“Baditugu kooperatiben adibideak ekonomia tradizionalari begira benetako ikasbide direnak”Idoia Mendia bigarren lehendakariordeak eta Lan eta Enplegu sailburuak esan du bere sailak ekintzailetza kolektiboa bultzatzeko lehentasuna duela
- January 20, 2022
- Posted by: KONFEKOOP
- Category: Albisteak Konfekoop
Idoia Mendia bigarren lehendakariordeak eta Lan eta Enplegu sailburuak adierazi duenez, egungo krisiak “agerian jarri du enpresek, errotuta badaude eta proiektuetan aritzen diren pertsona guztien konpromisoa badute, hobeto antolatzen dakitela beren erresistentzia eta etorkizunerako begirada”. Mendiak onartu duenez, zenbait kooperatiba eredugarriak izan dira krisian ekonomia tradizionalarentzat, eta esan du bere sailak ekintzailetza kolektiboa bultzatzeko lehentasuna duela, “enplegu inklusiboa eta kalitatezkoa” sortzeko modu gisa.
Zein dira zure sailaren lehentasunak, kooperatibismoaren ikuspegitik, hasi berri den urte honetarako?
Ekintzailetza kolektiboa sustatzea, aberastasuna eta kalitatezko enplegu inklusiboa sortzeko modu gisa. Hori dela eta, Gizarte Ekonomiako Zuzendaritza da aurrekontuetan gehien hazi dena Jaurlaritzako arlo guztien gainetik, % 29ra iritsi arte, 7.652.000 eurorekin. Erdia baino gehiago Ekin programara bideratuta dago. Beste hazkunde esanguratsu bat, % 25ekoa, bazkide berrien sarrerei dagokie, langabeei, ezintasunak dituzten pertsonei edo besteren konturako langileei kooperatibetan bazkide gisa sartzen laguntzeko.
Zer balorazio egiten duzu Euskadiko kooperatibek egokitu zaizkigun garai zail hauetan emandako erantzunari buruz?
Jakin dugu errotuta dauden eta lan egiten duten pertsona guztien inplikazioa duten enpresek hobeto dakitela beren erresistentzia eta etorkizunera begiratzeko modua antolatzen. Eta ez egitura piramidal eta zurrunek, ez lan-harremanetako paradigma tradizionalek, ez dutela enpresen oparotasuna bermatzen, ez eta beren lanarekin haiek aurrera ateratzen dituztenen eskubideak eta ongizatea ere. Enpresa batean berrikuntza, ideien mende ez ezik, erakundeko kide guztiak lerrokatuta egotearen mende ere badagoela. Horrek aldaketarako eta bilakaera ekonomikora eta hark sorturiko behar berrietara egokitzeko gaitasuna bultzatzen baitu. Kooperatibek berezko dituzten balio horiek bereziki argi ikusi dira krisi honetan. Hainbat adibidek erakusten digute erresilientzia eta berrikuntza behar izan direla, baita okerren pasatu dutenen arteko elkartasuna, langileen birkokatzea eta lankidetza ere. Benetako ikasbideak dira horiek ekonomia tradizionalarentzat.
Duela hilabete eskas, Seulen egin zen Kooperatibismoaren Mundu Biltzarrean hartu zenuen parte. Ehundik gora herrialdetako ordezkariek partekatu zituzten beren esperientziak bertan. Zer ekarri dio Euskadiri halako ekitaldi batean parte hartzeak? Eta zer ondorio ekarri ditu handik?
Biltzarraren antolaketan aktiboki parte hartu zuen munduko gobernu bakarra izan ginen. Baina, gainera, Euskadiren aurpegirik onena eskaini genuen, eskutik helduta joan baikinen agintariok eta kooperatiben egunerokoan protagonista diren eragileak, bai Goren Kontseilua, bai KONFEKOOP. Balio kooperatiboa ez ezik, euskal alternatiba bat ere aurkeztu nahi nuen eredu gisa, egungo garai gorabeheratsu hauetan. Eta parte hartu genuen guztion artean erakutsi dugu kultura kooperatiboa eta parte-hartzailea, kooperatiben arteko lankidetzarekin eta sustraitzearekin batera (betiere mundura irekitzeari uko egin gabe), aberastasuna sortzeko modu bat dela, baita enpresa-eredu klasikoarentzat erreferentzia den kausa partekatu batean enpresak eta langileak konprometitzekoa ere. Balorazioa ez nuen nik egin, Nazioarteko Aliantza Kooperatiboa bera izan zen gobernu guztietako ordezkarien aurrean Euskadi ispilu gisa aipatu zuena. Euskadi erreferentea da lan elkartuko kooperatibismoan, baina ez da kasualitatea, sektore pribatuaren eta publikoaren elkarlanaren ondorio baizik; sektore pribatuaren kasuan, kooperatiben bidez, eta publikoaren kasuan, kooperatibak garatzeko lege egokiak eginez, eta, erabakiak hartzeko, ezagutza eta zientzia eskaintzen dituen esparru akademiko bat sortuz.
