Argitalpenak IrakaskuntzaErantzunkizun Juridikoa Irakaskuntzako Kooperatibetan
ERKIDE Irakaskuntzaren 2007ko Kudeaketa Planean, eta gai honi buruzko proiektu espezifikoan, zera genioen: “Irakaskuntza unibertsalizatzeak eta herritar askok beren eskubideen —besteak beste, ikasteko eskubidearen— kontzientzia hartzeak zerbitzu publikoen funtzionamenduaz erreklamazioak egitera eramaten ditu, eta ikastetxeetako ikasleen gero eta familia gehiagok jotzen dute epaitegietara; adibidez, eskola-esparruetan (edo horietatik kanpo eskolaz kanpoko ekintzak egiterakoan) gertaturiko istripuetan izandako lesioengatik kalte-ordaina eskatzeko.
Horrek egonezina sortzen du gure Kooperatibetako irakasleen, zuzendaritza-taldeen eta, oro har, arduradunen artean; zorionez, ez da ohiko egoera gure artean, baina, paradoxikoki, batzuetan egoeraren protagonista kooperatibako bazkideak izaten dira, beren eskubidea kooperatibaren edo bertako beste bazkide baten aurka erabiltzen dutelarik.
Erantzukizun zibileko aseguruek edo beste batzuek nolabait ere arindu egin dute prozesu horren efektua, baina espero izan behar da bere tamaina eta albo-ondorioak gehituz joango direla, eta, beraz, beharrezkoa iruditu zaigu agian gure artean hasi besterik egin ez diren arazo batzuei aurre egitea.”
Planteamendu horren emaitza gisa, bi lan-saio antolatu ditugu ERKIDE Irakaskuntzan elkarturiko kooperatibetako zuzendari- eta irakasle-taldeekin: parte-hartzea handia izan da, bai partaideen kopuru aldetik eta bai kualitatiboki (galdera kopurua, iritzi-emateak, iradokizunak, kasuen aurkezpena —epai judizialak barne—), eta gai honek gure kooperatibetan sortzen duen kezka erakusten du horrek guztiak.
Erabilitako materialak, egindako hausnarketa batzuk, planteaturiko kasuak, azterkizun dugun gaiarekiko lege-planteamenduak, epaiak eta kooperatibentzako aritze-gomendioak: horra hor egindako saioen emaitza eta aurkezpen honen ondorengo orrialdeetan agertzen den materiala. Material praktikoa da: Erantzukizun Juridikoaren kontzeptuaz beraz sarrera teoriko legala du, kasuen aurkezpena, eta azkenik kooperatibentzat hainbat gomendio eta jokabide-eredu.
Halaber, azken gogoeta bat egin nahiko genuke. Eskainitako gomendio eta jokabide-eredu horiekin ez dugu inor izutu eta ikaratu nahi, are gutxiago gure kooperatibetako irakasleak eta arduradunak. Kasu honetan ere gure zentzua edo sena erabili behar dugu, gertaera horietako gehienak saihestu ahal izateko beharrezko neurriak hartuz, eta ezinbestean gertatuko diren beste batzuen ondorioak ahalik eta arinenak izan daitezen.
Asko poztuko ginateke Sarrera honen ondorengo orrialdeetan egiten diren hausnarketak eta ekarpenak erabilgarriak izango balira ERKIDE Irakaskuntzan elkartutako kooperatibentzat eta horietan ari diren irakasleentzat.