KOONFEKOOP Lanbideren Administrazio Kontseiluan sartzeko prozesuaren mugarriak

KONFEKOOPek eta CONFEBASKek Eusko Jaurlaritzaren egoitzan sinatu dute mugimendu kooperatiboaren Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuan sartzea errealitate bihurtzen duen akordioa. Akordio honek mugimendu kooperatiboaren eskaera historiko bati erantzuten dio, eta 2010ean Euskal Enplegu Zerbitzua martxan jarri zenetik gogor lan egin dugu horretan. Akordio horri esker, gure esperientzia, ezagutza eta ibilbidea Euskadiko enplegu-politika aktiboak definitzen diren eremuan txertatuko dia.

  • 2024ko irailaren 13a

    KONFEKOOPeko lehendakari Rosa Lavinek eta CONFEBASKeko lehendakari Tamara Yagüek KONFEKOOP Lanbideren Administrazio Kontseiluan parte hartzeko akordioa sinatu zuten, lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburu Mikel Torresen aurrean.

  • 2023ko abenduaren 21a

    Eusko Legebiltzarrak Enpleguaren Euskal Legea onartu zuen. Lege horretan, KONFEKOOP eragile garrantzitsutzat hartzen zen enplegu-politiketan, eta Lanbideren Administrazio Kontseiluan parte hartzeko akordioa lor zedin eskatzen zen. Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko (KONFEKOOPeko) lehendakari Rosa Lavinek adierazi zuenez, espero zuen Enpleguaren Euskal Legearekin egindako urratsa baliagarria izatea enpresa kooperatiboak Lanbideren Administrazio Kontseiluan sartzeko, enpresa-alderdiaren barruan, Legea onartu zuten bi gobernu-bazkideek hartutako konpromisoari jarraikiz.

  • 2023ko azaroa

    KONFEKOOPek «Lanbide hobetzeko, kooperatibak Lanbiden» kanpaina abiarazi zuen. Haren bidez, agerian jarri nahi du Enpleguaren Euskal Lege berriak bultzatuko duen Lanbideren eraldaketa ezinezkoa izango dela enpresa kooperatiboek parte hartzen ez badute. Kanpaina idatzizko prentsan, online eta irratian zabaldu zen, eta KONFEKOOP aldizkariaren ale berezi bat argitaratu zen. Bertan parte hartu zutenen artean, Pedro Luis Uriarte, Gemma Zabaleta (Euskal Enplegu Zerbitzua bultzatu zenean arlo horretako sailburua zena), Juanjo Álvarez, Pilar Kaltzada, Ion Ansa, Eva Silván, Iñigo Eskiroz eta Emilio Olabarria aipa daitezke. Enpresa kooperatiboak Lanbiden sartzearen aldeko argudioak azaldu zituzten guztiek.

  • 2023ko maiatzaren 12a

    KONFEKOOP bertan izan zen Enpleguaren Euskal Legearen edukiari eta idazkuntzari buruz eztabaidatzen ari zen Eusko Legebiltzarreko Lan eta Enplegu Batzordean. Agerraldien prozesuan parte hartzen zuten erakundeen artean agertzeko eskaera gehien jaso zituen erakundea izan zen KONFEKOOP (Eusko Legebiltzarreko ordezkarien % 90ek eskatu zuten haren parte-hartzea).

    Agerraldi hartan, KONFEKOOPeko lehendakari Rosa Lavinek eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko lehendakari Patxi Olabarriak luze eta zabal azaldu zuten nazioarteko, Estatuko eta Euskadiko arau-esparruak enplegu-politika aktiboak zehazten diren guneetan parte hartzeko eskubidea aitortzen diela enpresa kooperatiboei, eta Euskal Enplegu Zerbitzuaren osaera erabakitzeko autonomia Eusko Jaurlaritzari. Zehaztu zutenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren txostena aldekoa zen, eta subiranotasunaren ordezkariei eskatu zieten mugimendu kooperatiboak Lanbiden parte hartzeko aukera berma zezaten.

    Agerraldiak legebiltzar-talde guztien balorazio positiboa jaso zuen. Argudioek zein erabilitako errespetu instituzionalak jaso zuten balorazio positiboa.

  • 2023ko apirilaren 4a

    Enpleguaren Euskal Legearen Proiektua Gobernu Kontseiluan onartu zen, Eusko Legebiltzarrean izapidetzen hasteko. Eusko Legebiltzarrean sartu zen Legearen proiektuak Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren aldeko txostena jaso zuen, eta, txosten horretan, enpresa kooperatiboek Lanbideren Administrazio Kontseiluan parte hartzeko aukera aitortzen zen.