Ia amaituta dago Euskadiko Gizarte Ekonomiaren Sailarteko Plan Estrategikoa. Zer nabarmenduko zenuke planari buruz eta kooperatibetan duen eraginari dagokionez?
Bai. Legebiltzarraren agindua da, eta bertan txertatzen dira gizarte-ekonomia bultzatzeko jarduera nagusiak, lehen esan bezala, ekintzailetza-egitura kolektiboen sorrera sustatuz, eta gure gazteen artean kooperatibismoaren eta gizarte-ekonomiako beste modu batzuen kultura zabaltzeko hezkuntzaren bidez, ekintzailetzarako bide gisa.
Euskadiko Kooperatiben Lege berriarekin Enpresak Sustatzeko Kooperatiba sartu da berritasun gisa, baina Legean zehaztasunik ez dagoenez, erregelamendu bidez garatu behar da. Noizko dago aurreikusita?
Lege guztiek erregelamendu bidezko garapena behar dute, denboran iraun dezaten. Eta oso garrantzitsua da lege honek irautea, batez ere haren inguruko adostasun zabalak balio politiko handia ematen diolako, oposiziorik gabe; horrek alderdien gainetik dagoen konpromiso bihurtzen du, eta Sailetik lan handia egin dugu horren alde. Legegintzaldi honetan garatu da 2019an onartutako Kooperatiben Legea. Erregistroaren dekretua izapidetze-fasean da, eta aurten diziplina-araubideari buruzko dekretuarekin hasiko gara, kooperatibismoa sustatzea bezain garrantzitsua baita figuraren erabilera patologikoa saihestea. Eta, azkenik, hura garatzeko dekretuarekin amaituko dugu. Bertan, besteak beste, figura hori garatu behar dugu, enpresak sustatzeko kooperatiba. Eta Erregistroaren Dekretuarekin egin dugun bezala, sektorearekin etengabe hitz eginez egingo dugu.
KONFEKOOP, gaur egun, Euskadin garrantzirik handiena duen sektore arteko enpresa-taldeetako bat da. LANBIDEko Administrazio Kontseiluko kide izango dira kooperatibak?
Gobernu honek beti aintzatetsi ditu kooperatiben lana eta politika publikoak erabakitzen diren organoetan duten parte hartzea. Izan ere, KONFEKOOPek parte hartze oso aktiboa du Osalanen Administrazio Kontseiluan, eta pozik gaude haren parte-hartzearekin. Lanbideri dagokionez, hainbat aldiz hitz egin dugu gai horri buruz, eta legegintzaldi honetan zerbitzu hori eraldatzeko prozesu sakon bati ekin diogu. Prozesu hori bere antolamenduan ere islatuko da, eta Euskal Enplegu Sistemaren Legearen izapidetzearekin bat etorriz ekingo zaio. Lege hori 2022an bidaliko da Legebiltzarrera. Hor aztertu behar da presentzia hori.
Euskal kooperatiba askok zalantza dute berreskurapenerako Next Generation Europako funtsak beren enpresetara iritsiko ote diren. Iritsiko dira?
Funtsak ez dira iritsiko. Iristen ari dira dagoeneko.Enpresen esku dago, baita kooperatiben esku ere, programa horiei atxikitzea. Baina, gainera, PERTEak zehazten ari dira, sektoreko proiektu estrategikoak, hiru trantsizio handietara egokituak: energia-ingurumena, soziosanitarioa eta digitala. Eta hor euskal kooperatibismoak abantaila handiak ditu. Gainera, espero dugu Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioak ere, otsaila baino lehen, gizarte-ekonomiako PERTE bat zehaztea.
Ekintzailetza kolektiboa benetako irtenbidea izan da krisi-uneetan, baita enpresen birmoldaketetan edo familia-negozioen itxieretan ere. Ekintzailetza kolektiboa zabaltzeko jarduerarik jarriko da abian? Zure ustez, nork izan behar dute publiko potentziala? Nola handitu daiteke ekintzaileen preskriptoreen kopurua?
