Donostia kooperatibismoaren hiriburu bihurtuko daMugimendu kooperatiboak Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua babestuko du Denon Artean saria emateko ekitaldian
Nazioarteko Kooperatiba Aliantzak (ACI) euskal kooperatibismoaren saria jasoko du urriaren 6an, asteazkenean, eta Ariel Guarco aliantzako presidentea bertan izango da

Donostia kooperatibismoaren hiriburu bihurtuko da datozen egunetan, Europako ekonomia sozialeko erreferente diren kooperatiba mugimenduko ordezkari ugarik eta Ariel Guarco Nazioarteko Kooperatiba Aliantzako presidenteak parte hartuko baitute bertan.

Denon Artean Sariaren banaketa dela-eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak (CSCE/EKGK) erakunde kooperatibo garrantzitsuenen bilera eta jarduera ugariren anfitrioi lanak egingo ditu urriaren 1etik 7ra. Horrela, lan elkartuko, nekazaritzako elikagaien, irakaskuntzaren eta kontsumitzaile eta erabiltzaileen kooperatiben Espainiako konfederazioek hainbat ekitaldi kooperatibo egingo dituzte. Gainera, Ekonomia Sozialeko Espainiako Enpresa Konfederazioak (CEPES) zuzendaritza batzordea bilduko du Donostian. Eta, salbuespen gisa, Euskadin egingo da Europako Parlamentuko Social Economy taldearen bilera bat.

Denon Artean saria

Bilera horien ekitaldi nagusia eta dinamizatzailea Denon Artean saria da, euskal kooperatibismoak ematen duen aintzatespenik handiena.

Bigarren edizio honetan Nazioarteko Kooperatiba Aliantzarentzat (ACI) da saria –lehenengo edizioan, 2018an, Jose Maria Arizmendiarrietari eman zitzaion, hil ostekoa–. Ariel Guarco ACIren presidenteak jasoko du saria urriaren 6an, asteazkena, Kursaalean egingo den ekitaldian.

Nazioarteko Kooperatiba Aliantza kooperatiben munduko bozeramailea da. 1895ean sortu zen, eredu kooperatiboa sustatzeko asmoz, eta 112 herrialdetako 318 erakunde biltzen ditu. Federazioko ordezkaritza erakundea da, eta ahots globala eta ezagutza, esperientzia eta ekintza foro koordinatua eskaintzen ditu munduan dauden 3 milioi kooperatibentzat.

Ariel Guarco (Coronel Pringles – Buenos Aires, 1969) da ACIko presidentea, 2017ko azaroaz gero. Albaitari medikua da lanbidez, baina duela bi hamarkada baino gehiago hasi zen kooperatibismoan bere jaioterriko kooperatiba elektrikoan, 2007an lehendakaritzara iritsi arte. Ordutik aurrera, hainbat kooperatiba erakundetan hasi zen karguak betetzen. 2011z geroztik, Argentinako Konfederazio Kooperatiboko presidentea ere bada. ACIren presidente hautatu zutenetik, lider kooperatibista honek 40 herrialde baino gehiago zeharkatu ditu kontinente guztietan, kooperatibismoa sustatzeko eta mundu iraunkorrago eta solidarioago baterako alternatibarik onena dela aldarrikatzeko.

Denon Artean saria, CSCE/EKGKk eta KONFEKOOPek bultzatutako saria, urriaren 6an (asteazkena), 18:00etan, emango da Donostiako Kursaalean. Estatuko eta nazioarteko kooperatiba mugimenduaren ordezkari ugari izango dira han.

Topaketa kooperatiboak

Aitorpen hori dela eta, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak egitura kooperatiboak Donostian biltzea lortu du, hainbat topaketa egiteko.

Lan Elkartuko Kooperatiben Konfederazioak (COCETA) urteko batzarra egingo du asteazkenean, hilak 6, Donostiako Tabakalera eraikinean. Esparru berean, Espainiako Nekazaritzako Elikagaien Kooperatiben Konfederazioak jardunaldi bat antolatu du, Kooperatiben Estatuko Legea aldatzeko proposamena aztertzeko.

Egun horretan beste bilera batzuk ere izango dira, hala nola CEPESen zuzendaritza batzordea edo Irakaskuntza Kooperatiben Batasunak antolatutako lanbide heziketari buruzko lan mahai bat.

Europaren presentzia

Europako ekonomia sozialak ere ekitaldi garrantzitsua izango du Denon Artean sariaren testuinguruan. Salbuespen gisa, Europako Parlamentuko Social Economy taldea Donostian bilduko da, hainbat europarlamentarirekin.

Bilera hau Social Economy Europe erakundeak antolatu du. Erakunde hori Europako ekonomia sozialaren erreferentea da, eta Europako ekonomia sozialeko 2,8 milioi enpresa eta erakunde ordezkatzen ditu. Erakundeak taldearen idazkaritza lanak egiten ditu, aholkularitza estrategikoarekin, eta ekonomia sozialeko ekosistema osoarekiko elkarrizketa errazten du.

1990ean sortu zen Social Economy taldea, eta Europako Parlamentuaren, EBko gainerako erakundeen, estatu kideen eta ekonomia sozialaren arteko etengabeko elkarrizketa bermatzeko balio du, baita negozio eredu horiek Parlamentuaren legegintza lanean eta legegintzakoa ez denean sartzeko ere. Iaz berritu ondoren, Ekonomia Sozialerako Europako Ekintza Planean lan egin du taldeak, eta Europako Batzordeak urtea amaitu baino lehen onartuko du.

Zuzenbide kooperatiboaren jardunaldia

Bilera horien guztien aurretik, Gezkik (EHUko Zuzenbide Kooperatiboaren eta Ekonomia Sozialaren Institutua) Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluarekin lankidetzan antolatutako jardunaldi bat egingo da Donostian, urriaren 1ean, nazioarteko zuzenbidearen testuinguruan kooperatiben euskal legea aztertzeko.

CSCE/EKGK

Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak Donostian gauzatuko diren ekintza horiek guztiak balioetsi nahi ditu, Euskadi mundu mailako eredu kooperatiboan erreferente gisa indartzen dutelako.

Izan ere, Kooperatiben Goren Kontseilua entitate berezia da kooperatiben munduan, estatukoa, Europakoa eta mundukoa, bere izaera publiko-pribatuagatik, beste berezitasun batzuen artean. Hala, Eusko Jaurlaritzako, foru aldundietako, euskal unibertsitateetako eta KONFEKOOP-Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko ordezkariek osatzen dute, ordezkaritza nagusiarekin.

Kooperatibismoaren arloko kontsultarako erreferentea izateaz gain, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren eginkizun nagusia kooperatibismoa sustatzea eta hedatzea da, eta hori argi geratu da Denon Artean saria ezartzean.

 

 

 

 

 

Lagundu zaitzakegu?

Jarri gurekin harremanetan eta behar duzun guztian lagunduko zaitugu!