  • 2022ko urriaren 19a

    «XXI. mendeko kooperatibismoa: tradiziotik balio-eredu berrietara» JARDUNALDIA. KONFEKOOPek eta Kooperatiben Goren Kontseiluak jardunaldi bat antolatu zuten Gasteizko Canciller hotelean, batetik lan-mundua bizitzen ari den eraldaketei eta bestetik enpleguari eta garapen ekonomikoari lotutako politikak zehazteko espazioak malgutu eta irekitzeko beharrari buruz, sindikatuez eta merkataritzaren esparruko enpresez gain beste eragile sozial eta ekonomiko batzuen partaidetza ahalbidetzearren. Jardunaldian, Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordea eta legebiltzar-taldeetako ordezkariak izan ziren.

     

  • 2022ko irailaren 21a

    Enpleguaren Euskal Legearen Aurreproiektua izapidetzen hasi zen. KONFEKOOPek alegazioak eta zuzenketa-proposamena aurkeztu zituen entzunaldiaren eta jendaurreko informazioaren izapidearen barruan.

    Enpleguaren Euskal Legearen Aurreproiekturako zuzenketa-proposamenaren asmoa zen KONFEKOOPek Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuaren administrazio-organoan parte hartzeko duen eskubidea txertatzea, Euskadiko enpleguaren esparruan garrantzi handia duen kolektibo bat —kooperatiben mundua— ordezkatzen duen sektore arteko enpresa-elkartea den aldetik.

  • 2022ko ekainaren 21a

    KONFEKOOPek «Enpresa kooperatiboak: beharrezko balioa gizartearentzat» manifestua sustatu zuen Sevillan, Kooperatibismoaren Munduko Topaketan. Bertan azpimarratzen zenez, mugimendu kooperatiboak konpromisoa hartu du kontzertazio sozialeko espazioetan parte hartzeko, hala nola elkarrizketa sozialeko mahaietan, kontseilu ekonomiko eta sozialetan eta herrialde-mailako estrategia eta plan ekonomikoak sustatu eta bultzatuko dituzten gobernu, enpresa eta langileen arteko foro guztietan.

    KONFEKOOPez gain, hauek aipa daitezke dokumentua sinatu zutenen artean: COCETA HISPACOOP, UECOE, CAE, CONCOVI, ACI COOP, COOP Health, CICOPA, ESPRIU Fundazioa, COOPCAT eta CEPES.

  • 2022ko martxoaren 29a

    Bilera egin zen Iñigo Urkullu lehendakariarekin eta Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarekin.

    KONFEKOOPeko lehendakariak eta zuzendariak eta Kooperatiben Goren Kontseiluko lehendakariak osatutako KONFEKOOPeko ordezkaritza bat Iñigo Urkullu lehendakariarekin eta Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarekin bildu zen. Pandemiaren aurretik egindako azken bileraren ondoren, lehendakariordeak konpromisoa hartu zuen legegintzaldi horretan bultzatuko zen eta enplegu-zerbitzuen sistema eta zorroa egituratu behar zuen Euskal Enplegu Sistemaren Legearen esparruan jasotzeko KONFEKOOP Lanbiden sartzeko aukera.

    KONFEKOOPek konpromisoa hartu zuen Enpleguaren Euskal Legea lantzeko prozesu osoan ekarpenak egiteko, eta enpresa kooperatiboek Lanbideren Administrazio Kontseiluan parte hartzeko aukera bermatuko zuen itun bat (indar politiko guztien artekoa) sustatzeko aukera planteatu zuen.

  • 2019ko abenduaren 20a

    11/2019 Legea, abenduaren 20koa, Euskadiko Kooperatibena, EHAAn argitaratu zen.

    156.1 artikuluan, euskal kooperatibismo osoaren bitartekari eta ordezkari gisa jarduteko berariazko «agente sozialtzat» jotzen da KONFEKOOP. 157.2 artikuluan, berriz, hauxe adierazten da: «Ziurtatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko kooperatiba-mugimenduak erakunde-ordezkaritza izatea lege honen 156.1 eta 163.2 artikuluetan aipatutako terminoetan, eta bultzatuko da kooperatibismoak ordezkariak eta solaskideak izatea kontsulta- eta erabakitze-eremuetan eta erakunde-ordezkaritzako organismoetan, baita hori pixkanaka araudian kontsolidatzea ere».

  • 2019ko ekainaren 12a

    Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Araubide Juridikoaren Sailburuordetzak legezko iritzia eman zuen euskal mugimendu kooperatiboa Lanbideren Administrazio Kontseiluan sartzearen egokitze juridikoari buruzko legez besteko proposamenaren inguruan.

