatibetan emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko urratsak emateko politika eraginkor bat sustatze aldera.
– Kooperatibak ezin du erabili ekarpen hori, salbu eta arestian aipatu diren interes publikoko helburuetara zuzentzeko; ekarpen hori, horrenbestez, enbargaezina da eta balantzearen pasiboan azaldu behar da.
– Kooperatibak berak adierazitako interes publikoko helburuetara bideratu ez den zenbatekoa irabazi-asmorik gabeko erakundeei emango zaie, soberakinaren banaketa onetsi den ekitaldi ekonomikoaren hurrengo ekitaldian, erakunde horiek erabil dezaten kontribuzio horretarako erabaki diren interes publikoko helburuak betetzeko.
9. Zer Batzar Nagusi mota daude?
Batzar Nagusiak ohikoak eta ezohikoak izan daitezke. Hauek dira ohiko batzar nagusien funtsezko helburuak: sozietatearen kudeaketa aztertzea, urteko kontuak onartzea, bidezkoa bada, eta, hala dagokionean, soberakinen banaketaren eta galeren egozpenaren inguruko erabakiak hartzea. Gainerako batzar guztiak ezohikoak izango dira.
Dena den, bilera baliagarria izango da deialdia egin beharrik izan gabe, baldin eta bazkide guztiek, pertsonalki edo ordezkatuta, batzar nagusi unibertsala eratzea erabakitzen badute, eta den-denek gai-zerrenda eta bertaratu diren bazkideen zerrenda sinatzen badituzte. Ondoren, ez da beharrezkoa izango bazkide guztiek bileran jarraitzea.
10. Kooperatibek zer dokumentazio sozial izan behar dute eguneratuta?
Kooperatibek ordenan eta egunean eraman beharko dituzte honako liburu hauek:
– Bazkideen erregistro-liburua.
– Kapital sozialerako ekarpenen erregistroa.
– Akta-liburuak. Batzar nagusiarena, kontseilu errektorearena, eta, hala badagokio, zaintza-batzordearena, errekurtso-batzordearena eta prestatzeko batzarrena.
– Inbentario eta balantzeen liburua eta eguneko liburua.
– Lege-xedapenek eskatzen dituzten beste guztiak.
Liburu horiek, euskarri elektronikoan edo paperean, Euskadiko Kooperatiben Erregistroak legeztatuko ditu, sei hilabeteko epean, ekitaldia ixten denetik aurrera kontatuta.
1.c idatz-zatian adierazten diren liburuak legeztatzen ez diren bitartean, akten kopia ziurtatua bidali beharko zaio Euskadiko Kooperatiben Erregistroari, bi hilabeteko epean, akta horiek onartu zirenetik kontatzen hasita.
Beste erantzun batzuk ezagutzeko, sartu hemen.