2030erako Enpleguaren Euskal Estrategiaren arabera, ekintzailetza kolektiboa da ardatz eraldatzaileetako bat, aurrean dugun hamarkada honetan kalitatezko eta berdintasunezko enplegu inklusiboa lortzeko. Izan ere, elkarrekin ekiteak arrakastak hobeto banatzea ahalbidetzen du, bai eta jarduera ekonomiko bat hasteko edozein ekimenek sor ditzakeen arazoak modu solidarioan gainditzea ere. Publiko potentziala biztanleria osoa da, baita kooperatiba bihurtutako enpresa tradizionalak ere, baina, batez ere, hedatzen joango diren ekonomia-mota berriak. Adibidez, kooperatiben adibide berriak ditugu online merkataritzaren banaketaren arloan. Gure sailetik formula horri bultzada bat eman diogu, eta handitu egin ditugu landunak eta langabeak kooperatibako bazkide gisa sartzen laguntzeko partidak.
Enpresa kooperatiboek berdintasun-planak idazteko eta erregistratzeko dituzten zailtasunei dagokienez, zer irtenbide proposatzen ditu zure sailak?
Uste dugu arauak hutsune bat duela lan elkartuko kooperatibei dagokienez. Ministerioak kooperatibistak sar zitzan saiatu gara, enpresaren batasun ekonomikoa ez hausteko, oinarrizkoa baita emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko. Ez dugu lortu. Hortaz, gure Kooperatiben Legeko berdintasun-plan kooperatiboak arautzea erabaki dugu, eta, beraz, kooperatibek gure erregistroan erregistratu ahal izango dituzte beren planak. Nolanahi ere, lan-arloko legeria bete egin behar da; beraz, lan elkartuko kooperatibek bi dokumentu izan beharko dituzte, baina uste dut elkarrekiko koherentziari eutsi beharko diotela. Urtarrilean hasiko gara sektorearekin harremanetan, araua adostua izan dadin.
Kooperatibismoaren beste eskaera bat, 2008tik egiten ari dena, sozietate kooperatibo txikien erregulazioa haien beharretara egokitzea da. Gai horri heltzeko asmoa du zure sailak?
Euskadi aitzindaria izan zen bi bazkidetatik gorako ekintzailetza kolektiboa kooperatibizatzen. 2019an onartutako Legea hedatzeke dago —eta aipatu ditudan dekretuekin hedatuko da—, baina premiaren eta eraginkortasunaren irizpideak lehenetsi behar dira. Sailen arteko plan estrategikoan aurreikusita dago, ekintza gisa, aztertu egingo direla gizarte-ekonomiako enpresa gehiago sortzea eta eraldatzea eragozten duten oztopo juridikoak, hala autonomia-erkidegokoak nola estatukoak. Hori izan daiteke proposatzen den egokitzapenaren beharra aztertzen hasteko testuinguru logikoa eta koherentea.
Kooperatiben Lege berriak jasotzen duenez, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak Administrazioarekin lankidetzan jardungo du, legean aurreikusitakoa eta, bereziki, printzipio kooperatiboak zabaltzeko eta betetzeko. Horrek esan nahi du Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak printzipio kooperatiboak kooperatibetan nola aplikatzen diren gainbegiratzeko lanak egin beharko lituzkeela, laguntzaile gisa?
Gainbegiratzetzat zer hartzen dugun. EKGK-k diziplina-espedienteak ebazteko eskumena izatea dela ulertzen bada, erantzuna ezezkoa da, gai hori Administrazio Publikoaren eskumen esklusiboa delako, ahalmen publikoak betetzea baitakar. Baina EKGK-k funtsezko eginkizuna izan behar du printzipio kooperatiboen defentsan, eta, beraz, printzipio horien erabileraren patologizazioaren aurkako borrokan. Bestalde, argi utzi nahi nuke gaur egun hau ez dela arazo bat Euskadin, eta iraganean ere ez dela izan. Kooperatiben deskalifikazioa sinbolikoa da: hiru espediente azken urteotan.
Eskaerarik baduzu euskal kooperatibentzat 2022ra begira?
Kalitatezko enplegu inklusiboa sortzen jarrai dezatela, berdintasun-tasa handiak dituen herrialde kohesionatu bat izatea lortzeko. Eta lankidetza publiko-pribatuari euts diezaiogula, eta arlo horretan sakondu, munduan erreferentea den eta zalantzarik gabe Euskadiren nortasun-ezaugarria den eredu bat zaindu eta garatzeko.