    Eusko Jaurlaritzaren txosten horrek ezartzen zuenez, KONFEKOOP sektore arteko ordezkaritzarik handieneko enpresa-erakundeetako bat dela ikusten bada, aitorpen hori nahikoa izango da ordezkagarritasun-mailaren arabera dagozkion kideak izateko. Ez dago inolako eragozpen juridikorik ordezkaritza hori betetzeko. Beraz, borondate politikoko kontua da.

  • 2019ko martxoaren 27a

    Eusko Legebiltzarreko Enplegu, Gizarte Politika eta Gazteria Batzordeak EH BILDUk formulatutako 34/2019 legez besteko proposamena onartu zuen. Haren bidez, Eusko Legebiltzarrak Gobernuari eskatzen zion Euskal Mugimendu Kooperatiboak Lanbideren Administrazio Kontseiluan parte hartzeko aukeraren egokitze juridikoari buruzko txosten bat egiteko, 3 hilabeteko epean eta Araubide Juridikoaren Sailburuordetzaren baliabide propioekin.

     

     

  • 2017ko iraila

    Euskal Herriko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak eta Deustuko Unibertsitateak «Txosten juridikoa, KONFEKOOPek Lanbideko administrazio-kontseiluan parte hartzeko duen eskubideari buruzkoa» izenburuko baterako dokumentua egin zuten.

    Txosten horretan ondorioztatzen denez, aztertutako zuzenbide positiboan oinarrituta, Euskadiko kooperatiben esparruko sektore arteko ordezkaritzarik handieneko enpresa-erakundea da KONFEKOOP. Horren ondorioz, KONFEKOOPek eskubidea du Lanbideren Administrazio Kontseiluan parte-hartze instituzionala izateko, enplegu kooperatiboaren enpresa-interesen ordezkari gisa.

    Txosten hori Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari jakinarazi zitzaion.

  • 2012ko ekainaren 22a

    KONFEKOOPek idazki bat igorri zion Patxi Lopez lehendakariari, Lanbideren Administrazio Kontseiluaren barruan ordezkaritzarik handieneko bost enpresa-erakundeen artean sartzeko eskatuz.

    Eskaera LANBIDEren Estatutuak onartzen dituen 82/2012 Dekretua indarrean jartzean egin zen.

  • 2011ko martxoaren 30a

    5/2011 Legea, martxoaren 29koa, Gizarte Ekonomiari buruzkoa, BOEn argitaratu zen. Legeak ezartzen duenez, gizarte-ekonomiaren arloko erakunderik adierazgarrienek ordezkaritza izan behar dute autonomia-erkidegoetako administrazioetako parte-hartze instituzionalerako organoetan.

     

     

  • 2011ko otsailaren 25a

    KONFEKOOPek prentsaurrekoa eskaini zuen Bilboko Ercilla hotelean, informazio-gai bakarrarekin: Euskal Kooperatibismoaren bazterketa Lanbideren Administrazio Kontseiluan.

    Prentsaurrekoan, KONFEKOOPeko lehendakariak eta zuzendariak hartu zuten parte, KONFEKOOPeko kooperatiba-federazio sektorial guztietako lehendakariekin batera.

    Ia euskal komunikabide guztiak izan ziren, eta oihartzun handia izan zuen.

  • 2010eko uztailaren 27a

    EAJk legez besteko proposamen bat aurkeztu zuen, «Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eska diezaion euskal mugimendu kooperatiboa enpleguaren eta prestakuntzaren arloan LANBIDE erakunde publikoaren organoetan txertatzeko».

    PSE eta PP alderdiek osoko zuzenketa aurkeztu zuten legez besteko proposamen horren aurrean. PSE alderdiak zuzenketan proposatzen zuen «Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eska diezaion Enpleguaren Legean mugimendu kooperatibistak haren ondoriozko organoetan parte hartzeko aukera jaso dezan». Enpleguaren Legea 2022an hasi zen izapidetzen, hau da, 12 urte geroago, Idoia Mendia bigarren lehendakariordea eta Lan eta Enpleguko sailburua zela.

  • 2010eko ekainaren 23a

    Enplegatzaileek Lanbideren Administrazio Kontseiluan duten ordezkaritza arautzeari buruzko txosten juridikoa

    Martin Auzmendik landutako txostenean ondorioztatzen zenez, ez dago eskumen- edo lege-oztoporik beste ordezkaritza-erakunde batzuen (hala nola OSALANen) osaera finkatzeko garaian egin zen bezala Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa Administrazio Kontseiluan enplegatzaile gisa sartu ahal izateko. Txosten juridiko hori mugimendu kooperatiboaren argudio-oinarria izan zen sortu berri zen Lanbideren Administrazio Kontseiluan parte hartzeko aukera aldarrikatze aldera.

  • 2009ko abenduaren 31a

    Euskadiko 2009ko Aurrekontu Orokorren Legea (Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuaren sorkuntza arautzen duena) onartu zen.