KONFEKOOPek eta Cajamar kutxak kooperatibak sustatzeko hitzarmena sinatu duteAkordioari esker, sektore arteko enpresa-elkarteko kide diren 1.300 kooperatiben proiektuak eta jarduerak finantzatu eta bideratuko dira.

Rosa Lavín Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko lehendakariak eta Eduardo Baamonde Cajamarreko lehendakariak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute gaur, Euskadin kooperatibismoa sustatzeko, eta euskal kooperatiben enpresa bideratu eta bultzatzen laguntzen duten finantzaketa-lerroak emateko.

Akordio horren arabera, elkartutako kooperatibek Cajamarren finantzaketa-lerroak eta maileguak eskuratu ahal izango dituzte, honetarako: kooperatibak sortzeko edo integratzeko, inbertsio berrietarako, nazioarteko negozioetarako, likidezia ematen duten produktuetarako, autokontsumoko proiektu fotovoltaikoetarako, kapital sozial kooperatiboari ekarpenak egiteko eta belaunaldien arteko erreleboa errazteko.

Era berean, KONFEKOOPeko langileek eta bazkideek partikularrentzako produktuak eta zerbitzuak baldintza berezietan izango dituzte eskura.

Eduardo Baamonde Cajamarreko lehendakariak aintzat hartu du «sektore kooperatiboak ekonomiaren martxa onerako duen eginkizun estrategikoa, bere gaitasuna eta erresilientzia erakutsiz, enplegua eta lurraldeen garapena lehenetsiz». Eta orain inoiz baino beharrezkoagoa dela gaineratu du, «izan ere, enpresa kooperatiboen jarduera garrantzitsua da pandemiak sorturiko krisi ekonomikoa atzean uzteko».

Rosa Lavín lehendakariaren iritziz, akordioa KONFEKOOPen estrategiaren baitan kokatzen da: «kooperatibismoari laguntza gehiago eta hobea ematean, enpresa kooperatiboen lehiakortasuna indartzen eta hobetzen laguntzean, eta aldi berean kooperatiben balioak bultzatzean».

 

Lagundu zaitzakegu?

Jarri gurekin harremanetan eta behar duzun guztian lagunduko zaitugu!